Bilbao-New York-Bilbao: Euskal Arrantza Tradizioa eta Autofikzioa

Clasificado en Lengua y literatura

Escrito el en vasco con un tamaño de 4,41 KB

Bilbao-New York-Bilbao

Eleberriaren Gaia: Arrantza Tradizioa

Eleberriaren gai nagusia euskal arrantza tradizioa da, galzorian dagoen bizimodu horren bilakaeraren azterketa sakona, Uribe familiako hiru belaunaldiren bitartez kontatua.

Sarrera: Eleberriaren Ibilbidea

Bilbao-New York-Bilbao eleberriak gerra-garaiko, frankismoaren garaiko eta gaur egungo garaietan bidaiatzeko aukera eskaintzen digu.

Istorioa kontatzen duen narratzailea idazlea bera da, Kirmen Uribe, Ondarroako arrantzale familia batean jaiotako gizona, bere emazte Nerea eta haren seme Unairekin bizi dena. Azken urteetan aski ugaritu den molde narratibo bati heldu dio, hain zuzen, autofikzioari.

2008an, New Yorkera joan behar izaten du lana dela eta. Loiu eta JFK bitarteko bidaia hori aitzakiatzat hartuta, Uribe familiako hiru belaunaldi desberdinen historia azaltzen du narratzaileak: aiton-amonena, gurasoena eta idazlearena berarena. Urte batzuk lehenago, bere aitonaren arrantza-ontziaren (Dos Amigos) jatorriaren inguruko jakin-mina piztu zitzaion, eta bere aitonaren bizitzari eta desagertzen ari den euskal arrantza tradizioari buruzko nobela bat idaztea erabaki zuen. Horretarako, aitonaren senide, lagun, lankide eta ezagunak elkarrizketatzen ditu, eta horietako bakoitzak gertaera desberdinak kontatzen dizkio. Horien guztien lokarri, Aurelio Artetaren koadro bat eta haren inguruko gorabeherak ere kontatzen ditu.

Liburuan zehar, pasadizo horiek ez ezik, idazlearen gogoetak, oroitzapenak eta hainbat pentsamendu ere agertzen dira. Horretarako, era askotako formatu edo elementuak erabiltzen dira:

  • Gutunak
  • Posta elektronikoak
  • Poemak
  • Ahozko tradizioan oinarritutako testuak
  • Eguneroko baten pasarteak
  • Wikipediako sarrerak
  • Hegazkinetan agertzen diren informazio-pantailak

Lekua eta Denbora: Belaunaldien Bidaia

Eleberriko lekua irekia, erreala eta dinamikoa dela esan dezakegu. Istorioa hiru belaunaldi desberdinetako gorabeherei buruzkoa denez, hiru leku eta garai desberdinetan kokatzen da:

  • Idazlearen belaunaldia (2008): Bilbotik New Yorkera egindako hegazkin-bidaian kokatzen da, hegazkinean bertan eta Loiu, Frankfurt eta JFK aireportuetan.
  • Gurasoen belaunaldia (Frankismo garaia): Aitak Rockall inguruan arrantzan egindako denboraldietan eta Ondarroan bertan oinarrituta dago.
  • Aiton-amonen belaunaldia (1936ko Gerra aurrekoa): Ondarroan kokatuta dago.

Egituraketa: Lineala Ez Den Narrazioa

Aurretik esan bezala, eleberrian Kirmen Uriberen familiako hiru belaunaldi desberdinen gorabeherak azaltzen dira. Horien artetik, ildo nagusia idazlearen belaunaldian oinarrituta dago, eta hori agerian geratzen da kapituluen antolaketarekin. Kapitulu gehienak idazleak Loiuko aireportutik JFKra egiten duen bidaiaren bilakaeraren edo eleberrirako informazioa bilatzeko egiten duen ikerketaren araberakoak dira.

Horrez gain, Uribek eleberria idaztean ez du egitura lineala antolatu; izan ere, etengabeko saltoak ageri dira istorioan zehar: garai batetik bestera, belaunaldi batetik bestera, leku batetik bestera...

Idazleak, nobelaren hasieran, beranduago garatuko dituen gertaerei buruzko zertzeladak baino ez ditu ematen, hau da, belaunaldi bakoitzeko pertsonaia garrantzitsuenak aipatu eta haien gorabeherak gainetik azaldu baino ez du egiten. Gero, eleberria aurrera egin ahala, pertsonaien arteko harremanak eta idazlearen senideen bizitzak ezagutzeko aukera ematen du.

Narratzailea: Autofikzioaren Moldea

Eleberri honetan, Kirmen Uribek azken urteetan aski ugaritu den molde narratibo bati heldu dio: autofikzioari. Autofikzioak autobiografia eta nobelaren artean jokatzen du, narratzailearen identitatearekin jolas eginez. Kontakizuneko datu ugarik narratzailea autorearekin identifikatzera eramaten gaituzte, baina beste zenbaitek, aldiz, identifikazio hori ukatzera.

Iritzia: Eleberriaren Balorazioa

Tramarik eta intrigarik gabeko liburua da, baina, lehen aipatu dudan moduan, hainbat pasadizoz eta gogoetaz osaturiko eleberria. Horren eraginez, nire iritziz, liburua momentu batzuetan korapilatsu samarra gertatu zait, eta pasarte eta hausnarketa batzuk derrigorrez sartuta daudela iruditu zait; horrek naturaltasun eza sortzen du.

Entradas relacionadas: