Agustin Hiponakoa: Askatasuna, Gaitza eta Bi Hiriak

Clasificado en Filosofía y ética

Escrito el en vasco con un tamaño de 6,57 KB

1. Askatasuna eta Jatorrizko Bekatua

Pelagianismoa doktrinaren arabera, jatorrizko bekatuak Adan eta Evarengan soilik izan zuen eragina; hortaz, gizakia ez dago kaltetuta. Gizakiaren askatasuna aldarrikatzen du, eta bere esfortzua erabiliz zoriontasuna lortzeko erabakiak hartu ahal dituela dio. Ondorioz, Jainkoaren boterea ukatzen du.

Agustinen ustez, aldiz, jatorrizko bekatuaren menpekotasuna azpimarratzen du. Berarentzat, Gaitz Morala jatorrizko bekatuan datza: gizakiok erabaki egokiak hartzeko gaitasuna kaltetuta dugu. Horregatik, Jainkoaren laguntza edo grazia ezinbestekoa da Jainkoa maitatzeko (eta ez mundu fisikoa), eta horrekin batera benetako zoriontasuna lortzen dugu. Gauzak horrela, askatasuna ez da nahi duguna egitea, baizik eta behar duguna egitea benetako zoriontasuna lortzeko.

Agustin, kristau bezala, Intelektualismo Moralaren premisaren kontra ere zegoen (ongi jokatzen du ongia ezagutzen duenak). Bere ustez, gizakiak bi aukera ditu bizitzaren aurrean:

  • Batetik, mundu fisikoa eta bere plazerrak maitatzea (cupiditas), hau da, gauza aldakorrak eta ustelkorrak.
  • Bestetik, Jainkoa maitatzea (caritas), perfektua eta betierekoa dena.

Ez da erraza aukeratzea, jatorrizko bekatuaren ondorioz; hortaz, Jainkoaren laguntza behar dugu ondo erabakitzeko.

2. Gaitzaren Arazoa Agustinen Filosofian

Agustinek hiru gaitz mota bereizten ditu:

2.1. Gaitz Metafisikoa

Gaitz metafisikoa sorkuntza eta izatearekin lotuta dago. Agustin manikeismoaren jarraitzaile izan arren, kristau bihurtu zenean horren kontra jarri zen:

  • Manikeismoa: Gizakia eta errealitatea bi printzipioren menpe daude: Ongia eta Gaizkia. Gaizkia substantziala denez, gaitza egiten denean erantzule bakarra Gaizkiaren printzipioa da.
  • Agustin (Kristaua): Jainko bakar batean sinesten du. Jainkoak errealitate guztia sortu duenez, gaitza ere sortu duela dirudi, eta horrek Jainkoaren ontasuna ukatzen du, arazo bat sortuz.

Aipatzekoa da Agustinek neoplatonismoaren eragina izan zuela. Plotinoren filosofian BATA zen errealitatearen oinarria, eta errealitate osoa jariotasun eta mailakatze prozesu baten bidez sortzen da. Hala ere, Agustinek ez zuen Plotinoren azalpena onartu arazoa azaltzeko. Bere ustez, Jainkoak ex nihilo sortzen duen errealitatea ona da, baina mailakatze prozesuan ontasuna murrizten da. Ondorioz, gaitza berez ez da existitzen, ontasun falta baino ez da.

2.2. Gaitz Morala

Intelektualismo Moralaren premisak dio: "Ongia ezagutzen duena ondo jokatzen du", hortaz, Jainkoa ez da beharrezkoa gizakiarentzat. Agustinek ez du aurrekoa onartzen, berarentzat bi aukera ditugu bizitzaren aurrean:

  • Mundu fisikoa eta bere plazerrak maitatzea (cupiditas).
  • Jainkoa maitatzea (caritas).

Honekin jarraituz, Agustinen ustez, gaitz morala jatorrizko bekatua da. Orduan, gizakiak Jainkoaren laguntza edo grazia behar du, kaltetuta gaudelako geuk bakarrik bizitzaren aurrean erabaki egokia hartzeko.

2.3. Gaitz Fisikoa

Gaitz fisikoa jatorrizko bekatuari lotuta dago, heriotza eta sufrimendua sortu baitzituen.

3. Ezagutzaren Teoria: Arrazoia eta Fedea

Platon hil zenean, bere jarraitzaileek Akademiaren zuzendaritza hartu zuten, eta Agustinen garaian eszeptizismoa zabaldu zen bertan. Eszeptikoek edo akademikoek ezagutza ziurra lortzeko aukera ukatzen dute, baina probabilismoaren alde zeuden. Horrexegatik, diote ezin dela bizitzari eta bizitza horri buruzko judizioei uko egin; hortaz, behin-behineko ezagutza lortu ahal da.

Agustin eszeptikoen kontra zegoen, ezagutza ziurra lortzeko aukera ukatzean, Jainkoaren beharra ukatzen dutelako. Kristautasunean, Egia bakarra da eta modu desberdinak daude lortzeko, baina guztiek helburu berdina dute.

Ondorioz, Agustinek ezagutzaren teoria sortzen du, arrazoia eta fedea erabiliz, fedea argitzeko:

  1. "Credo ut intelligam": Sinesten dut ulertzeko. Hau da, fedea da benetako ezagutza lortzeko bide bakarra.
  2. "Intelligo ut credam": Ulertzen dut sinesteko. Honekin esaten du fedeak eta arrazoiak elkarrekin lan egin behar dutela beti, helburua berdina dutelako: Jainkoa/Egia maitatzea.

Bestalde, eszeptikoen ustez, akatsek ukatzen zuten ezagutza ziurraren posibilitatea. Agustinek, berriz, esaten zuen akatsak egiten dituena existitzen dela.

Agustinen ezagutzaren teoriaren arabera, hasieran egia geure barnean dago, ez da beharrezkoa kanpoan bilatzea; geure borondateaz eta Jainkoaren laguntzarekin errebelatzen da. Egiaren bilaketa bide espirituala da, ez da kontenplatiboa, aktiboa baizik. Ezagutzaren prozesuan maitasunak bultzatzen du egiaren bilaketa, ezagutzaren azken helburua egia delako.

4. Historiaren Filosofia: Jainkoaren Hiria eta Lurrezko Hiria

410. urtean, bisigodoek Erroma sakeatu zuten. Beldurra zabaldu zen inperioan, eta familia aristokratikoek ihes egin zuten. Hondamendiaren ondoren, errua kristautasunari egotzi zioten: kristauek bakea nahi zutenez, inperioan indargabetu zirela eta, ondorioz, inperioaren armada ahuldu zela, barbaroek erraz irabaziz.

Agustinek arazo honi erantzun bat emateko, historiako azalpen intelektuala saiatu zen, erregela eta arauen bidez azaltzeko. Beraz, Agustini esker historia zentzuduna bihurtzen da.

Kontuan hartu behar da Agustinek azalpena eman arte, historia gertaeren multzoa baino ez zela. Agustinek, kristaua denez, historia aurrerantz doala uste du, hau da, kristautasunean historiak badu hasiera bat (Jainkoaren sorkuntzarekin) eta amaiera bat (Azken Epaiketa).

Agustinen ustez, historia osoa bi hirien arteko gatazka bukaezina da. Hiri hauek ez dira fisikoak, baizik eta bizitzaren aurrean bi jarrera:

  • Batetik, Lurrezko Hiriak, munduko plazerrak eta bere burua maitatzen dutenak irudikatzen ditu.
  • Bestetik, Jainkoaren Hiriak, Jainkoa beste gauza guztien gainetik maitatzen dutenak irudikatzen ditu.

Agustinen teorian, Jainkoak parte hartzen du historian eta historia zuzentzen du, gertatzen den guztia Jainkoaren borondateagatik baita. Ondorioz, ukatzen al da gizakiaren askatasuna? Ez. Gizakiaren askatasuna existitzen da, baina Jainkoak badaki gertatuko den guztia.

Agustinek ere erantzuna ematen die jentilei (kristauak ez direnak): Erroma ez zen erori kristau gehiegi egoteagatik, baizik eta Erromako pertsona guztiak kristauak ez zirelako. Hau ere esaten du: Jainkoa ez maitatzeak gizakia hondamendira eramaten du.

Entradas relacionadas: