Arendt eta Beauvoir: Totalitarismoa eta Genero Eraikuntza
Clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en vasco con un tamaño de 7,78 KB
Hannah Arendt: Gaitz Absolutua
Totalitarismoaren Jatorria: Gaitz Absolutua
Izenburu hori duen liburuak (lehen edizioa 1951koa, gerora zenbaitetan berrikusi eta osatua), XX. mendearen lehen erdian jazotako gertaera suntsitzaileen zergatia azaltzeko ahalegina islatzen du. Bigarren Mundu Gerra aurreko antisemitismoaren eta inperialismoaren (Alemanian) azterketa eginez hasten da, gero, Arendtek eredu beraren bertsio bi kontsideratzen dituen nazionalsozialismoa eta estalinismoa ikertzeko.
Haren ustez, politika maltzur horien agerpenak ez du aurreko mugimenduen jarraipen ezinbestekoa. Aginte mota berriak dira beldurrean (ez da boterea eskuratzeko tresna soilik, baizik eta helburua bere baitan) eta fikzio ideologikoan oinarrituak (mitologia zaharrak, irudikaturiko etorkizun ezin hobea, aukeratutako arerioaren deshumanizazioa…).
Totalitarismoen indarra banakotasuna galdutako masa edo osteetan gauzatzen da, haien obedientzia itsuan. Sinestuna ilusioa eragiten duen proiektu bateko partaide sentitzen da eta helburu horretara iristeko oztopo den oro (arraza edo ideologia jakin bateko edonor, …) ezabatu beharreko etsai gizatasunik gabea bihurtzen da.
Propagandaren bidez mugimenduak partaideak uniformatzea lortzen du lehenbizi, erradikalizatzea geroago eta edozer egiteko prest egotea azkenik, giza irizpide moral oinarrizkoenak eten eta “egin beharrekoa” ezinbesteko betebehartzat hartuta. Totalitarismoak jendearentzat erakargarri egiten dituena, sarritan, aurrez funtzionatzen zuten ereduen hutsegitea da, sistema politikoekiko konfiantza galtzea, alegia. “Argudiaketa antzuen” aldean, totalitarismoak ustezko erantzunak eskaintzen ditu (arazoen “benetako” zergatiez, haien “konponbideez”, …). Horregatik, propagandaren ataletako bat hasieran beti alderdien eta hauteskunde sistemaren ustelkeriaren kontrakoa izaten da.
"Eichmann Jerusalemen" eta Gaitzaren Hutsalkeria
1960. urtean, Israelgo zerbitzu sekretuek, milaka judutarren exterminioaren ardura izan zuen gizona, Eichmann, bahitu eta Jerusalemera eraman zuten, nazioarteko zuzenbidearen arauak urratuz. Buruzagi israeldarrek judutarren holokaustoaren mundu mailako agertoki bihurtu nahi izan zuten haren epaiketa (Nuremberg-eko epaiketetan izandako protagonismoaren, ustez, eskasiaren ordaina bilatzen zuten). Nazi ohia munstro huts, gaizkiaren isla hutsa gisa azaldu nahi izan zuten, bide batez.
Arendt, judua zen bera ere, epaiketaren kronika idaztera abiatu zen Jerusalemera. Haren interesa, ordea, bestelakoa zen: banako hark egindakoen atzean zeuden zergatiak argitzeko nahia. Auzian zehar polemika bizia eragin zuten alderdi ustekabekoak (epaiketaren antolatzaileentzat) piztu ziren, hala nola, judutarren eta, batik bat, haien buruzagi batzuen portaera gerra bitartean (borreroekiko nolabaiteko konplizitatea).
Epaiketak iraun zuen bitartean Eichmannek ez zuen ez gorroto, ez damurik erakutsi. Aldiz, berak aginduak eta legeak bete baino ez zuela egin argudiatu zuen behin eta berriz, “egin beharrekoa” egin zuela (kazetariei emandako elkarrizketetan egindakoak hanpatu eta harro zegoela adierazi zuen aurrez). Agindutakoa betetzearen aitzakiak Eichmanni ematen zion ardura-eza moralari deitu zion Arendtek “gaitzaren hutsalkeria”. Honen arabera jendea hiltzea ez litzateke ondo ala gaizki dagoen zerbait, ondo ala gaizki egiten den zerbait baizik (eraginkortasun administratiboa).
Arendten ustez, Eichmann gizon arrunta zen (hala iritzi zioten psikologoek ere), nortasunez sendotasun handirik gabea, totalitarismoak eragindako giroan “ezinbestean bete beharreko proiektu bateko partaide” sentitzera iritsi zena eta, hala, itsu-itsuan, egindakoaren on-gaizkian dudarik egin gabe aginduak bete zituena. Totalitarismoen eragin ezaguna da hori: nornahi irits liteke edozer egitera, epaitzeko ahalmen moral propioa “eteten” duen momentutik aurrera.
