1929ko Cracka eta Depresio Handia
1920ko hamarkadako ekonomia-hazkundea bat-batean gelditu zen 1929an. Urte horretako urrian, New Yorkeko burtsak porrota izan zuen, eta horren ondorioz, Estatu Batuetako inbertsioek eta ekonomia-jarduerak behea jo zuten. Herrialde horrek zuen nagusitasun ekonomikoa zela-eta, krisia berehala munduko krisi ekonomiko bihurtu zen, eta 1930eko hamarkadako zenbait urte iraun zuen.
Burtsaren Crackaren Zergatiak
New Yorkeko burtsaren gainbeherak, 1929ko crack ospetsuak, krisi ekonomiko larria leherrarazi zuen. Baina krisi horren zergatiak sakonagoak izan ziren, eta 1920ko hamarkadako desoreka ekonomikoetan izan zuen jatorria.
- Industria-sektore tradizionalen krisia (ehungintza, ikatza, siderurgia eta ongintza) areagotu egin zen crackaren aurreko urteetan. Nekazaritza etengabeko krisian egon zen 1921etik aurrera, eta hura ere areagotu egin zen.
- Zabalkunde handiena izan zuten industria-sektoreetan ere –automobilgintza eta etxetresna elektrikoen ekoizpena–, 1927rako, soldaten erosahalmenaren eta errenten beherakadaren ondorioak agerikoak ziren. Egoera are gehiago larriagotu zen kontsumorako ondasunak askotan kredituen bidez erosten zirelako eta, beraz, kontsumoa etorkizuneko sarreren mende zegoelako.
- Eraikuntza-sektorean ere krisia sortu zen, merkatuaren egoera zela-eta. Krisi hori 1925 inguruan hasi zen etxebizitza partikularren eraikuntzan, eta 1928an, merkataritza-eraikinetan.
Egoera hori arriskutsua izan arren, 1927tik 1929ko udaberria bitartean New Yorkeko burtsako akzioen balioak hazten jarraitu zuen, eta horrek inbertitzaile asko erakarri zituen. Baina burtsaren egoera oso ahula zen, desoreka handia baitzegoen ekonomia errealaren geldialdiaren eta akzioen hazkunde izugarri horren artean. Egoera horrek burbuila espekulatibo ikaragarria sortu zuen: tituluen balioa ez zetorren bat enpresen benetako irabaziekin. Gainera, jende askok kredituak eskatzen zituen akzioak erosteko. 1929ko udaberrian, akzioak jaisten hasi ziren, ekoizpenaren eta eskariaren uzkurduragatik. Gainera, bankuak mailegu gutxiago ematen hasi ziren burtsako agenteei.
Ostegun Beltza eta Burtsaren Porrota
Inbertitzaileek atzera egin zutenean, kotizazioak bat-batean jaitsi ziren, eta izua sortu zen akzioak kreditu bidez erosi zituztenen artean; horrenbestez, akzioak saltzen saiatu ziren, diru gehiago ez galtzeko eta zorrak ordaindu ahal izateko. Horrela, 1929ko urriaren 24an (Ostegun Beltza esaten zaio), bat-batean 13 milioi akzio jarri ziren salgai, eta ez zegoen ia eskaririk.
Izua hedatu egin zen eta hil horretako 29an beste 16 milioi eta erdi akzio jarri ziren salgai. Merkatua erabat gelditu zen, eta burtsako balioen erorialdiak 1933 arte jarraitu zuen.