Erromantizismoaren Jatorria Europan eta Bere Eragina Euskal Literaturan
Erromantizismoaren Jatorria eta Ezaugarriak
Erromantizismoak kultur joera edo mugimendu bat izendatzen du, klasizismoaren aurkakoa, XIX. mendean Europan nagusituz doana. XVIII. mende erditik aurrera Ingalaterrako eta Alemaniako literaturan agertuz doaz erromantizismoaren genero batzuk (eleberri eta komedia sentimentala, adibidez). Eragileak (bereziki Rousseau eta Herder) eta idazle goiztiarrak (Young, Goethe).
Erromantizismoa, sortzez, ilustrazioko argien eta arrazoiaren kontra jaiki zen. Filosofia aldetik, idealismoarekin garatzen da, eta, honen eraginpean, idealen munduan sinesten du. Materia, historia erreal eta eguneroko mundutik ihes egiten du, bere mundua sortuz, ametsari eta irudimenari leku eginez. Arteari dagokionez, subjektibismotik abiatuta estetika berri bat ekarriko du, baita bizitzeko modu berri bat ere.
Gizabanakoa eta Gai Nagusiak
Erromantizismoak gizabanakoaren beregaintasuna eta nagusitasuna predikatzen du, haren nitasuna, nortasuna, berezitasuna eta bakantasuna aldarrikatuz. Gizabanakoaren parean herrien nortasuna eta beregaintasuna, herri txikiena ere, aintzat hartzen ditu.
Erromantizismoaren gai orokor gogokoenak maitasuna eta izadia dira. Erromantikoen maitasuna izpiritua eta natura elkartzen saiatuko da. Izadiaren zaletasunean eta mirespenean gizabanakoak babesa eta lasaitasuna bilatzen du. Erromantikoek iraganera eta, batez ere, Erdi Arora jotzen dute beren eredu, gertaeren kokaleku eta iruditeriaren bila.
Erromantizismoa Euskal Literaturan
Euskal literaturan erromantizismoa poesian nabarmendu zen. Egileek garrantzi handiagoa eta beste estatus bat hartzen dute mugimendu honekin. Gainera, nitasuna bultzatzen du, poeta landuengan ez ezik, bertso-jartzaile eta aldi berean poeta hoberenengan eragina duena.
Erromantizismoak folklorezaletasuna eta herri kulturaren bilketak bultzatu zituen. Euskal folklorearen bilketan Juan Ignazio Iztueta aitzindaria da, euskal dantzen bilduma baliotsua argitaratu zuelako 1824an. Kultura aldeen artean (hizkuntza, ohiturak, musika, etab.), herri-literaturaren barruan (elezaharrak, herri-ipuinak, errefrauak...), herri-poesiak leku handia izan zuen.
Juan Ignazio Iztuetaren Figura eta Obra
Zaldibin jaio eta hil zen. Gipuzkerazko literatura zaharrean elizgizona ez zen idazle bakarra da, nortasun berezi eta konplexukoa. Presondegian egon zen; geroago, ordea, Donostian zerga-biltzaile eta presondegi-zaintzaile izan zen, eta, azken urteetan, bere sorterrian dantza-irakasle.
Iztuetaren Alderdi Anitzak
Idazle bezala alderdi anitzekoa da:
- Etnografoa edo folklorezalea
- Kondairagilea
- Bertso-jartzailea
- Hiztegigilea
Dantzei buruzko liburuagatik da, batez ere, ezaguna.
Obra Nagusiak
- Gipuzcoako Dantza gogoangarrien Kondaira edo Historia (1824)
- Gipuzkoako Probinziaren Kondaira edo Historia (1847)
Bertsoak ere ondu zituen Iztuetak, ahozko tradizioaren nahiz olerki idatziaren bidetik. Horietako batzuk ospetsu bihurtu ziren; adibidez, "Kontzeziri" eskainiak, kartzelan idatziak, "Maite bat maitatzen det maitagarria" bertsolerroz hasten direnak.
Jakintza arloko idatzietan hitz berri larramenditarren zaleena da Iztueta gipuzkerazko idazle zaharren artean; neurriz kanpo erabili zituen. Hitz berri horiek zailagotzen dute haren hitz laua. Bertsoetan, ordea, ez zuen halakorik erabili.