Aniztasun Funtzionala: Beharrak eta Arreta Integrala
Clasificado en Psicología y Sociología
Escrito el en vasco con un tamaño de 3,47 KB
Premiak eta Laguntzak
Aniztasun funtzionala dutenei zuzendutako esku-hartze terapeutiko eta sozialek pertsona horien bizi-kalitate gorena lortzea izan behar dute helburu. Bizi-kalitatea gorena izan dadin, ahalik eta autonomia handiena bermatu beharko litzateke, gizartean modu aktiboan inplika daitezen. Helburu horretara zuzendutako programa eta proiektuak egiteko, haien premiak ezagutu behar ditugu. Premiak lau taldetan multzoka ditzakegu:
- Autonomiari dagozkionak
- Komunikazioari dagozkionak
- Sozioafektiboak
- Hezkuntzan, gizartean nahiz lanean integratzeari dagozkionak
Autonomia Premien Arreta
Mugikortasun mugatua dutenek egunerokotasuneko jarduerak egiteko edo mugitu eta orientatzeko arazoak izaten dituzte, autonomiari dagokionez. Eragindako funtzioaren arabera, premiak desberdinak izango dira:
- Ikusmen-mugak dituzten pertsonak: Eremua eta orientazioa hautematea galarazten duen ikusmen-gabeziak eguneroko jarduera ia guztiei eragiten die. Halere, entrenamendu espezializatuaren, ingurune irisgarri baten eta produktu lagungarrien bidez autonomia garatzea lor daiteke.
- Entzumen-mugak dituzten pertsonak: Ingurunea irisgarriagoa egiteak asko laguntzen du; adibidez, mezu bisualak jartzea soinudun mezuen ordez (tinbreak, megafoniak, azpitituluak eta abar).
- Mugikortasun-mugak dituzten pertsonak: Anbulazioan eta objektuen manipulazioan arazoak izaten dituzte. Dauden laguntza-produktuek eta etxez etxeko laguntza-zerbitzuek eguneroko jarduerak egitea errazten dute.
- Muga kognitiboak dituzten pertsonak: Orientazioan eta oinarrizko trebetasunen ikaskuntzan zailtasunak dituzte (egokitzeko jokabidea). Gaitasun pertsonalaren mende daude, baina baita familiaren laguntzaren eta ingurune irisgarriago baten mende ere.
Premia Sozioafektiboen Arreta
Pertsonek beren ingurunearekin harremanak ezartzeko beharrezko trebetasunak eskuratzen dituzte, eta esperientzia horiek beren gaitasunen oinarria dira besteekiko elkarreraginean. Aniztasun funtzionala duten pertsonen premia sozioafektiboei ez zaie behar adina jaramonik egin, eta hainbat mitok gutxietsi ere egin dituzte: gizartean normaltasunez bizi ezin direnak, familiaren maitasuna eta laguntza dutenak, inorentzat erakargarriak ez direnak... (osagai morala edo karitatea). Familia- eta gizarte-ingurunetik (profesionala barne) behar bezala artatu behar dira, baliabideak eta laguntzak egokituz, ingurune normalizatuagoak ahalbidetzeko, helburu hauekin:
- Nork bere esperientzia afektiboak garatzea
- Sexu bereko edo desberdineko pertsonekin harremanak modu naturalean ezartzea
- Hezkuntza afektibo-sexuala
- Eskura dituzten baliabideei eta zerbitzuei buruzko informazioa eta orientazioa
- Beren buruari buruzko irudi egokia izan dezaten erraztea
Hezkuntza eta Gizarteratze/Laneratze Premien Arreta
Hezkuntzan Integratzeko Premiak
- Diagnostiko goiztiarra hezkuntza-beharrak detektatzeko
- Eskolatze arruntari lehentasuna ematea, beharrezko laguntzak eta curriculum-egokitzapen egokiak emanez, eskola-esperientzia normalizatuak bermatuz.
- Ikastetxe espezializatuetan eskolatzea
Gizarteratzeko eta Laneratzeko Premiak
- Enplegurako prestakuntza
- Kontratazioan laguntzea
- Sare soziala zabaltzea
- Esperientzia eta harreman normalizatuak
- Independentzia ekonomikoa