1839ko Urriaren 25eko Legea: Foruen Analisia eta Testuingurua

Clasificado en Historia

Escrito el en vasco con un tamaño de 5,45 KB

1839ko Urriaren 25eko Legearen Azterketa

Aurrean daukagun testua Gorteek idatzitako eta Isabel II.ak, garaiko erreginak, sinatutako 1839ko urriaren 25eko Legea da.

Iturri primarioa da, 1839. urtean onartu zelako eta urte horri buruz hitz egiten duelako. Madrilen idatzi zen, Espainiako hiriburua baitzen, sistema liberalaren finkapen garaian, Maria Kristinaren erregeordetza bitartean (Isabel II.a adin txikikoa baitzen).

Testua juridikoa da, lege bat delako eta artikuluetan banatuta dagoelako, baina kutsu politikoa ere badu, foruek jasandako aldaketei buruz mintzo delako. Publikoa da, Euskal Herriko biztanle guztiei zuzenduta dagoelako, eta honen helburua foruen egoeraz informatzea da.

Testuaren Egitura eta Ideia Nagusia

Testua ondorengo ideia nagusiaren inguruan egituratzen da:

  • Gobernuak Foruak mantenduko dituela onartzen du, baina 1837ko Konstituzioaren menpe jarriko ditu.
  • Nafarroa eta Euskal Probintziak entzungo ditu, nahiz eta azken hitza Gobernuak izango duen bere intereseko aldaketak ezartzeko.

Testuinguru Historikoa: Sistema Liberalaren Finkapena (1833-1875)

1833. urtetik 1875. urtera sistema liberalaren finkapena eman zen. Aro hau erreginordeen garaiarekin hasi zen. Maria Kristina izan zen lehena, 1833tik 1840ra bitartean. Fernando VII.a hil zenean, bere alaba Isabel adin txikikoa zen.

Testuaren Analisia: Sarrera eta Erreginordetza

Testua artikuluekin hasi baino lehen sarrera batekin hasten da. Sarrera Isabel II.a aipatuz hasten da. Adin txikikoa zenez, bere ordez Maria Kristina, bere ama, izan zen erreginorde 1840. urtera arte, eta gero Esparterok hartu zuen haren lekua.

Jainkoaren Grazia eta Monarkia Konstituzionala

Sarreran "Jainkoaren graziaz" agertzeak erlijioaren garrantzi handia adierazten du oraindik, erregea Jainkoak aukeratua zela esaten baitzen.

Jarraian, Espainiako monarkiaren Konstituzioa aipatzen da, Espainiak monarkia konstituzionala duela esan nahi duena. Horrek adierazten du erregeak ez duela botere guztia, Montesquieuren botere banaketa dagoela:

  • Legegilea
  • Betearazlea
  • Judiziala

Gorteek idatzi zutela eta Maria Kristinak eta Isabel II.ak berretsi zutela adierazten da.

Foruak: Euskal Herriko Pribilegio Historikoak

Foruak euskaldunon pribilegioak ziren XVI. mendetik, gure ohitura eta usadioak lege bihurtuta. Autonomia ematen ziguten erregearen aurrean, gainerako probintziekin konparatuz, ekonomia, justizia eta administrazio eskubide bereziak genituelako.

1812tik aurrera, hainbatetan jarri ziren zalantzan, harik eta 1876an Kontzertu Ekonomikoak behin betiko ordezkatu zituen arte.

Foru Erregimenaren Ezaugarriak

Euskadi eta Nafarroako probintzietan foruak ezberdinak ziren, bakoitzak bere lege propioak baitzituen. Foru erregimenaren ezaugarri nagusiak hauek ziren:

  1. Foruen Zina: Erregeak foruak onartu behar zituen.
  2. Foru-Baimena: Erregearen legeak Batzar Nagusietan onartu behar ziren.
  3. Izaera Ordezkatzailea: Autonomia ematen zuten, nahiz eta boterean dirudunak egon.

Hiru instituzio nagusi zituzten:

  • Batzar Nagusiak: Botere legegilea.
  • Aldundi Nagusia: Botere betearazlea.
  • Korrejidorea, Ahaldun Nagusia edo Erregeordea: Botere judiziala.

1839ko Legearen Artikuluak eta Ondorioak

1. artikulua: Foruen Berrespena eta 1837ko Konstituzioa

1. artikuluak dio Euskal probintzietako eta Nafarroako foruak berresten direla, hau da, mantentzen direla, beti ere 1837ko Konstituzioari kalterik egin ezean.

1837ko Konstituzioak Soberania nazionala, eskubide indibidualak eta Gorte bikameralak ezarri zituen. Artikulu honek ateak ireki zizkion foruen abolizioari, Gobernuak nahi zuenean esan ahal zuelako Konstituzioari eraso egiten ari zirela. Hemendik aurrera hasi zen foruen amaiera, pixkanaka-pixkanaka.

Nafarroan, ordezkariekin bildu ondoren, Lege Hitzartua eman zen.

2. artikulua: Egokitzapenaren Aplikazioa

2. artikuluak dio foruen egokitzapen hori Euskal probintziekin batu ondoren aplikatuko dela eta probintzia batzuetan bakarrik izango duela eragina.

Amaiera eta Garrantzi Historikoa

Testuaren amaieran Maria Kristina erregina gobernatzailearen sinadura agertzen da, baita data ere: 1839ko urriaren 25a. "Jauregia" aipatzean Madrili buruz ari da, Gorteen jauregia bertan baitzegoen.

Lege honek garrantzi handia izan zuen euskaldunen historian. Izan ere, ordura arte zituzten eskubide ia guztiak galdu zituzten. Liskar handien sorbide izan zen, eta euskaldunek gogor borrokatu zuten haien egoera ahalik eta onena izan zedin.

Foruen bidez, industrializazioa garatzea lortu zuten, Espainiako gainerako probintziekiko alde handiak sortuz. Foruak galdu baziren ere, pribilegioen zati txiki bat mantendu zen, gaur egun dugun egoera (Kontzertu Ekonomikoa) edukitzea ahalbidetu zuena.

Esparteroren Erregeordetza (1840-1843)

1840tik 1843ra bitartean Espartero izan zen erregeorde. Bere gobernatzeko modua oso autoritarioa eta pertsonalista zen, eta hori zela eta oposizio handia izan zuen. 1843. urtean progresista eta moderatuek altxamendu bat egin zuten, eta ondorioz Esparterok kargua utzi eta erbestera joan behar izan zen.

Entradas relacionadas: