Arendt eta Beauvoir: Pentsamendu Kritikoa eta Askatasuna

Clasificado en Filosofía y ética

Escrito el en vasco con un tamaño de 2,74 KB

Hannah Arendt eta Gaizkiaren Hutsalkeria

Bigarren Mundu Gerraren ostean, nazismoaren krimenak epaitzeko epaiketak egin ziren, horien artean Adolf Eichmannena. Eichmann Holokaustoko garraio-logistika antolatzeaz arduratu zen, eta 1961ean Jerusalemen epaitu zuten. Hannah Arendt pentsalariak epaiketa gertutik jarraitu zuen, eta bere Eichmann Jerusalemen lanean “gaizkiaren hutsalkeria” kontzeptua garatu zuen.

Eichmannen defentsa eta Arendten kritika

Arendten arabera, Eichmann ez zen munstro bat, ezta antisemitismo amorratua zuen psikopata bat ere, baizik eta burokrata arrunta, gogoeta sakonik egin gabe aginduak betetzen zituena. Bere defentsan, Eichmannek bi argudio nagusi erabili zituen: “Estatu Arrazoiaren” agindupean jokatu izana eta aginduak betetzearen erantzukizunpean jardun izana. Arendten ustez, ordea, estatu totalitarioek giza hausnarketa neutralizatzen dute, eta gizabanakoek gaitza normalizatzen dute, ekintzen ondorio moralik hausnartu gabe.

Pentsamendu kritikoa totalitarismoaren aurka

Eichmann errudun bihurtzen duena ez da gaiztakeria berezkoa, baizik eta hausnarketa ez egitea. Arendten arabera, totalitarismoa saihesteko gizarte demokratikoetan pentsamendu kritikoa eta parte-hartze aktiboa sustatu behar dira, herritarrak ez daitezen makineria burokratiko itsu baten parte bihurtu.

Simone de Beauvoir eta Bigarren Sexua

Simone de Beauvoirrek 1949an argitaratutako Bigarren sexua feminismoaren funtsezko lana da. Bertan, emakumeek historian zehar bizi izan duten menpekotasuna aztertzen du eta askatasunaren aldeko aldarria egiten du. Beauvoirren ustez, gizakiaren funtsa askatasuna da, hau da, bere burua definitzeko gaitasuna. Hala ere, emakumeek ez dute aukera hori izan, gizarteak haien rola aurrez ezarri duelako.

Emakume izatea: eraikuntza kulturala

Beauvoirrek erakusten du emakume izatea ez dela izaera biologiko baten ondorio, baizik eta eraikuntza kultural eta sozial bat. Horregatik dio: “Ez da emakume jaiotzen, emakume izatera iristen da”. Haurtzarotik, neskak gizon bati men egiteko hezten dira, eta beren errealizazioa amatasunarekin edo ezkontzarekin lotzen da. Horrek emakumeak etxeko esparrura mugatzen ditu, gizonen menpe jarriz.

Askatasuna eta berdintasuna feminismoan

Gainera, amatasuna morrontzatzat hartzen du eta emakumeek beren gorputzaren gaineko erabakia izan behar dutela defendatzen du, horregatik abortuaren eta kontrazepzioaren alde egiten du. Bere ustez, emakumeen benetako askatasuna lortzeko, independentzia ekonomikoa eta borroka kolektiboa beharrezkoak dira. Beauvoirrek sexuen arteko berdintasuna aldarrikatzen du, hierarkiak desegiteko eta emakumeek beren etorkizuna libreki aukeratu ahal izateko.

Entradas relacionadas: