Berrezarritako Erregimena Espainian: Oinarriak eta Bilakaera

Clasificado en Historia

Escrito el en vasco con un tamaño de 6,21 KB

Berrezarritako Erregimenaren Oinarriak

Estatu demokratikoa ezartzeko aukerak porrot egin zuen. 1868ko Iraultzak ez zuen monarkia egonkorrik ezartzerik lortu; ez zuen gizartearen arazoa konpondu, eta horrek herritarrengan parte hartzeko kontzientzia piztu zuen. Espainia 1868 baino lehenagoko egoerara itzuli zen; adibidez, sufragio unibertsala ezabatu zen. Benetako burgesia garatzeke zegoen, eta ezegonkortasun politikoa nabaria zen; herritarren masa eta agintarien klaseak bereizi egin ziren.

Borboien Dinastiaren Itzulera

Pavia jeneralaren kolpearen ostean (1874ko urtarrilak 3), gobernu berriaren bi helburu nagusiak hauek izan ziren: Gerra Karlistarekin amaitzea eta Borboien dinastia berrezartzea. 1874aren amaieran, Alfontso XII.a errege izendatu zuten. Asmoa 1868 baino lehenagoko erregimen liberal moderatu bat berrezartzea zen.

Cánovas del Castilloren Lehen Neurriak

Cánovas gobernuburu izan zen Martínez Camposen kolpearen ostean, eta monarkiazale guztiak Alfontso XII.a errege izango zenaren inguruan adiskidetzea lortu zuen. Erregimen berriak hartu zituen lehen neurriak Elizaren babesa lortzera zuzendu ziren, Iraultza garaian jasandako erasoek urrundu zutenez gero. Horrez gain, aurreko urteetan loratu ziren oposizioko egunkariak etetea, polizia berria eta auzitegi bereziak ezartzea inprimategietako delituetarako, armada lagun lortzea Seiurtekoak ezabatutako agintariak berriro hartuz, eta funtzionarioen artean garbiketa egitea. Armadaren buru gorena erregea izango zen. Urratsak egin ziren iparraldean karlisten aurkako gerra zibila amaitzeko, eta 1876an amaitu zen.

Eratze Prozesua

Gorteek konstituzio berria prestatzeko deialdia sufragio unibertsalaren bidez egin zen, indarreko legedia betez, baina tramite hutsa izan zen, hauteskundeak manipulatuta zeudelako. Eztabaidak hasi baino lehen, Cánovasek funtsezko neurri batzuk ezarri zituen: monarkia alderdi politikoen gainetik egongo zela, eta oinarrizko erakundeak –monarkia eta Gorteak– edozein testu idatziren aurretik eta gainetik zeudela. Lehen hauteskundeetan, 1876ko urtarrilean, aukeratu ziren diputatuen %90 haren alderdi liberal-kontserbadorekoak ziren.

1876ko Konstituzioa

Jarraitzaile gehiengo horrekin eta Kongresuak Konstituzioa prestatzeko oinarria izan ziren suposizio horiek onartuta («legeak egiteko ahalmena Gorteek dute, erregearekin»), artikuluak berehala onartu ziren, eztabaida gutxirekin, erlijioaren gaiari buruzkoak kenduta. Konstituzio labur horretan, aginteak ez zeuden ondo banatuta, erregeari ematen baitzion Gobernuko burua izendatzeko ahalmena. Oinarrizko askatasunak azaletik onartu zituen, bi ganberatako parlamentua ezarri zuen (senatariak berezko eskubidez eta biziartekoak), eta estatu konfesionala zela zioen, pribatuan beste erlijio batzuetakoak izatea onartu arren. 1876tik 1931ra arte egon zen indarrean.

