Arroken Eraldaketa: Diagenesia eta Meteorizazioa
Clasificado en Geología
Escrito el en vasco con un tamaño de 2,28 KB
Diagenesiaren Etapak
1. Mineralen neoformazio oxidatzailea
Sedimentu jalki berriaren poroetako urean disolbatuta dagoen oxigenoarekiko erreakzioarengatik gertatzen da. Horrela sortzen dira, esaterako, kaltzio sulfatoa (igeltsua) sulfuroetatik.
2. Mineralen neoformazio murriztailea
Bakterioen jarduera biziak oxigenoa kontsumitzen du eta oxigeno hori ezin da berritu, gainean pilatutako sedimentu geruzen ondorioz. Hori gertatzen den neurrian, ioi murriztuko mineral berriak sortzen dira. Adibidez, burdin sulfatoa (markasita) sulfuroak (pirita) bilakatzen dira.
3. Zementazioa
Mineralak (nagusiki kaltzita eta silizea) dituen ur epelak gora egiten du sedimentu sakonenetatik; hori egitean, hoztu egiten da, eta mineral disolbatuak berriz kristaltzen dira sedimentuaren poroetan, zementua izango balira bezala.
4. Litifikazioa
Sedimentu geruzen pisuak trinkotzea eragiten du sakonean; hortaz, poroak betetzen dituen ura batu eta gorantz joaten da, eta berekin eramaten ditu zementazioaz arduratzen diren mineralak. Presioaren ondorioz, klastoak konprimitu egiten dira (gezi lodiak) eta horien arteko hutsuneak betetzen dira (gezi meheak), disolbatutako gatzak birkristaltzen direlako; horrela sortzen da arroka sedimentarioa.
Meteorizazio Mekanikoa
- Gelifrakzioa:
Urak, arrokaren arrakalen barrena izoztean, arrokan sortzen duen presioaren ondorioz egindako pitzadura da. Malda handiko eremuetan, sortutako zatiak pilatu egiten dira eta hartxingadiak eratzen dituzte.
- Deskonpresioa:
Lurrazalaren barnean, presio altuko baldintzetan, sortu diren arrokek gainazalera irtendakoan jasandako zabalkuntza da. Presioa gutxitzen denean, arrokak dilatatu eta diaklasak sortzen dira.
- Abrasioa:
Haizeak, izotzak, ur-lasterrek edo olatuek garraiatutako klasto txikiek arroka kolpatzean sortutako marruskadura. Hondarrak arrokaren oinarriaren kontra abrasioa egiten duenean, perretxiko itxurako arrokak sortzen dira.
- Termoklastia:
Arroka eguzkitan berotzean, horren gainazalean eta barnealdean dauden tenperatura-aldeen ondorioz gertatzen da. Arroka osatzen duten mineralek dilatazio-indize desberdinak izateak lotura estua du prozesuarekin.