1939ko Erantzukizun Politikoen Legea: Azterketa eta Ondorioak
Clasificado en Historia
Escrito el en vasco con un tamaño de 5,33 KB
Sarrera: Testuaren Kokapena
Jarraian aztertuko dudan iturri historikoa 1939ko otsailean promulgatutako Erantzukizun Politikoen Legearen pasarte bat da. Testu juridikoa da eta eduki politikoa du, legearen izenburuak argi uzten duen bezala. Haren egilea Franco da, 1936ko estatu-kolpea eman zuen militarretako bat eta, une hartan, Espainia 'nazionaleko' estatuburua eta gobernuburua. Hartzailea kolektiboa da: Espainiako biztanleei zuzenduta dago orokorrean, baina bereziki Fronte Popularraren edota Errepublikaren alde egon zirenei. Izan ere, nazio esparruko testua izan arren, gerrako galtzaileei ("gorriei") zuzenduta dago, matxinoen ustez Gerra Zibilaren erantzuleak zirelako, eta legea, hain zuzen ere, horiei aplikatuko zaie.
Testua publikoa da, Estatuko Aldizkari Ofizialean (Boletín Oficial del Estado) argitaratua. Egilearen asmoa, gerra irabazita ikusita, ordaina eskatzea da, modu aktiboan zein pasiboan, 'matxinada gorrian' parte hartu zutenei erantzukizunak egozteko eta II. Errepublika babestu zutenei zigorra ezartzeko.
Legea Francok sinatu zuen Burgosen, militar matxinoen zuzendaritza militarra eta Espainia 'nazionaleko' Estatuaren buruzagitza bertan baitzeuden kokatuta. Testuaren data, 1939ko otsailaren 13a, esanguratsua da: hain justu, Francoren tropek urtarrilaren amaieran Bartzelona okupatu zuten, eta Katalunia erortzear zegoen. Gerra amaitzear zegoen, eta etorkizuna prestatzen hasiak ziren.
Analisia
Aztertutako testuaren egituran bi atal nagusi bereiz daitezke. Batetik, sarreran, legearen helburua eta zigorrak ezartzeko arduradunak zehazten dira. Bestetik, legea egituratzen duten zenbait artikulu agertzen dira.
Legearen Helburua eta Auzitegiak
Lehenengo paragrafoan legearen helburua agertzen da. Francoren ustez, 'matxinada gorriaren' arduradunei epaitegian erantzukizunak eskatzeko unea iritsi zen. Esan bezala, Francoren tropek Katalunia menderatu ondoren, nazionalen garaipena ia ziurtatuta zegoen.
Bigarren paragrafoan, legeak ezarritako delituak epaituko eta zigorrak ezarriko dituzten auzitegietako kideak zehazten dira:
- Armadako kideak (militarrak, agintean daudenak).
- Magistraturakoak (epaileak, itxura judiziala emateko).
- FET y de las JONSeko kideak (1937ko apirileko bateratze dekretuak sortutako eta erregimen frankistak onartutako alderdi bakarra).
Legearen Edukia: Artikulu Nagusiak
Ondoren, hiru artikulutan zehazten da lege honen edukia:
1. artikulua: Erantzukizun politikoak zituztenak (epaitu beharrekoak) zehazten ditu. Delituak bi alditan bereizten dira: batetik, 1934ko urriaren 1etik 1936ko uztailaren 18ra bitartean egindakoak («ordena publikoa larriki hausten lagundu zutenak»); bestetik, bigarren data horretatik aurrera egindakoak («matxinada gorriari lagundu ziotenak»). Lehenengo etapan 1934ko Urriko Iraultza deiturikoa gertatu zen: Lluís Companysek Kataluniako Estatua aldarrikatu zuen eta Asturiasko meatzari eta langileek iraultza egin zuten. Dekretuak ekintza horietan parte hartu zutenei (pertsona indibidualei zein alderdi politikoei edota sindikatuei) ordena publikoa haustearen eta iraultza politikoaren erantzukizunak leporatzen dizkie. Bigarren etapan, 1936ko estatu-kolpetik aurrera, 'Mugimendu Nazionalaren' aurka modu aktiboan edo pasiboan aritu zirenak ere erantzule politiko deklaratu zituen. Artikulu honek argi uzten du legearen atzeraeraginezko izaera nabarmena.
Azken bi artikuluetan legearen ondorioak agertzen dira:
2. artikulua: Legez kanpo uzten ditu:
- Fronte Popularra osatu zuten edo harekin bat egin zuten alderdi eta talde politiko zein sozialak (besteak beste, Izquierda Republicana, Unión Republicana, PSOE, PCE, POUM, UGT...).
- Erakunde separatistak eta nazionalistak (horien artean, EAJ, EAE-ANV eta ELA-STV).
- Oro har, 'Mugimendu Nazionalaren' garaipenari modu aktiboan edo pasiboan oztopoak jarri zizkioten erakunde eta pertsona guztiak.
3. artikulua: Xedatzen du legez kanpo deklaratutako alderdiek eta erakundeek mota guztietako eskubideak eta ondasunak galduko dituztela, Estatuaren esku geratuz.
Hala, legearen bidez, gerra irabaztear zegoen bando nazionalak bere aurka egindakotzat jotzen zuen edonor jazarri zuen, Errepublikaren alde egiteagatik erantzukizunak eskatuz.
Balorazioa
Erregimen berriak garaileen eta garaituen arteko zatiketa iraunarazi zuen, errepresioa instituzionalizatuz. Lege honekin, Fronte Popularreko alderdi politikoak, sindikatuak, hura babestu zutenak edo haren inguruan aritu zirenak (sozialistak, errepublikarrak, komunistak, anarkistak, nazionalistak...) legez kanpo utzi zituen. Etorkizunean antolatzeko aukera ere galdu zuten, baliabide materialak (egoitzak, finantzak, eskubideak...) konfiskatu zitzaizkielako eta, aurrerantzean, klandestinitatean aritzera behartu zituztelako.
Lege honen ondorio zuzenak argiak dira: askatasunak eta eskubide guztiak desagerrarazi ziren, eta segurtasun eza nagusitu zen, mesfidantzan oinarritutako gizartea sortuz. Salbuespenik gabe, edonor izan zitekeen susmagarri eta zigortua. Beraz, esan daiteke Erantzukizun Politikoen Legeak erregimen frankistaren errepresioa legeztatu zuela eta diktaduraren lehen urteetako tresna politiko eta errepresibo garrantzitsuenetako bat izan zela.