Alienazioa Filosofian: Esanahia eta Ikuspegiak
Clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en vasco con un tamaño de 3,8 KB
Alienazioa: Kontzeptuaren Jatorria eta Esanahiak
Batzuen ustez, “alienazio” hitza “alienus” termino latinotik dator, eta salmentetan erabiltzen zen, saltzen edo oparitzen zena izendatzeko. Zentzu horretan, objektu bat “alienatu”, oparitu ala saldu egiten da, hau da, gurea zen zerbait beste bati ematea. Beste batzuen ustez, hori ez da terminoaren esanahi bakarra: gaixotasun mentalarekin ere harremanatzen dute. Erich Frommek erabili zuen terminoa gaixotasun mentala izendatzeko, adibidez, neurotikoak ez direla beren ekintzen jabea adierazteko.
XIX. mendetik aurrera, Hegelek, Feuerbachek eta Marxek “alienazio” hitza beste esanahi batekin erabili zuten. Honekin ez zuten gaixotasun mentala izendatzen, baizik eta geure buruarengandik galdu dugun beste alderdi bati egiten diote erreferentzia.
Hegelen Ikuspegia: Ukapena Dialektikan
Hegelen filosofian, alienazioa prozesu dialektikoan kokatu behar dugu, “ukapena” bezala. Espiritua materian azaleratzen da eta mugagabea mugatu bihurtzen da. Hegelen ustez, une hau guztiz positiboa eta beharrezkoa da, dialektikaren motorra baita.
Feuerbachen Alienazioaren Kontzeptua
Feuerbachek Hegelen ikuspuntua aldatu zuen: autokontzientzia izan beharrean, gizakia da alienatuta dagoena, gizaki konkretua. Ez da espiritu absolutuaren fasean gizaki errealaren alienazio horren ezabatze idealistaren zain egon behar, gizaki konkretu eta naturala delako erreala. Alienazioa ez da prozesu dialektikoaren une aberasgarria, baizik eta “desrealizazioa”, gizakiaren galerako unea izango baita.
Feuerbachen ustez, alienazio egoeran gizakiak bere irudimenaren produktuak errealitatetzat hartzen ditu. Motarik garrantzitsuena erlijiosoa da. Horretan, terminoen kontraesana ematen da, subjektuaren eta predikatuaren artean: Jainkoak ez du gizakia sortzen; gizakiak sortzen du Jainkoa, haien ezaugarri onenak eta positiboenak proiektatuz. Jainkoa gizakiaren produktua da, baina “alienus” bihurtzen da eta gizakiak menperatzen du. Feuerbachek mantentzen zuen alienazioa kontzientzian zegoela eta kontzientziaren ekintza baten bidez desegin zitekeela.
Marxen Alienazioaren Analisia
Marxek kontzeptu hau berreskuratu zuen. Esperientzia erlijiosoa ez da benetan existitzen den zerbaiten esperientzia, alienazio mota bat besterik ez da. Marxek hiru arrazoi nagusi aipatzen zituen horretarako:
- Irreala den zerbaiten esperientzia delako. Feuerbachen teoriari jarraituz, Marxek esaten zuen gizakiak sortzen zuela Jainkoa. Gure buruaren proiekzio horrek bizitza propioa hartzen du eta kontrajartzen da benetan sortu duen subjektuarekin: Jainkoa betierekoa da eta gu, mugatuak; Jainkoa guztiz perfektua da eta gu, berriz, ez. Ondorioz, gizakiak bere burua eta mundua desbalorizatzen ditu.
- Erlijioak mundu honetatik desbideratzen du gizakia: salbazioa eta zoriontasuna ez dira mundu honetan lortuko, baizik eta balizko mundu transzendentean. Horretan inbertitzen den indarra, gaitasuna eta energia ez dira erabiltzen baldintza sozialak, ekonomikoak eta politikoak aldatzeko, eta, ondorioz, egoera injustu eta onartezinak luzatzen dira. Marxek erlijioa “herriaren opio” bezala definitzen zuen.
- Erlijioa, normalean, boterean dauden klaseen alde egon da, dagoen egoera injustua arautuz.
Marxek proposatu zuen erlijioa gainditzea. Horretarako, klase-sistema suntsitu behar zela argudiatu zuen. Hau da Marxen eta Feuerbachen erlijio kritiken arteko desberdintasun nagusia: Feuerbachen ustez, erlijioa ahalegin intelektual baten bidez gainditu zitekeen; Marxek, berriz, gizartearen baldintza materialak aldatu behar zirela mantentzen zuen.