Bizitza eta Moralaren Osagaiak: Balioak, Bertuteak eta Askatasuna
Clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en vasco con un tamaño de 2,63 KB
1. Bizitza eta Moralaren Osagaiak
1.1. Balioak
Balioak gu gugan edo pertsonengan erakargarri egiten zaizkigun ezaugarriak dira, eta funtzio garrantzitsua betetzen dute gure identitatea zaintzen. Balio mota asko daude, adibidez: balio estetikoak, balio ekonomikoak, bizi-balioak, balio intelektualak, balio erlijiosoak eta balio militarrak. Garrantzi berezia duten balio mota batzuk daude: balio moralak. Balio moralen ezaugarriak:
- Balio moralak, gure bizitzan txerta ditzakegun eta txerta behar ditugun balioak dira. Beste balio batzuk ez bezala, balio moralak denok geureganatu ditzakegu behar beste saiatuz gero.
- Balio moralak pertsonalak dira ezinbestean.
1.2. Bertuteak
Filosofo klasikoek, bertutea, ongira bideratzen duten ohitura eta jarrera multzoari deitu zioten, eta greziarren ustez, bertutea izaeraren bikaintasun-maila edo neurria zen.
1.3. Askatasuna
Askatasuna ez da une oro nahi duguna egin ahal izatea, gertatzen zaigunari nahi dugun bezala erantzun ahal izatea baizik. Izaki askeak garela esan dezakegu, erantzun jakin bat ematera edo aukera bat hautatzera behartuta ez gaudelako.
2. Zer da Etika?
2.1. Morala eta Etika
Morala gizarte edo giza talde batek baliozkotzat jotzen dituen jokabide, arau eta balio multzoa da. Etika, berriz, moral ezberdinak aztertzen, balioesten eta juzgatzen dituen filosofiaren alorra da. Moralaren funtzioa gizakien jokabidea bideratzea da, bai indibidualki bai kolektiboki. Arau moralak ez dira berdinak ohitura eta tradizio ezberdinak dituzten munduko herri guztietan, beraz, morala ez da unibertsala ezta aldaezina ere. Etika bakarra da, baina ez dago esaterik moral bakarra dagoenik, moral anitz baizik, munduko erlijio eta kulturekin lotzen direnak.
2.2. Morala, Ez-morala eta Amorala
Moralaren kontzeptuaren inguruan bereizketa bat egiten da:
- Morala, ez-moralaren aurkakoa: portaera bat morala ala ez-morala den esateko, printzipio jakin batzuekin harremandu behar dugu, moralki zuzentzat jotzen diren printzipioekin bat datorren ala ez.
- Morala, amoralaren aurkakoa: izaki morala egitura moral bat duena da, hainbat aukeren artean hautatzeko eta egindako gauzen artean arrazoitzeko beharra duena, ongi ala gaizki joka dezakeena. Izaki amorala, berriz, horrelako gaitasunik ez duena da.
2.3. Erlijioa, Zuzenbidea eta Morala
Erlijioa, zuzenbidea eta morala gizakien ekintzak bideratzen saiatzen direnak dira: jakintza horiek arau-emaileak dira, hau da, arauak ezartzen dituzte. Hirurak ditugu beharrezkoak gizakiok, eta osagarriak dira elkarren artean.