Amerikar Iraultza: Gatazka, Independentzia eta Konstituzioa

Clasificado en Historia

Escrito el en vasco con un tamaño de 2,66 KB

Amerikar Iraultza: Gatazka eta Independentzia

Gatazka 1775eko apirilean hasi zen. Gertaera horiek akuilatuta, hamahiru koloniek Independentzia Adierazpena egin zuten, 1776ko uztailaren 4an. Britainiarrek, ordea, ez zuten onartu kolonien independentzia, eta, hala, kolono matxinoek, George Washington buru, gudarostea antolatu zuten metropoliaren kontra borrokatzeko.

Gerraren Bilakaera eta Bakea

Gerrak bost urte iraun zituen. Hasieran, britainiar "atorra gorriak" nagusitu ziren, harik eta Saratogan galdu zuten arte (1777). Frantziak eta Espainiak amerikar "abertzaleekin" bat egin zuten, Britainia Handiak itsasoan zuen nagusitasuna deuseztatzeko. Hala, matxinoek gero eta indar handiagoa hartu zuten, eta britainiar gudarostea menderatzea lortu zuten Yorktownen (1781). Versaillesko Bakean (1783), Britainia Handiak Estatu Batuen independentzia aitortu zuen.

Kanada britainiar kolonia gisa geratu zen.

Ondorioak: 1787ko Konstituzioa

Filadelfiako Biltzarrean, 1787ko Konstituzioa osatu zuen batzarrak, George Washington buru zuela.

Konstituzio berri hark herri subiranotasuna eta errepublika federala ezarri zituen, botere zentralaren eta estatuetakoen artean banatuta baitzituzten gobernu funtzioak. Era berean, oinarrizko askatasunei buruzko eranskin bat atxiki zioten, zeinetan aipatzen baitziren erlijio askatasuna, inprimatzeko askatasuna, elkartzeko askatasuna eta atxilotze arbitrariorik ez jasateko askatasuna, besteak beste.

Botere Banaketa Konstituzioan

1787ko Konstituzioak oreka bilatu zuen botere banaketan:

  • Botere Legegilea: Kongresuaren esku gelditu zen. Hari zegokion legeak onartzea, zergak bozkatzea, estatu kide berriei onespena ematea eta gerra deklaratzea. Bi atal zituen: Ordezkarien Ganbera (sufragio zentsitarioz* bi urtez behin aukeratzen zena) eta Senatua. Kongresuko kideek immunitatea* zuten.
  • Botere Exekutiboa: Errepublikako presidenteari zegokion. Presidentea lau urtez behin aukeratzen zuen ordezkarien elkargo batek (zeharkako hautaketa* bidez). Presidenteak eskumen zabalak zituen, hala nola barne eta kanpo politika gidatzea, legeei betoa ezartzea edo gudarostearen buruzagi izatea.
  • Botere Judiziala: Azkenik, Auzitegi Gorenak zuen. Bederatzi epaile ziren; presidenteak izendatzen zituen, eta hil arte irauten zuten karguan. Auzitegiari zegokion Konstituzioa aplikatzen zela begiratzea eta estatuen arteko liskarra epaitzea.

Entradas relacionadas: