Antropogenesia, Hominizazioa eta Humanizazioa: Giza Eboluzioa
Clasificado en Psicología y Sociología
Escrito el en vasco con un tamaño de 4,38 KB
Antropogenesia gure arbasoetatik hasi eta gaur egungo giza espeziea eratzeko bidean egin diren prozesu eta etapen multzoa da. Oso bide luzea izan da: 4,5-7 milioi urte ingurukoa. Halaber, oso prozesu konplexua izan da, eta hainbat faktorek izan dute eragina.
Hominizazioa
Hominizazioa gizakien berariazko faktore fisiko eta biologikoak dira. Izaki bizidunak jasan ditugun aldaketak dira, denboran zehar, gure ingurumenak eraginda.
Humanizazioa
Humanizazioa kulturaren, gizartearen, teknikaren eta hizkuntzaren alorreko faktoreak dira. Espeziea gazteagotu zen heinean, gero eta urriagoa zen sen hura beste baliabide batzuekin konpentsatu behar zen, norbanakoek inguruan bizirik irauteko. Baliabide horiei guztiei esker eratu zen humanizazio prozesua.
Hominizazio Prozesuaren Ezaugarriak
Hominizazio prozesuko giza espeziearen aldaketen artean hauek daude:
- Bi oinetan ibiltzea: Hainbat hezurren eta artikulazioen aldaketa eragin zuen, garunaren garapenean ere lagundu zuen.
- Eskuak libre geratzea: Oinez ibiltzean, eskuak libre geratzen zitzaizkien. Horregatik, eskuak tresnak egiteko eta beste erabilera batzuetarako erabiltzen hasi ziren. Horren ondorioz, garuna are gehiago garatu zen.
- Heldu gabe jaiotzea: Gizakiak babes eta zaintza gehiago behar du beste edozein animaliak baino. Jaioberriei beste norbaitek zaindu behar die; horregatik, gizartekoitasunaren mende dago.
- Ekumenikotasuna: Giza espeziea unibertsal bihurtu da, eta Lurreko edozein tokitan bizitzeko egokitu da. Horrek askotariko fenotipoak sortu ditu, baina genetikoki desberdintasunik ez daukatenak. Horregatik, ez da arraza kontzeptua gizakion artean erabiltzen, denok baikara arraza berekoak.
- Barailezurra libre geratzea: Zutik eta eskuak libre izanda, barailezurrak ez zituen lan gogorrak egin behar. Horrek ahoa, laringea eta faringea aldatzea eragin zuen. Gainera, gizakien arteko ahozko hizkuntza konplexuaren agerpena eta garapena suertatu zuen. Elikagaiak ere jan aurretik prestatzen hasi ziren, sukaldaritzaren lehen urratsak emanez.
Humanizazioaren Faktoreak
Kultura
Kulturatzat hartzen dugu giza talde batek partekatzen dituen jakintza, sineste, portaera, ohitura, ideia, adierazpide, sentimendu, erakunde, teknika eta tresna guztien multzoa. Naturak jartzen dizkigun oztopo eta arazoak arrakastaz gainditzeko baliabide multzo bat sortzeko gai izan gara. Horrenbestez, kultura da, azken finean, gizakiok, nolabait behartuta, sortu dugun bizimodua. Hauek dira kulturaren ezaugarriak:
- Kultura-edukien transmisio-abiadura izugarria da.
- Kultura oso ageri zaigu gure biologiak emandako gaitasunen luzatze eta hedatze gisa. Kultura gure biologiaren mugak gainditzeko baliabide da.
- Kultura ikasi egiten da, ez gara berarekin jaiotzen.
Tresnak
Tresnak egitea eta sua kontrolatzea askotan erabili dira gizakiak animalietatik bereizteko. Gizakien gaitasun teknikoa ezin da goi-primate batzuen gaitasunarekin konparatu, nahiz eta hauek ere gaitasuna daukaten. Baina gizakion teknikak oso primitiboak izanda ere, konplexutasun handiko gaitasunak behar dira.
Gizartekoitasuna
Suaren kontrolak beste elikadura-ohitura batzuk bideratu zituen, sutan prestatutako elikagaiak agertu ziren. Suari esker, etxe baten antzeko zerbait sortu zuten garai hartako gizakiek, norbanakoak lankidetzan eta trukean jarduteko gunea, taldekideen arteko harremana sendotzea bideratzen zuena.
Helduen eta haurren arteko lotura ere indartu zen, haurrak behar bezala zaintzen hasi ziren, haiek baitziren gizakien etorkizuna. Gainera, ehiza egiterakoan taldeetan joaten ziren eta elkarrekiko koordinazioa funtsezkoa zen. Lehen aldiz, kide izatearen kontzeptua agertu zen, “gu” kontzeptua.
Hizkuntza
Giza espeziea hitz egiten duen espezie bakarra da, animaliak nolabait komunikatzen diren arren. Animalien hizkuntzak honako osagai hauek ditu: aurpegi-adierazpena, keinuak eta gorputz-jarrera. Osagai hauek genetikoki transmititzen dira, belaunez belaun.
Hizkuntza oso tresna eraginkorra da: gizarte-harremanak bultzatzen ditu, bizirik irauteko eginkizunetan lankidetza areagotzen du, eta ahozko mezuak igortzeko eta ulertzeko gaitasunarekin garuneko eremu batzuen garapena sustatzen du.