Bakardadearen garrantzia: Bakarrik egon vs bakarrik sentitu
Clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en vasco con un tamaño de 2,22 KB
Bakardadean ematen ditut erreflexio-ordurik gehienak, eta mundu sozialetik at hartu erabaki gogor eta latzenak. Askotan, bakarrizketetan bilatu ditut erantzunak, eta airean utzi inork ebatziko ez dizkidan galderak. Ispilura ere begiratzen dut maiz, nire soslaiaren konpainia bila, eta kristaletako lurrunean idazten ditut nire sentimendurik zintzoenak.
Sarri epaitu naute nire kabuz sortutako mundu horretan murgiltzeagatik, edota nire barne-fantasiak eta desioak nire arimarekin soilik konpartitzeagatik. Bada, anitzetan, bakardadeak jendarteak baino gehiago betetzen du gizakia, eta ez gara horretaz konturatzen. Disputa zabaltzekotan, bakarrik egotearen eta bakarrik sentitzearen arteko dilema planteatuko nuke, bakardadea polisemiaren biktima baita, eta beste behin, “bakarrik” aurkitzen naizen honetan, nire kabuz bideratu beharko dut bi hemisferioen arteko eztabaida.
Beldurra espazio hutsari
Hala, espazio fisiko hutsari diogu beldur: logela ilunari, oihartzunaren itzulerari, giza-bero ezari. Guzti horrek barneratu ohi du bakardade sentimenduan gizakia. Baina orain, bakarrik zaudela aprobetxatuz, laga nazazu honako hau galdetzen: ez al duzu plazerrik sentitzen presentzia bako gela honetan lerro hauek irakurtzen? Ziur aski, momentu batez, lasaitasun eta arretaz entzun diozu zure barne-hotsari, eta ez duzu inoren presentziaren beharrik izan klimax horretara iristeko.
Bada, kezkagarriagoa litzatekeena zera da, barne-hutsaren menpe bizitzea mundu aglomeratu honetan. Gizarte moderno berri honek bultzatu gaitu bakardadea maitasun ezarekin lotzera, gure poztasuna konplizitate eta adiskidetasun mailarekin neurtzera, jendearen presentziaren menpe bizitzera, eta norbere kabuz jorratutako guztia zero azpiko eremura eramatera, azken honetan entzun ohi den independentismo horri aukerarik eskaini gabe.
Konpainiaren beharra
Eta, beraz, oraindik plazerrean murgilduta dagoen irakurle hori, konpainia-beharraren epidemiak zure odol urdina zeharkatu eta aglomerazioaren birusak zure barne-atalak menperatzea lortzen badu, gogoratu metastasia baino lehen, zenbat pertsonekin gauden eta zein gutxirekin garen, hori baita bizitzaren gakoa, izatea, bakarrik edo norbaitekin; eta hori, norberaren esku dago.