Horrek ez du esan nahi egindakoagatik epaitu edota zigortu behar ez denik (Arendt ados zegoen ezarritako zigorrarekin). Izan ere, gizaki izateak gure erabaki eta egien erantzukizuna hartzea ekartzen du. Eichmannek bazuen aginduei uko egiteko aukera (beste zenbaitek egin zuten bezala).
Arendten liburuak, Eichmann Jerusalemen; gaitzaren hutsalkeriaren inguruko ikerketa (1963), ez zuen harrera onik izan “munstroarekiko” jarrera ulerberegia erakusten zuela iritzi ziotenen artean.
Simone de Beauvoir eta "Emakumea"ren Kategoria
Zer da Emakume Izatea? "Emakume" Kategoriaren Problematizazioa
Zer da orduan emakume bat? Beauvoirrek "betiereko femeninoa" dagoenik ukatu egiten du. Gizon izatea edo emakume izatea ez da desberdin egiten gaituen esentzia jakin bat izatea, baizik eta jaiotzen garen sexu biologikoaren arabera gizarte-usadioek ezartzen dituzten jarduteko modu jakin batzuen arabera jokatzea.
Gizonak ez dira jaiotzen ausartak, gogorrak, borrokalariak, saiatuak eta emozionalki hotzak. Emakumeak zalantzati, sentikor, zirkunstantzietara egokituak, ahulak eta sentimentalak jaiotzen ez diren bezalaxe. Horrela izan daitezen hezten dira, eta ingurune osoak -familia, ikastetxea, lagunak, aisiak, modak eta ohiturak- mezu bera helarazten dietenez eta jokabide berdinak espero dituztenez, helduarora iristen dira, emakume gisa moldatuta.
Gizonezkoa dena eta emakumezkoa dena jaiotzatik helduarora arte fabrikatzen diren kultur produktuak dira. «Ez da emakume jaiotzen, emakume izatera iristen da» sententzia ospetsuarekin, eman zion zentzua Beauvoirrek generoa eraikuntza kultural gisa azaltzen duen teoriari.
Sexuak gizonak eta emakumeak bereizten dituzten ezaugarri biologikoei egiten die erreferentzia. Generoa gizarteak gizonei eta emakumeei esleitzen dizkien rol edo eginkizun desberdinekin erlazionatzen da, horrek jokabide eta jarrera desberdinak inplikatzen baititu. Esan dezagun sexua naturak espezie bateko arren eta emeen artean ezarritako desberdintasunei dagokiela, eta generoa, berriz, kulturak eta gizarteak gizonen eta emakumeen artean ezarritako desberdintasunei. Gayle Rubin antropologoak 70eko hamarkadan egindako kontzeptualizazio horren arabera, maskulinoa eta femeninoa genero/sexu sistema deritzonaren produktu sozialak dira, eta horren arabera, giza emea (biologikoa) emakume bihurtzen da (zapaldua). Sexua, genero bihurtuta, gizartea antolatzen duen printzipioa da, emakume batek zer egin dezakeen eta gizon batek zer egin dezakeen zehazten duena.
Sintesiak
Arendt (1)
Israelgo gobernuak aurkeztu nahi izan zuenaren kontrara, Arendtek ez zuen munstro gaizkilerik aurkitu Jerusalemen epaitu zuten gizon harengan (Eichmann). Aitzitik, giroak eramanda sekulako gaizkintzaren partaide izan zen gizon arrunt eta erdipurdikoa, beste edozeinen pareko izan zitekeena. Nazien gobernuak indarrean jarritako legeen arabera, bere irizpide moral propioa etenik, agindutakoa ahalik eta txukunen betetzen ahalegindu zen "funtzionarioa" (gaizkintza administratiboa), eskuartean zuenari, milioika lagunen sarraskiaren antolamenduari, lan "tekniko" hutsal baten modura erreparatu ziona.
Arendt (2)
Pasarte honetan Arendtek Eichmannen epaiketatik ateratako ondorio zinez kezkagarri batez ohartarazi nahi gaitu, totalitarismoen hedapenaren gakoaz hain zuzen ere, historia berriz errepikatu ez dadin inoiz. Nazismoak eragindakoa ez zen izan deabruzko banako gaizto bat edo batzuen jokabide isolatuen ondorioa, baizik eta ideologia gaixoti batek sortutako giro jakinean (etsaien asmatzea, haien deshumanizatzea, ...) "hutsaltzat" hartu, etikoki gaitzetsi ez, eta burutu zen gaizkintza programatua. Eta, hiltzaileen ardura zuzena ahaztu gabe (eta haiek zigortuz, jakina), totalitarismoen funtzionamendu-mekanismo hori da bereziki kezkatu behar gaituena.