Argazki-kamerak: Funtzionamendua eta Irudien Eraketa

Clasificado en Física

Escrito el en vasco con un tamaño de 3,46 KB

Sarrera

Argazki-kamerek gure begien funtzionamendua errepikatzen dute hein handi batean, kanpoko objektuen irudia osatu eta gordez. Gure kristalinoaren antzeko lentea dute, eta atzeko aldean, kamera ilun batean, film fotografiko sentikorra daukate erretinaren antzera, irudia eratzeko. Egungo kamera digitaletan, jasotako argi izpiak eragin elektromagnetiko gisa jasotzen dira, eta digitalizazioaren bidez irudiak osatzen dituzte.

Argazki-kameren Deskribapena

Argazki-kamera baten funtsezko elementuak hauek dira:

  • Gorputza: Kameraren euskarria da. Oinarrian kamera ilun bat da, argia jasotzeko zulotxo bat duena, eta alderantzikatutako irudia atzeko partean jasoko du, tamaina txikiagoan, horretarako egokituta dagoen film batean.
  • Objektiboa: Lente sistema konbergentea da, sinpleena lente bakarrekoa izanik. Lente horrek akatsik gabeko irudiak sortu behar ditu, eta, gainera, ahalik eta eremu zabalenean dauden objektuen irudiak gune berean osatzea komeni da. Magnitude horri fokapen-sakonera deritzo, hau da, aldi berean foka ditzakeen punturik hurbilenaren eta urrunenaren arteko distantzia.
  • Bisorea: Irudikatu nahi ditugun objektuei begira jartzeko leihatila da, objektuak enkoadratzeko balio du.
  • Diafragma: Kamerara argia sartzeko zirrikitua da, begiaren niniaren antzera. Xaflatxo metaliko batzuen bidez, tamaina alda daiteke, horrela, aldi berean, argi gehiago ala gutxiago sartuz.
  • Obturadorea: Argazkia ateratzeko kliskagailua zapaltzean ireki eta ixten den dispositiboa da, begiko betazalen antzera. Irekitzean, argia diafragman barrena pasatuko da. Irekita zenbat denbora egongo den zehaztu liteke, esposizio-denbora aldatuz.
  • Kliskagailua: Obturadorea irekitzen du bera zapaltzean; horrela, argia kaxa beltzera sartzen da eta pelikula inpresionatzen da.

Irudien Eraketa

Optika geometrikoan oinarrituko gara argazki-kameran irudiak nola eratzen diren aztertzeko.

Objektiboaren Funtzioa

Objektiboa lente konbergentea da, eta urrun (distantzia fokalaren bikoitza baino gehiago, edo askoz gehiago) dauden objektuen argi-izpiak diafragman zehar pasatzen direnean, irudi erreala osatzen dute, alderantzikatua eta tamainaz txikiagoa.

Kalkuluak Lente Meheen Ekuazioarekin

Kalkulu hori lente meheen ekuazioa erabiliz egin genezake, bai distantzia fokalarena, bai handipenarena ere:

Kamera batean, objektiboa mugikorra da, eta, horrela, lentearen eta pelikularen arteko distantzia (s2) egokitu genezake, objektuaren irudi argia eta garbia osatu arte filmaren gainean. Horri objektua enfokatzea deritzo.

Fokapen-sakonera, Argitasuna eta Mugimendua

Objektuen fokapen-sakonera, argi kantitatea eta mugimendua kontuan hartuz, argazki-kamerako diafragma eta obturadorea molda ditzakegu irudi egokiak sortzeko. Diafragma txikitzean, argi kantitate gutxiago sartuko da, beraz, argitasun handia dagoenerako balioko du, eta, alderantziz, argi gutxi dagoenean. Fokapen-sakonera ere handitu egingo da diafragma txikiago batekin. Objektuaren mugimenduari dagokionez, obturadorearen abiadura handituz, mugimenduan dauden objektuak garbiago aterako ditugu. Aldi berean, ordea, argitasuna galduko dugu zenbat eta denbora gutxiagoan irekita egon. Horri guztiari, filmaren sentikortasuna erantsi behar zaio argiztapen maila zehazteko garaian.

Entradas relacionadas: