Bitalismoa: Nietzsche-ren Filosofia Europarraren Usteltasuna Salatzen Duena

Clasificado en Filosofía y ética

Escrito el en vasco con un tamaño de 3,23 KB

Nietzschek zalantzan jarri zuen gizadiak azken bi mila urteetan egindako bidea, eta, nagusiki, kristautasunari leporatu zion errua. Nietzscheren arabera, zientziak, filosofiak eta, bereziki, erlijioak galbidera eraman dute gizakia. Mendebaldeko kulturak gizakiaren bizimodua pozoitu du. Mendebaldean, Europan bereziki, moral tradizionalaren balioak goraipatu izan dira —onginahia erresignazioa eta ahultasuna, adibidez—, eta kontzientzia txarra sortu da gizakien baitan, senean eta barne indarrean oinarritutako giza biziaren kaltetan. Prozesu hori guztia Sokratesekin eta Platonekin hasi zen, eta moral kristauaren printzipioekin indartu zen, moral kristauak gizakiak bere buruari uko egin diezaion eragiten baitu. Aldiz, Nietzschek biziaren balioak defendatu zituen eta bizia ukatzen duten indarrak gainditu behar direla aldarrikatu. Hortaz, Nietzscherena kultura europarraren usteltasuna salatzen duen eta bizia goraipatzen duen filosofia da. Hori dela eta bitalista dela esaten da. Beste era batera esanda, Nietzschek metafisikaren faltsutasuna agerian jarri nahi izan zuen, eta metafisika, erlijioarekin eta moralarekin batera, gizadiaren gainbeheraren kausa zela salatu zuen. Aldiz, Nietzscheren ikuspegi bitalistaren arabera, gizakiak bere baitan aurkitu behar du bere bizitzaren helburua, kanpora begiratu beharrik gabe. Nietzscheren iritziz, gizakiak ez die kanpoko indarrei men egin behar; barne senak esaten diona egin behar du. Hortaz, Nietzschek bizia eta biziaren balioak goraipatu zituen bizia ahuldu nahi dutenen aurrean edo biziari uko egiten diotenen aurrean. Are gehiago, biziari balioa emateaz gain, gauzak zer diren edo zer ez diren aztertzeari uko egin zion. Alegia, Nietzschek baztergarritzat jo zuen filosofia tradizionalaren kezka nagusia, errealitatea itxuratik bereizteko nahia alegia. Nietzscheren ustez, bizia da balioa duen gauza bakarra edo benetan erreala den gauza bakarra.



ez da kontzeptuen bidez hautematen Mendebaldeko kulturari egin zion kritikaren baitan, Nietzschek arrazionalismoa eta metafisika kritikatu zituen bereziki, eta arrazionalismoa suntsitu beharra aldarrikatu zuen, pentsamenduak, kontzeptuen bidez, errealitatea desitxuratu eta deformatu egiten duela argudiatuta. Nietzscheren iritziz, hautemandakoaren eta benetan gertatutakoaren artean bereiztea biziaren kontrako jarreraren isla da; bereizketa hori egin nahiak erakusten du filosofoak ez daudela gustora mundu materialarekin, eta mundu materialaz haratago dagoen beste mundu bat eraiki nahi dutela. Aldiz, Nietzscheren ustez, bizitzaren benetako funtsa ezin da filosofiaren edo zientziaren kontzeptuen bidez hauteman. Aitzitik, biziaren benetako funtsa estetikoa da, tragikoa. Jaiotza eta heriotza —igoera eta gainbehera— dira biziaren berezko osagaiak, eta horiek ezin dira kontzeptuen bidez antzeman. Posible da, ordea, biziaren alderdi tragikoa hautematea. Beraz, arrazionalismoa biziari buruzko ikuskera tragikoaren kontrako ikuspegia da Nietzscheren ustez. Arrazionalismoak arrazoimenari ematen dio nagusitasuna, balorazio estetiko/tragikoen kaltetan. Are gehiago, arrazionalismoak, bizia kontzeptuen bidez hauteman edo ulertu nahi duenean, gauza finko edo mugiezintzat hartzen du, nahiz eta, berez, bizia dinamikoa izan, etengabe aldatzen ari den zerbait.

Entradas relacionadas: