Alienazioa eta Laneko Poztasuna: Seemanen Azterketa

Clasificado en Otras materias

Escrito el en vasco con un tamaño de 2,54 KB

Alienazioaren Azterketa Soziologikoa

3.5. Alienazioaren azterketa enpirikoa: Melvin Seeman eta Zailtasunak

Melvin Seeman-ek, alienazioaren kontzeptua enpirikoki egiaztatzeko asmoz, bost dimentsio bereizten ditu alienazioaren baitan:

  1. Botere gabezia.
  2. Araurik eza.
  3. Esangura falta.
  4. Bakardadea edo isolamendua.
  5. Norbere buruari ihes egitea.

Horren guztiaren helburua, azken batean, pertsona baten alienazio-maila neurtuko duten eskala ezberdinak sortzea da.

Helburu horren bilaketan hanka-sartze eta akats nabarmenak egin dira, ordea. Hala nola ondoko hau: sarritan parekatu (identifikatu) egiten ditugu laneko poztasuna (edo asetasuna) eta norbere garapena (autorrealizazioa), batetik, eta laneko poztasun eza (asetasun eza) eta alienazioa, bestetik. Baina kontzeptuok ez bereiztea eta berberak balira bezala modu nahasian erabiltzea ez da teorikoki, inondik inora ere, onargarria. Argi ditzagun segidan ezberdintasunak.

3.6. Alienazioa eta poztasuna lanean

Lehenago esan bezala, gizakiaren eta, zehatzago, langilearen alienazioa, bere gaitasun propioak garatzea eragozten dioten egoerek sorrarazten dute, pentsamendu filosofikoaren arabera behinik behin. Horrela, produkzio bideen jabetza sistema, lanaren banaketa eta enpresaren egitura dikotomikoa, besteak beste, langilearengan poztasun eza, inpotentzia eta nahigabea eragiten dituzten aldagai edo baldintza objektiboak (egiturazkoak) dira.

Hala ere, langilearen erreakzio subjektibo horiek ez dira irizpide erabakigarriak egoera alienatzaile baten aurrean gauden ala ez baieztatzeko. Baizik eta, langileak erakusten dituen sentimenduak edozein izanik ere, egoera baten egiturazko ezaugarriak izango dira egoera horren izaera askatzailea edo alienatzailea adieraziko digutenak; izan ere, kontuan hartu beharrekoa baita honako hau:

  1. Gerta liteke langile bat bere benetako egoeraz ondo ez jabetzea eta, ondorioz, pozik eta ase dagoen sentimendua (sentimendu desegokia) agertzea.
  2. Era berean, beste kasu hau ere jazo liteke: alegia, nahiz eta egoera alienatzaile bat jasaten ari dela jakin (kontziente izan), langilea ohitu eta egokitu egin daiteke egoera horretara, bere aurka alferrik borroka egiteak ondorio kaltegarriak ekarriko dizkiolakoan.

Labur-labur, eta bukatzeko, aipa dezagun lanean pozik egotea eta alienazioa errealitate ezberdinei dagozkien bi kontzeptu direla. Eta ez da komeni biak nahastea.

Entradas relacionadas: