Balioen Egiaztapena eta Informazioa Lortzea Zerga Zuzenbidean
Clasificado en Derecho
Escrito el en vasco con un tamaño de 3,71 KB
I. Balioen Egiaztapena
Hasiera batean, ondareen eskualdaketa zergapetzen zuten tributuetan aplikatzen zen. Gaur egun, denetan aplikatzen da (57.1). Gauzez gain, artikulu honek errentak, ekoizkinak eta tributu-obligazioaren beste osagaiak ere aipatzen ditu. Egiaztapena egiten da kontuan hartuta Administrazioaren perituek emandako txostenak, kotizazio ofizialak, merkatuko salneurriak (prezioak) eta tributu-lege bakoitzak ezarritako tresnak.
Zerrenda hau ez da itxia, lege bakoitzean bere tresnak ezarri ahal direlako eta, gainera, legeak ez duelako lehentasunik ezartzen. Balioen egiaztapen-prozedura kudeaketa-prozedura gisa biltzen du (TLO 123.d) eta Tributuen 134. artikuluak arautzen du. Balorazio-jardunak bi motatakoak izan daitezke:
- Modu independentean erabilitakoa: Jarduna bukatuta, subjektuari jakinarazten zaio.
- Likidazio-prozeduraren barruan: Batera jakinarazten dira egiaztatu den balioa eta honetan oinarritzen den likidazioa, baina likidazioa bakarrik aurkaratu ahal da, nahiz eta errekurtsoa balorazioa gaizki egitean oinarritu.
Balorazioa egiteko, aurkakotasun-tasazioa da tresnarik garrantzitsuena (135). Eskatzen da subjektua ez dagoenean ados Administrazioak egindako balorazioarekin. Orduan, subjektuak peritu bat izendatzen du eta Administrazioak beste peritu bat. Peritu bakoitzak bere balorazioa egiten du. Administrazioaren perituak egindako balorazioa subjektuarenak egindakoarena ez badu gainditzen % 10ean eta 120.000 eurotan, subjektuaren perituak egindakoa aplikatzen da, baina aldea handiagoa bada, hirugarren peritu bat izendatzen da, elkargoek emandako zerrendetatik. Honek emandako tasazioa izango da likidazioa egiteko erabiliko dena, baina hirugarren peritu honek egindako tasazioak bi muga ditu (TLO 135.4):
- Administrazioak hasiera batean egiaztatutako zenbatekoa ezin du gainditu.
- Subjektuak egindako balioa baino txikiagoa ezin da izan.
Tasazio mota hau TLO-ren 135.1 artikuluan jasotzen da. Eskatu behar da likidazioa aurkaratzeko dagoen lehen epean edota balioen egiaztapen-egintza aurkaratzeko epean, egintza hau modu independentean jakinarazi bazen.
II. Informazioa Lortzea
Bere helburua da tributu arloan garrantzitsuak diren datuak eta aurrekariak ezagutzea. Datu horiek pertsona baten eskuetan daude, baina eragina dute hirugarren pertsonengan. Subjektu hauek aldizka eman behar dizkiote datuak Administrazioari edo espresuki eskatutakoan Administrazioak. Lehendabiziko kasuan, arauak ezartzen du obligazioa. Adibidez, atxikitzaileak jakinarazi behar du zenbat ordaindu duen eta zenbat atxiki. Bigarren kasuan, organo kudeatzaileek eta ikuskatzaileek daukate ahalmena eta prozedura independentea izan ahal da. Kasu honetan, bukatzen da eskatutako datuak lortzen direnean edota likidazio-prozeduraren parte izan ahal da.
1. Informazioa Emateko Eginbeharren Eremua eta Edukia
Esparru subjektiboa modu zabalean ezartzen da (TLO 93.1 art), eta pertsona guztiek bete behar dute eginbeharra, pertsona fisikoek eta juridikoek, publikoek eta pribatuek, eta nortasun juridikorik ez duten erakundeek. TLO-ren 54. artikuluak azpimarratzen du erakunde, organismo edo funtzionario publikoek bete behar dutela, eta TLO 93.1 artikuluak zehazten du baita ere bete behar dutela:
- a) Atxikitzaileek.
- b) Ordainketa-tartekaritza lanak egiten dituztenek.
- c) Dirua eta akzioak gordailuan dituztenek.
Esparru Objektiboaren Mugak
- Bakarrik eskatu ahal dira tributuei begira garrantzitsuak diren datu, txosten, aurrekariak eta ziurtagiriak (TLO 93.1).
- Beste pertsonekin izandako ekonomia-, lanbide- eta finantza-harremanetatik eratorritako datuak izan behar dute.