1876ko Konstituzioaren Analisia eta Testuingurua
Clasificado en Historia
Escrito el en vasco con un tamaño de 5,17 KB
1876ko Konstituzioa
Sarrera:
Aurrean dugun testua 1876ko konstituzioaren zati bat da, beraz, testu juridikoa da. Testuan bertan agertzen den bezala, hartzailea herritar guztiak dira, horregatik, testu publikoa da. Testu historikoa da, lehen mailako informazio iturria delako. Egileak erregea eta Gorteak dira, baina Cánovas del Castillo garaiko protagonista ere aipatu behar dugu, bera izan zelako inspiratzailea eta erredakzioa zuzendu zuena. Alfontso XII.a, Isabel II.aren semea, 1875etik 1885era izango da errege, eta Gorteetan alderdi kontserbadorea zen nagusi. Madrilen, 1876ko ekainaren 30ean. Berrezarkuntzaren hasieran kokatzen da.
Azterketa:
Testu hau bi zatitan banatuta dago. Lehenengo zatia, sarrera (1-4 lerroak), testuaren egileak agertzen dira: erregea eta Gorteak, erregea agintari gisa agertzen delarik. Bigarren zatiak (5-27 lerroak) artikuluak biltzen ditu:
- 11. Artikulua: Erlijioaren eta gobernuaren arteko harremana agertzen da. Lehenengo, konfesionaltasunaren aldarrikapena agertzen da, gero askatasun erlijiosoaren adierazpena.
- 13. Artikulua: Eskubideen aldarrikapena zehatza eta zabala agertzen da.
- 18. Artikulua: Botere legegilea Gorteek eta erregeak dutela esaten da, hau da, subiranotasun partekatua.
- 19. Artikulua: Bi ganbera daudela esaten du: Senatua eta Diputatuen Kongresua.
- 20. Artikulua: Botere legegilea goiko ganberaren esku dagoela dio, hau da, Senatua aldarrikatzen du.
- 28. Artikulua: Botere legegilea Kongresuko kideek osatzen zutela dio.
- 50. Artikulua: Botere betearazlea erregeak duela dio; hor ikusten da erregearen agintea.
- 75. Artikulua: Aginte judizialak legearen aurrean berdintasuna guztientzat bilatzen duela, eta Cánovas del Castillok lege bat atera zuela euskal foruak abolitzeko dio.
Iruzkina:
Testua garai historiko batekin erlazionatuta dago, hain zuzen, Berrezarkuntzaren hasieran gertatuko diren aldaketekin. Sandhursteko aldarrikapenaren bitartez, Alfontso XII.a erregegai gisa agertuko da. 1874ko abenduan, Martínez Camposek estatu-kolpe bat emango du, eta, ondorioz, Alfontso XII.a errege aldarrikatu zuten. Horrela hasten da etapa berri bat: Berrezarkuntza. Seiurteko Iraultzailearen aurreko egoerara itzuli nahi da. Goi-mailako klaseak eta erdi-mailakoak nekatuta daude hainbeste aldaketa politikorekin. Cánovas del Castillo etapa berriaren protagonista izango da, bera delako, hain zuzen, Alfontsoren erregegaitza bultzatu zuena. Gobernuburu berria izango da, eta monarkiazale guztiak Alfontso XII.aren inguruan biltzea lortu zuen. Gainera, Berrezarkuntzaren garaiko sistema politiko berria sortu eta bultzatuko du: sistema kanovista.
Lehenik eta behin, konstituzio moderatu berri bat idatziko da, liberalismoaren barruko adar guztiak bildu ahal izateko eta garai iraultzaileari amaiera emateko. Helburua da, beraz, ordena publikoa berreskuratzea eta txandakatzean oinarritutako sistema ezartzea. Horretarako, aipatzen ari garen konstituzioaz gain, beste oinarrietako bat indar politikoen arteko adostasuna bilatzen zuena izan zen, bi alderdi liberal handien antolamenduarekin:
- Alderdi Kontserbadorea: Cánovas zen buruzagia, eta garai bateko moderatuak eta unionistak bildu zituen.
- Alderdi Liberal Fusionista: Liberal progresistak bildu zituen. Buruzagi nagusia Práxedes Mateo Sagasta izan zen.
Bi alderdiak boterean txandakatu ziren, aurrez hitzartutako moduan. Txandakatze eraginkorra lortzeko, hauteskundeen manipulazioa beharrezkoa zen; horregatik, bi alderdien txandakatzea hauteskunde-iruzurrean oinarritu zen. Nekazaritza-inguruetan, jauntxoek herrietako botazioak kontrolatzen zituzten, eta hauteskundeetako azken emaitzak aldatu egiten zituzten, une horretan gobernatzen zegokion alderdiaren alde. Horretarako, jauntxoek indarkeria erabili zuten, botoak erosi zituzten eta hauteskundeetako zerrendak aldatu zituzten, bi alderdi nagusiek erabakitako pertsonak aukeratuak izan zitezen.
Konklusioa:
1876ko Konstituzioaren garrantzia handia zen, monarkia konstituzionala eta sistema bipartidista ezartzea lortu zuelako. 1845eko Konstituzioaren herentzia moderatua jaso zuen, baina, esan den bezala, 1869koaren aspektu nagusi batzuk ere bildu zituen: norbanakoaren eskubideei dagokiona, adibidez. Testu irekia eta malgua idatzi zen, horrela egoera desberdinetara egokitzea ahalbidetu zen. Berrezarkuntza-sistemak ondo funtzionatzeko ezinbesteko tresna izan zen konstituzio hau, eta horrela izan zen Alfontso XII.aren erregealdian eta Maria Kristinaren erregeordetzan. Cánovas del Castillo hiltzen denean, sistemak porrot egingo du. Alfontso XII.aren erregealdiarekin batera, beherakadan sartuko da. Konstituzioa indarrean mantenduko da 1931ra arte. Aurretik, Primo de Riveraren diktaduran, ez da kontuan hartuko. Amaitzeko, esan behar da Konstituzio honek ez zituela espainiarren beharrak eta arazoak konpondu: erregearen gehiegizko aginteak gobernuaren ezegonkortasuna ekarri zuen, baita desberdintasun sozialak eta gizartearen zati handi baten miseria ere.