Ahozko Adierazpena Hobetuz: Erronkak eta Estrategiak Ikasgelan
Clasificado en Lengua y literatura
Escrito el en vasco con un tamaño de 3,81 KB
Ahozko Adierazpenaren Erronkak Ikasgelan
Ikasleen Zailtasunak Azalpen Formaletan
Testuinguruan jartzeko, nire erronkaren ezaugarriak labur-labur azalduko ditut. Irakasleak bideoan azaltzen duenez, ikasleek azalpen formalak egiterakoan arazo handiak dituzte; hau da, eduki kurrikularren inguruan hitz egin behar dutenean ez dakite beren hitzetan nola azaldu eskatutako informazioa. Bestalde, ahozkoa egiterakoan ez dute ordena bat jarraitzen eta galdu egiten dira ideien garapenean. Gainera, testu baten laburpena egin behar dutenean, beren hitzetan adierazteko arazoak dituzte, euskaldunak izan arren. Aldiz, ikasleek norberaren bizipenak kontatu behar dituztenean, ahozko adierazpena askoz errazago egiten dute, baita euskara maiz erabiltzen ez dutenek ere. Beraz, arazoa ikasleek edukien gainean hitz egin behar dutenean gertatzen dela pentsatu genuen.
Ikasgelako Aniztasun Soziolinguistikoa
Bestalde, egoera soziolinguistikoa aztertuz, gelan ikasle aniztasun handia dago. Ikasleen jatorri linguistikoa kontuan hartuta, hiru talde nagusi bereiz daitezke:
- Batzuk ama-hizkuntza euskara dute eta euskara hutsean bizi dira.
- Beste batzuk, berriz, euskara eta gaztelania dituzte ama-hizkuntza eta giro euskaldun batean bizi dira.
- Gainerakoak, euskal hiztun berriak dira eta erdaldun giro batean bizi dira.
Hori dela eta, irakaslearen arabera, ikasgelan ulermen-maila desberdinak daude. Horrek adierazpenean ere asko nabari da. Ondorioz, ikasle batzuek azalpena oso laburra eta sakontasun gutxikoa egiten dute, eta beste batzuek, berriz, soltura handiarekin, hizkuntza-maila jatorrarekin eta adibideak jarriz.
Ahozko Gaitasunaren Garrantzia eta Garapena
Aipatutakoa kontuan hartuta, ikasleak ahozkotasunean trebeak izateko, eduki linguistikoez gain, pentsatzen eta sentitzen irakatsi behar zaie, eta ez hori bakarrik, hitzezkoak ez diren kode batzuk interpretatzen ere. Kode horien esanahia ahozko diskurtsoaren deskodetzeari gehitzen zaio. Arrazoi horiengatik, ahozko ekoizpenerako gaitasuna funtsezkoa da ikasle autonomoen prestakuntzan, eta ikasgelan lantzea ezinbestekoa da.
Irakaslearen Zeregina Ahozko Gaitasuna Sustatzeko
Output Esanguratsua eta Ikaskuntza Kolektiboa
Lan honen bidez, irakasleak ikasleei ahozko zein idatzizko testuak ekoizteko aukera eman behar die; hau da, outputa esanguratsua izan behar da. Ikaskuntza eraikuntza kolektibo gisa ulertzen da. Hortaz, ahozkoa lantzeko, irakasleak ikasleen arteko elkarrizketak sustatu behar ditu, non beren hizkuntzaren ezagutza eta ulermena lantzen duten.
Dakigunez, hizkuntza batean jariotasunez komunikatzeko, etengabe landu behar dira komunikazio-praktikan ulertu diren hizkuntza-elementuak eta mekanismoak. Horren harira, ikasleak motibatuta mantentzeko, testuinguru esanguratsuak sortzea funtsezkoa da; alegia, ikasleek parte hartzeko egokiak diren egoerak sortu eta garatu behar dira.
Irakaslearen Estrategiak eta Ikaslearen Autonomia
Prozesu horretan, irakasleak aldagai soziolinguistikoak (etxetik dakarten hizkuntza-jatorria) kontuan hartu beharko ditu, horrek baldintzatu egiten baitu ikasleen ahozko ekoizpenen garapena. Era berean, benetako komunikazio-autonomia lortu ahal izateko, irakasleak hainbat jardueren bidez ikasgelan komunikatzeko estrategiak garatu behar ditu.
Hala ere, askotan irakaslea da elkarrizketaren gidari, eta ikasleak, berriz, haren galderetara erantzutera mugatzen direla ikusten da. Baina ikaslea jardueren erdigunea izan behar denez, egoerara egokitutako jarduera desberdinak sortu behar dira. Hots, ikasleen aurre-ideiak kontuan hartuta, irakasle batek testuinguru interaktiboak proposatzea izan behar du helburu.