Axularren "Gero": Zergatik den Maisulana
Clasificado en Latín
Escrito el en vasco con un tamaño de 4,34 KB
Hizkuntza eta herri guztietan izaten dira maisulanak deitzen diren horietakoak. Eredu eta ispilutzat hartzen direnak, alegia.
Zer behar du liburu batek maisulantzat hartua izan dadin? Villasante bost baldintza azpimarratzen ditu:
- Aspalditasuna
- Originaltasuna
- Mami baliotsua izatea
- Forma eder batean azaldua izatea
- Hizkuntza aldetik ere eredu izatea
Aspalditasuna
Ia lau mende pasa direlarik, mendez mende eta idazlez idazle aipatu eta goraipatu dugu Axularren Gero. Denborak ematen duen perspektibak garbiago erakusten du zein den lan ona. Sarako Joannes Etxeberri, Larramendi, Añibarro, Azkue, Villasante... ez dute laudorioa baizik Gero epaitzerakoan.
Originaltasuna
Beste idazleren bati kopiatua baldin bada, ez dago originaltasunik. Hizkuntza guztietan ditugu beste hizkuntzetatik itzulitako liburuak. Biblia dugu, adibidez, horietako bat. Horregatik, itzulpenak, beharrezkoak badira ere, ezin ditugu inoiz hizkuntza bateko maisulantzat hartu. Maisulan batek, herri eta hizkuntza bateko fruitu jatorra izan behar du; hizkuntza horretan pentsatua, bai mamian eta azalean ere.
Gero zitaz josita dago goitik behera. Antzinako autoreak, nahiz jentilak, nahiz kristauak, ia etengabe aipatzen ditu, eta horietatik hartzen ditu egileak komeni zaizkion adibideak, istorioak... Aipu edo zita horiek, dena dela, Axularren jakinduria edo erudizio handia frogatzen dute besterik ez. Antzinakoen artean Seneca aipatzen du sarritan; bere garaikideen artean, berriz, Salamancan bere irakasle izan zen Zumel, Domingo de Soto, Ribadeneira...
Julio de Urkixok erakutsi zuen zein izan zitekeen Axularren maisu, gidari eta iturri nagusietako bat: Fray Luis de Granada idazle espainiarra. Fray Luis de Granadaren obrak izugarri zabaldu ziren Europa guztian eta Axularrek ere ezagutzen zituen, dudarik gabe. Axularren Gero, Fray Luis de Granadaren Guía de Pecadores liburuaren antzera taxutua dago, gaur egun frogatuta dagoenez.
Bere liburua egiteko gaiak handik eta hemendik hartu zituen. Baina hori lehendik ere bagenekien, liburua goitik behera besteen zitaz josita baitago. Gainera, liburuaren portadan garbi adierazten baitu hori egileak.
Mami Baliotsua
Maisulan batek mami baliotsua izan behar du. Ezin uka baliotsua zenik Axularrek zekarren mezua. Gehiengoa sinesmen katolikoan hezia zegoen garai hartan, kristau ikasbidearen erdigunean kokatzen da liburuaren mamia. Bizitza Jaungoikoaganako bidea da, Jainkoa baita gure helmuga. Bide horretan nagikeriagatik, gauzak gerorako uzteak nolako kaltea dakarkigun adierazten digu Axularrek. Mami baliotsua esatean, beti ere balioko duen gaia dela esan nahi da. Badira Geron makina bat konparazio eta irudi herritik jasoak. Latinetik itzultzen dituen zitak ere, ez hitzez hitz, bere erara borobilduta, irakurleak erraz ulertzeko eran ematen dizkigu.
Forma Ederrez Azaldua
Literatura ederraren aldetik, forma lirain, gatz eta piperduna izatea dagokio maisulan bati. Gehienek aitortzen diote liraintasun hori Gerori. Handik eta hemendik jasotako zitak, bere erara moldatuta eskaintzen dizkigu Axularrek: ideia batetik bestera, perpaus batetik bestera, bortxakeriarik gabe, berez pasatzen delarik.
Hizkuntza Ongi Menderatzea
Herriko hizkuntzan ere maisu izatea dagokio maisulan bati. Gero liburuaren hizkuntza bera da salatarririk eta ezaugarririk hoberena liburu hau Euskal Herriko fruitu jatorra dela ohartzeko. Hitz jokoek, alusioek, errefrauek, ateraldiek, umore kolpeek... denek dute euskal kutsu goxoa. Gero esaldi labur, trinko eta sarkorrez josita dago. Esaldi horietatik asko eta asko herritik jasoak dira.
Bere garaiko gizon eta emakumeei zuzendua denez, garai hartako euskaldun mundua bizi-bizirik azaltzen zaigu bertan. Laboraria, artzaina, ehiztaria, arrantzalea eta marinela, tabernariak, zurginak eta arotzak... Ongi uler diezaioten, herriak ahotan darabiltzan esaera eta hitz jokoak erabiltzen ditu Axularrek. Herritar xeheak ahalik eta ongien uler ziezaion eran idatzi zuen, baina beste euskalkietako berri ere bazuelarik, gehiengoak ulertzeko eran idazten ere saiatu zen, apropos sinonimo ugari pilatuz.
Gure Gero benetako maisulana da, beraz, bai azalean eta bai mamian, betiereko balioa duen horietakoa, balio iraunkorra dutenetarikoa.