Antzinako Grezia eta Erromako Artea eta Arkitektura

Clasificado en Arte y Humanidades

Escrito el en vasco con un tamaño de 4,63 KB

Greziako Artea: Mendebaldeko Oinarria

Mendebaldeko artearen bilakaeran arte erabakigarria izan da arte greziarra, Mendebaldeko historiako aldietan hainbestetan erreferentziatzat hartu, imitatu edo gainazpikatu izan dena. Baina, greziarrek ez baitzuten egun "arte" nozioaren bidez adierazten dugun horren ordaineko hitzik. Teknos izenaz baliatzen ziren, artisau lanen batean bideratu beharreko teknika edo antzea adierazteko. Lorturiko emaitzen perfekzio sinesgaitzarengatik ere, zurginen eta beste artisau batzuen maila berekotzat eta, apalagotzat zituzten eskultoreak eta pintoreak.

Geroago, Erdi Aroan, mesprezuz hartu zuen oro har eskulana balio aristokratikoak ahantzi ez zituen gizarte hark, eta merezimendu handiagoz hornitu zituen intelektualagotzat harturiko beste jarduera batzuk, hala nola musika, antzerkia, poesia, dantza edo deklamazioa, hau da, eskulanik eskatzen ez duten jardunak. Errenazimentura arte ez zen arte greziarraren sublimazioa iritsi eta, era berean, ez zen gizartean artistaren lana eta izaera egiaz aintzakotzat hartu.

Erromako Artea eta Arkitektura: Pragmatismoa eta Boterea

Bere historiaren lehen mendeetan zehar, Toskanako eta Umbriako lurraldeetan bizi zen etruriar herri indoeuroparrak menperatu zuen Erroma politikan eta kulturan. Grezia Handia (Magna Graecia) konkistatu ondoren, zuzeneko harremanak izan zituzten erromatarrek Greziako kulturarekin, orduz gero gehiago baloratu zutelarik arte adierazpen oro. Etruriarren eskutik ikasi zuten arkitektura-ordenen erabilera, ordena hauek egituran baino dekorazioan bideratu bazituzten ere.

Inperioa Ekialderantz hedatzean ezagutu zituzten erromatarrek neurrigabetasuna eta aberastasuna. Halatan, berezko zituzten elementu tradizionalak greziarrengandik eta Ekialdeko herriengandik jasotakoekin batu, eta Erromaren boterearen eta menpeko herrien aurrean zuen nagusitasunaren adierazpide izan zen Inperioko arkitektura. Ez zen, ordea, meritu hura horretara mugatu; pragmatismoa eta edertasuna batzen zituen joerak bultzaturik, eraikuntza moderno aurreratuenen moldeko obrak eraiki zituzten erromatarrek, eta artearen eta ingeniaritzaren eredu dira egun ere obra horiek.

Teknika aldetik, material egokienen (harria, adreilua, hormigoia) eta egitura mailako atal egokienen (arkuak eta gangak) arteko batasunaren ondoriozko emaitza ezin hobeak erakusten ditu eraikuntza erromatarrak.

Materialak Erromatar Arkitekturan

Harlandu eta adreilu ezagunez gainera, material berri bat erabili zuten erromatarrek: hormigoia, harriz eta karez eginiko orea, oso gogorra. Merkea eta moldagarria zen hormigoia, eta beroan isurtzen zen enkofratu batek eutsiriko molde baten barnean. Hormigoia hoztean gogortu egiten zen eta moldeko bi pareten tankera hartzen zuen. Material hau pobrea zenez, marmolez eta iztukuz estaltzen ziren ondoren ia eraikin guztiak.

Elementu Arkitektoniko Erromatarrak

Erdi-puntuko arkua (erdi-zirkularra) eta mota askotako gangak (erdiesferikoak, kanoi-gangak, kupulak eta, baita ere, ertz-gangak) izan ziren erromatarrek etruriarrengandik jaso eta erabili zituzten oinarrizko arkitektura-atalak. Mota askotako egituretan bideratu zituzten elementu haiek (estolderiak, tenplu handiak, termak, basilikak).

Dekorazio-elementu gisa erabili zituzten ordena greziarrak, korintiarra nagusiki, eta ordena berri batzuk bideratu zituzten:

  • Ordena toskanoa: Greziar doriar ordenan oinarritzen da, baina honek harroina eta fustea leuna ditu, eta frisoan ez ditu ez metoparik ez trigliforik.
  • Ordena elkartua edo konposatua: Joniarraren (kiribilduren) eta korintiarraren (akanto-hostoen) arteko konbinaziotik sortua.

Arkuak eta atalburuak, frontoi bihurriak eta friso ganbilak erabilita, amaiera eman zioten erromatarrek Greziako eraikinen estetika lasaiari, eta eraikin asimetriko eta, aldi berean, guztiz dinamikoak egin zituzten.

Kanpoaldearen gainetik barnealdea eta plastikotasunaren gainetik funtzionaltasuna hobetsi zituen espazio-kontzeptuaren zerbitzura zeuden materialak eta elementuak. Gizarte eta politikaren antolamenduaren arabera, ezinbesteko gertatu zen gizabanakoa Inperioko partaide sentiaraztea; baina, era berean, ondo gogoan eduki behar zuen partaidetza hori izugarri txikia izango zela beti Inperioaren handitasunaren aldera. Horregatik bideratu zituzten erromatarrek hain eraikin eta esparru itxi handiak. Hori bera sentitu behar zuen Urbseko biztanleak eta, hark bezala, urrunekoak ere. Urruneko hiritarrari begira eraiki zituzten ingeniaritzako obra handiak (galtzadak, zubiak, etab.), hiriarekiko komunikazioak okerrik izan ez zezan.

Entradas relacionadas: