Euskal Literatura XX. Mendean: Idazkera eta Teknikak
Clasificado en Lengua y literatura
Escrito el en vasco con un tamaño de 2,78 KB
Idazkera Berriaren Beharra XX. Mendean
XX. mendea oso bizia izan zen literaturari dagokionez. Historikoki eragin handia izan zuten mende hartan lehertutako bi Mundu Gerrek: gizakiaren pentsamendua erabat aldatu zuten, eta hori literaturan islatu zen. Gizakiaren aztoramendua azaltzeko, jadanik ez zuten balio istorioak kontatzeko molde zaharrek. Idazleek idazkera berria behar zuten. Gai eta forma aldetik aldaketa izan zen: pertsonaia eta istorio konplexuez gain, idazteko moduak ere konplexuago bihurtu ziren, irakurleari ahalegin edo parte hartze handiagoa eskatuz: bakarrizketa moduan idatzitako narrazio luzeak, denboraren zatiketak, hitzaren erabilera espaziala...
Gai eta Teknika Berriak Euskal Narraziogintzan
XX. mendeko bigarren erdiaren hasieran, frankismo betean, Euskal Herriko giro politikoa eta soziala nahasia zen. Gazteen artean inkonformismoa eta kritika ziren nagusi, eta giro haren ondorioetako bat izan zen balore tradizionalekiko haustura. Literaturan, esperimentazioa nagusitu zen idazteko baliabide gisa, bai forman, bai gaietan. 1957an, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegik Leturiaren egunkari ezkutua nobela existentzialista kaleratu zuen, gai aldetik berritasuna ekarriz. Lehen euskal pertsonaia konplexu eta gatazkatsua eman zigun Txillardegik: Leturia gaztea.
Ramon Saizarbitoriaren Ekarpena
Prosan idazteko teknikei dagokienez, Ramon Saizarbitoriak irauli zituen idazteko moldeak 1969an Egunero hasten delako liburuarekin. Nobela esperimentala zen Saizarbitoriarena. Haren lanean, eleberriaren forma mamia bezain garrantzitsua zen. Saizarbitoriak bere lehenengo lanetan erabili zituen tekniken artean, aipagarriak dira barne bakarrizketak, denbora jauziak, istorio desberdinen arteko collageak edota gaien inguruko ikuspuntu desberdinak. Saizarbitoriak forma aniztasuna eta idazketaren garrantzia utzi zituen agerian. Esan izan da Saizarbitoriaren eleberriak izan direla egokien islatu dutenak teknika narratibo modernoek euskal literaturan izan duten eragina.
Olerkigintzaren Molde Berriak
Olerkigintzaren berrikuntzan bi poeta izan ziren buru: Aresti eta Artze.
Gabriel Aresti da euskal poesiagintzan eragin nabarmenena utzi digun poeta. Bere lanen artean, 1964an kaleratutako Harri eta herri poema-liburuak izan zuen oihartzun handiena. Arestik poesia soziala egin zuen. Hark herri langilearentzat idaztea zuen helburu. Ondorengo poeman ikusten da poetaren helburua: herriagandik hartua herriari itzuli behar zaio. Horretarako, hizkuntza ulerterraza erabiltzen du, ez sinplea.
Joxean Artzek poesia bisuala jorratu zuen. Poemetan adierazi nahi zuena, hitzez ez ezik, haren formaren bidez ere komunikatzen zuen, hizkien tamaina handituz eta txikituz, poemari forma bereziak emanez...