Cánovasen Sistema Politikoa: Txandakatzea eta Alderdi Batasuna

Konstituzioa onartu eta gero, Cánovasek bere sistema ezarri zuen: burujabetza partekatuko agintea, erregearena eta Gorteena. Konstituzioa errespetatuko zuten bi alderdi handien txandakatzea nahi zuen gobernurako. Handikien alderdiak izango ziren, goi burgesiaren ordezkariak, eta alderdi horietako diputatuek beteko zituzten Kongresuko eserleku gehienak. 1878ko hauteskunde-legeak zentsuko sufragioa berrezarri zuen, eta, ondorioz, biztanleen %5ek bakarrik bozka zezaketen. Alderdi Liberal-Kontserbadorearen burua Cánovas del Castillo zen, eta, kontrasterako, dinastiako ezkerraren haritik egituratuko zen alderdia Alderdi Liberala izango zen, Práxedes Mateo Sagasta buru zuela.

Zentralismoa eta Kontrol Ideologikoa

Legegintzako jardunean nabarmenena zentralismo politiko-administratiboa izan zen, berdintasun juridikoaren aitzakian. Euskal probintzietan foruak indargabetu ziren. Foruak indargabetzeko jarraitutako prozedurak gerra nork irabazi zuen erakusten zuen. Ardatza Madrilen zuen zentralismoa nabarmen geratu zen probintzietako diputazioak eta udalak berrantolatu zirenean. Herritarren parte-hartzea murriztu zen kargudunak hautatzeko orduan: 30.000 biztanle baino gehiagoko alkateak Erregeak izendatzen zituen, hots, Gobernuak jarriko zituen. Gainera, inprimatzeko askatasuna murriztu zen, eta foileto eta egunkari guztiak estatuaren kontrolpean egongo ziren. Horrez gain, argitalpen guztiak araututa zeuden. 1879ko legeak Berrezarkuntzako sistema politiko eta sozialaren aurkako edozein eraso, baita zalantza bera ere, delitu bihurtu zuen.

Hauteskunde-ustelkeria

Txandakatzea hauteskundeen manipulazioari esker gauzatu zen, bi alderdiei gobernuan modu baketsuan txandaka aritzeko aukera emanez. Erregea, Konstituzioa, kapitalismoa eta jabetza ukiezinak ziren; horrela, hauteskundeak lasai asko manipulatu zitezkeen, eta biztanleak ez ziren askeak. Madrilen zentratutako bi alderdiren lidergoak eta, Espainia landatar pobretuan garrantzi ekonomiko eta sozial izugarria zuen jauntxokeriazko jardunaren bidez kontrolatutako tokian tokiko aginteek bermatzen zuten sistema. Sistema iruzurrean oinarritzen zen, beraz.

Jauntxokeria

Jauntxokeria XIX. mendearen erdialdetik XX.aren lehen herena bete arte Espainian azaleratu zen egitate soziopolitikoa izan zen; gizartean eragin eta ospe handia zuten pertsonek agintea kontrolatzen zuten eremu jakin batzuetan, batez ere landa-eremuetan. Antzinako jauntxoen harremanen hondakina zen, eta jauntxoek nekazariak mendean hartuta zituzten, haien bizitza eta ondasunen benetako jabeak bailiran. Jauntxoak, printzipioz, eremu geografiko, ekonomiko edo sozial jakin batean errotuta zeuden, gizarte itxi hartan nagusi ziren eta Estatuaren aurrean gizarte horren bitartekariak ziren herri- edo eskualde-mailako elite bateko kideak ziren.

Erregimenaren Bilakaera

1885ean, Alfontso XII.a hil egin zen. Práxedes Mateo Sagasta, gobernuburu zena, akordioa adostu zuen Cánovasekin alderdiak txandakatzea bermatzeko, El Pardoko Itunean. Maria Kristina Habsburgokoaren erregeordetza hasi zen horrela, Alfontso XIII.ak koroa 1902an hartu zuen arte. Sagastak bost aldiz osatu zuen gobernua eta hainbat lege onartu zituen, erregimena nolabait demokratizatu zutenak: adierazpen-askatasunaren legea, prentsa-legea, sindikatu-askatasuneko legea eta gizonezkoen sufragio unibertsala.

Entradas relacionadas: