Antzerkia: Definizioa, Egitura eta Generoak

Enviado por beeflow y clasificado en Latín

Escrito el en vasco con un tamaño de 3,05 KB

Antzerkia: Arte Eszenikoaren Oinarriak

Jendeaurrean, aktore bidez, gertaera-segida bat irudikatzean datzan artea da antzerkia. Idazleak pertsonaia batzuk aurkeztu eta gertaera kezkagarri bat sortu, eta hortik abiatuta, intriga sortu behar du, ikuslearen jakin-mina pizteko.

Antzezlanaren Ezaugarriak

Antzezlanetan elkarrizketen bitartez erakusten zaizkigu pertsonaien ezaugarriak, haien arteko harremanak, gertakarien haria eta abar. Antzerki ikuskizun gehienak literatura testu batean oinarritzen dira.

Ikuskizunaren Elementuak

Ikuskizunaren elementu hauek ere eragina dute ikusleek antzematen duten mezuan:

  • Aktoreen ahots-doinu, keinu eta mugimenduek;
  • Aktoreen jantziek eta makillajeak;
  • Antzeztokiko dekoratu, objektu eta altzariek;
  • Emanaldian erabiltzen diren musikak eta argi eta soinu efektuek.

Antzerkiaren Onurak

Antzerkiak, gizakien arteko harremanak aztertzeaz gain, taldekideen arteko lan komuna bultzatzen du. Norberaren lotsak uxatzeko aukera paregabea da, eta hurkoaren lekuan jartzen laguntzen digu rol desberdinak jokatzerakoan. Irudimenari leiho handi bat irekitzen dio, gainera, eta pertsonaren baliabide ugariak azalarazten ditu, hala nola, ahotsa, gorputz-espresioa, keinuak, memoria, belarria, erritmoa... Zalantzarik gabe, balizko mundu posibleak amesten eta eraikitzen laguntzen digu.

Akotazioak: Eszenatokiaren Oharrak

Antzezlanaren hasieran edota elkarrizketetan —parentesi artean tartekatuta—, lana antzeztuko dutenei zuzendutako oharrak jar ditzake idazleak. Ohar horiei akotazio izena ematen zaie; eta aktoreen keinuei, pertsonaien janzkerari edo antzeztokiko dekoratuei buruzkoak izaten dira.

Antzezlanaren Egitura eta Generoak

Antzezlanaren Egitura

Antzezlana ekitalditan eta agerralditan banatzen da.

  • Ekitaldiak: Antzezlanaren atal nagusiak dira. Antzerki klasikoan, hiru edo bost ekitaldi izaten dira normalean; eta ekitaldi bakoitzean aldatu egiten da agertokia.
  • Agerraldiak (edo eszenak): Ekitaldiaren azpiko banaketak dira. Pertsonaia bat antzeztokitik irten edo antzeztokian sartzen den bakoitzean aldatzen da agerraldia. Jelkaldia ere deitzen zaio.

Antzerkiaren Azpigenero Nagusiak

Antzerkiaren azpigenero nagusiak hauek dira:

  1. Komedian: Eguneroko bizitzako arazoak eta ohiturak umorez eta ironiaz agertzen dira, ikusleei barre eragiteko. Pertsonaiak arruntak izaten dira, eta bukaera zoriontsua.
  2. Tragedian: Giza irrikek sortutako arazoak dituzten pertsonaiak agertzen dira, eta zorigaiztoko amaiera izaten du; heriotza eta guzti, sarri. Pertsonaiak, normalean, gizarte maila altukoak dira; eta hizkera jasoa eta landua.
  3. Draman: Ez du tragediaren edo komediaren muga esturik, alderdi tragikoak eta komikoak izan ditzake nahasian. Dramak den modukoa agertu nahi du eguneroko bizitza. Gaien analisi zorrotza eta gozotasuna konbinatzen ditu.

Entradas relacionadas: