Askatasun Kontzeptuak: Antzinatik Modernitatera
Clasificado en Otras materias
Escrito el en vasco con un tamaño de 3,23 KB
Antzinakoen eta Modernoen Askatasun Kontzeptuak
Antzinakoen Askatasun Kontzeptua
Constanten arabera, antzinakoen askatasun kontzeptua Atenasko demokrazian agertu zen nagusiki eta herri-eginkizunetan parte hartzean zetzan. Herritarra zen gizaki librea, hau da, poliseko gobernu kontuetan legez eta aktiboki parte har zezakeena.
Askatasun kontzeptu hura mugatua zen: ez zegokion biztanle guztiei, ez baitzituzten herritartzat hartzen ez emakumezkoak, ez esklaboak, ez metekoak, ezta hogeita hamar urte azpikoak ere.
Modernoen Askatasun Kontzeptua
Gizakiak aske izateko gaitasuna eta gaitasun hori erabiltzeko eskubidea du. Erdi Aroan eta Aro Modernoan askatasun kontzeptuaren sorburua izan zen.
Gizakiak eskubide jakin batzuk ditu, eta gizarteak eskubide horiek errespetatu behar ditu. Eskubide horiei askatasun ere esaten zaie: adierazpen askatasuna, elkartze askatasuna eta herriaren ordezkariak hautatzeko eskubidea. Bizitza pribatuari ahalik eta probetxu gehiena ateratzeko helburua ere badute. Horrela sortu ziren ordezkaritzako gobernuak.
Askatasun Positiboa eta Negatiboa
Isaiah Berlinek bi askatasun kontzeptu bereizi zituen: askatasun positiboa eta askatasun negatiboa.
- Askatasun positiboa: Norbera bere buruaren jabe izatea da, hau da, bakoitzak kontrolatzen ditu bere bizitza eta bere erabakiak.
- Askatasun negatiboa: Bakoitzak bere nahi guztiak betetzeko inork oztoporik eta trabarik ez jartzea da helburua, gainerakoek jar ditzaketen oztopoei uko egiten zaielako.
Thomas Hobbesek zioen:
“Egin nahi duena egiteko inolako trabarik ez duen gizakia da gizaki askea.”
Berlinen ikuspuntutik, askotan manipulatu izan da askatasun positibo kontzeptua, askatasun negatiboa nabarmen murrizteko.
Indibidualismo Posesiboa
Modernoen askatasunaren balioa lorpen historikoa izan da, eskubideak estatuaren edo beste instituzio edo pertsona batzuen gehiegikerietatik babesteko.
Arrisku bat ere badago: pertsonak uharteak garela pentsatzeko arriskua. Hau da, gainerakoak aintzat hartu gabe gizakiok behar bezala bizi gaitezkeela pentsa dezakegu, edo, gehienez, gure interes egoistei erantzuteko baino ez dugula elkartu behar gainerakoekin.
Crawford Macpherson filosofo kanadarraren arabera, Aro Modernoaren hasieran indibidualismo posesiboa sortu zen. Horren arabera, norbera da bere buruaren jabe bakarra. Ez dugu inolako zorrik gizartearekin. Gizartea ez da gizabanako guztiei jaiotzen direnetik laguntzen dien komunitatea, baizik eta gizabanako jabeen elkarte bat da.
Haien arteko harreman nagusia merkataritza harremana da, eta harreman horretan, ondasunen eta zerbitzuen trukea egiten da. Trukean, gizabanako bakoitza norberaren onurak lortzen saiatzen da. Estatuaren funtzio nagusia gizabanakoaren askatasuna eta ondasunen jabetza pribatua babestea dela esaten da.
Ezin dugu ukatu indibidualismo posesiboaren ideiak asko zabaldu direla, baina onartu behar dugu modernitatearen beste alderdi batzuek orekatu egin dituztela ideia horiek. Adibidez, klase sozialen arteko elkartasuna handitu behar dela aldarrikatu da. Hortaz, indibidualismo egoistaz gain, indibidualismo altruista edo laguntzailea ere badago.