Agintaria Nor Izan Behar Da?: Platonek Dioenez
Clasificado en Otras materias
Escrito el en vasco con un tamaño de 2,57 KB
NOR IZAN BEHAR DA AGINTARI?: Platonen ustez, jakintsua, hau da, heziketa jaso eta bukaeran ongiaren ideia gorena ezagutu duena izan behar da agintari.
Aldiz, sofistek lege naturalen arabera jokatu behar dela defendatzen dute eta haien baitan bi korronte ezberdinetan bereizten ditugu: Alde batetik, batzuen ustez indartsuena izan beharko da agintari, hau baita naturan indarrean dagoen legea. Beste batzuek, ordea, denok berdinak garela esanez, herria bere osotasunean agintari izan behar dela defendatzen dute. Horrela, hauen ustez demokrazia izango da gobernu mota egokiena.
Platonen teoriaren alde, esan beharra dago heziketa oso garrantzitsua dela, izan ere, hau ongiaren ideia ezagutzeko beharrezkoa izango da, eta soilik ezagutza hori eskuratzen dugunean izango gara gai hiria zuzentasunez gidatzeko.
Horrela, arrazoimena baliatuz eta ongia zer den ezagutuz ongia eta gaizkia bereizi ahalko ditugu. Ondorioz, agintaria; hiria gidatzerakoan; zuzenak diren ekintzak eta ez direnak hautemateko gai izango da eta azken horiek baztertuz zuzentasunaren aldetik bideratuko du hiria.
Ostera, agintaria jakintsua ez bada, interes eta konbenientziek gidatuta jokatuko du eta horrek hiriaren hondamena eragingo du.
Platonek dioenez, zama handiko itsasontzia hondoratzear dagoenean, bertakoak salbatzeko eta itsasontzia bera ere salbatzeko erabakiak kapitainak hartu beharko ditu, hura baita jakintsua.
Sofisten teoriari dagokionez, indartsuena, naturak horrela hautatu arren, ez da inoiz agintari izango, horrela eginez gero faxismoa emango delako hirian, eta desoreka izugarria eratuko delako bertan.
Beste alde batetik, eta sofisten bigarren pentsamoldea aztertuz, hiritar guztiek ezingo dute gobernatu heziketa jasotzen ez duten bitartean.
Hiri bateko agintari edo agintariek ikuspegi edo jarrera kritikoa azaldu behar dute, eta jakintsu izan behar dira hiriaren arazoak gobernatu ahal izateko. Aldiz, heziketa jaso ez duten herritarrak agintean jarriz gero guztiz kontrakoa emango da eta gainera, aginte hori manipulatzeko oso erraza izango da (demagogia eta populismoa). Aipagarria da, baita ere, herritar bakoitza bere gurari eta interesen bidez mugitzeko arrisku handia dagoela eta horrek ere desoreka eragingo duela hiri barruan.
Laburbilduz, heziketadun herri jakintsua izan beharko da agintari. Heziketaren bitartez zuzentasunean oinarritutako hiria eratzeko gaitasuna izango dute eta herriaren osotasunaren bitartez herriaren benetako eta amankomuneko interesak bermatuko direlako.