Agustin Hiponakoa: Testuinguru Historikoa
Clasificado en Religión
Escrito el en
vasco con un tamaño de 2,81 KB
Agustin Hiponakoaren garaian nabarmendu beharreko bi gertakari historiko nagusi daude: Erromatar Inperioaren gainbehera eta kristau erlijioaren hedapen eta nagusitasuna.
Erromatar Inperioaren gainbehera
Agustinek Erromatar Inperio handiaren gainbehera lehen eskutik bizi izan zuen. Gertakari honek eragin izugarria izan zuen mundu osoan, eta gure filosofoan ere bai, Jainkoaren Hiria obra idatzi baitzuen horren ondorioz.
Erromatar Inperioaren krisia III. mendean hasi zen, mota askotako arrazoiak tartean zirela:
- Arrazoi politikoak (ezegonkortasun politikoa).
- Arrazoi ekonomikoak (krisialdi ekonomikoa).
- Arrazoi militarrak (Inperioa handiegia zenez, mugak hain zabalak izanda, ezinezkoa zen haren defentsa).
- Arrazoi sozialak (erromatar gizartea zatituta zegoen paganoen eta kristauen artean, komunitate bakoitzak balore eta ikuspuntu ezberdinak zituelako).
Krisiaren areagotzea eta banaketa
IV. mendean egoera gehiago okertu zen. Teodosio Enperadorearen heriotzaren ostean (395), haren bi semeek banatu zuten Inperioa, eta ondorioz, behin betiko bananduta geratu zen. 406. urtean germaniarrek Rhin ibaia zeharkatu zuten, eta 410. urtean Alarikoren godoek Erroma arpilatu zuten.
Kristautasunaren hedapena eta nagusitasuna
Bestalde, kristautasunaren hedapen arrakastatsua dugu aztergai. San Pauloren lanari esker nagusiki, jatorri juduko talde txiki bat zen kristautasuna izugarri hedatu zen gure aroko I. mendean, eta Erromatar Inperioko eskualde guztietara zabaldu zen, gizarte-klase askotako jendearengana iritsiz. K.o. II. menderako, kristau gehienak ez ziren jatorri judukoak.
Jazarpenetik erlijio ofizialera
Beren doktrina azkar hedatu zen arren, kristauen egoera ez zen batere samurra: jazartuak izan ziren autoritate erromatarrengatik, euren mezu iraultzailea mehatxu gisa interpretatu zutelako. Baina pixkanaka-pixkanaka, Inperioak kristautasunarekiko eta Eliza berarekiko zuen jarrera aldatuz joan zen:
- 313. urteko Milango Ediktuaren bidez, kristauek euren jainkoa askatasunez gurtzeko eskubidea lortu zuten.
- 380. urtean, Teodosio Enperadorearen eskutik, kristautasuna Erromatar Inperioaren erlijio ofiziala bilakatu zen.
Ortodoxiaren ezarpena
Dena den, kristau asko ez zeuden erabat ados egoera berriarekin. 385. urtean, Teodosiok kredo nizearra ezarri zuen Inperio osoan, eta gogor zigortu zituen herejeak. Hurrengo urteetan ere ugaritu ziren jentilen (paganoen) aurkako neurri politikoak, haien gurtzak eta zeremoniak debekatuz.
Horrenbestez, kristautasuna nagusi bihurtu zela esan dezakegu, eta horrek garai filosofiko berri bati hasiera eman zion.