Berrezarkuntzaren Oinarriak: Alfontso XII.aren Itzulera (1874-1885)
Clasificado en Historia
Escrito el en vasco con un tamaño de 2,27 KB
Berrezarkuntzaren Oinarriak (1874-1930)
Seiurteko Demokratikoaren (1868-1874) eta, honen barnean, Lehen Errepublikaren (1873-1874) porrotaren ondoren, Borboien dinastia tronura itzuli zen. Garai honi Berrezarkuntza deitzen zaio. Bi garai nabarmentzen dira:
- Alfontso XII.aren erregealdia (1874-1885)
- Alfontso XIII.aren erregealdia (1885-1930). Maria Cristinaren erregeordetza (1885-1902) tartean izanik.
Alfontso XII.aren Itzulera (1874)
1874an, Pavíaren estatu-kolpearen ondoren, Berrezarkuntza Borbonikoa Antonio Cánovas del Castilloren inguruan antolatu zen. Cánovasek behin-behineko gobernua eratu zuen, Alfontso XII.a (1857, Madril - 1885, Madril) errege izendatuz.
1874ko abenduaren 1ean, Alfontso XII.ak, 17 urte bete berritan, Sandhursteko (Ingalaterra) akademia militarretik adierazpen bat zabaldu zion nazioari, Cánovasek idatzia. Bertan, Berrezarkuntza proiektuaren oinarrizko ideiak bildu ziren. Mezuan, tradizio katolikoa eta monarkia konstituzional eta oinordetzakoa berrezartzea zela konponbidea adierazten zuen.
1874ko abenduaren 29an, Sagunton, Martínez Campos jeneralak Alfontso XII.a Espainiako errege aldarrikatu zuen. Pronuntziamendu militarra egin zuen, bere helburua ez zen boterea eskuratzea, baizik eta Alfontso XII.ak ezarriko zuen erregimenari armadaren babesa ematea.
Horrela hasi zen Berrezarkuntza izeneko aldia. 1875eko urtarrilaren 9an, Alfontso XII.a Bartzelonara heldu zen Marseillatik, eta urtarrilaren 14an Madrilera.
Gorte berriak eta Cánovasen proiektua
1875eko abenduaren 31n, gizonezkoen sufragio unibertsala erabiliz, Gorte berriak eratzeko deialdia egin zen. Itxura hutsa izan zen, Alderdi Kontserbadoreak botoak lortzeko antolaketa egin baitzuen. Abstentzio handia egon arren, liberal kontserbadoreek (Cánovasen alderdi politikoa) irabazi egin zuten.
Cánovas del Castillo ez zen gizonezkoen sufragio unibertsalaren aldekoa, eta hauteskunde horien ondoren, sufragio zentsitariora itzuli zen. Bi helburu nagusi ezarri zituen bere asmoa betetzeko:
- Konstituzio bat egitea, alderdi-bitasunean oinarritutako sistema politiko bat egituratzeko.
- Herrialdea baketzea, karlisten gatazkari eta Kubako gerrari bukaera emateko.