Bizkaiko Meatzaritzaren Garapena eta Industria Iraultza

Clasificado en Inglés

Escrito el en vasco con un tamaño de 2,59 KB

Garapen-faktore nagusiak

Bizkaiko meatzaritzaren loraldia hainbat faktorek bultzatu zuten:

  • Bessemer bihurgailua: Altzairua lantzeko asmatu zen Bessemer bihurgailua Europako siderurgian aplikatu ondoren, fosforik gabeko burdinaren galdea emendatu zen, eta horrelakoxea zen Bizkaiko meatzeetan ateratzen zen burdina.
  • Ustiapen erraza: Haize zabalekoak zirelarik, ustiatzen errazagoak ziren meak, eta eskulanaren presio murritzak ustiatze-kostu txikiak eragiten zituen.
  • Garraioa: Garraioak ez zuen horrenbeste arazorik sortzen, meatzeak itsasadarretik hurbil zeudelako.
  • Inbertsioak: Ezaugarri hauek eta etekin handi azkarrek bultzatu zituzten Euskal Herriko eta atzerriko kapitalistak meatze haietan inbertsioak egitera.

Meatzaritzaren bilakaera historikoa

1860. urtearen inguruan meatze-konpainia batzuk sortu ziren. Britainiarrak ziren batzuk; kapital frantziar, belgiar, britainiar, alemaniar eta euskalduna zegoen, Ibarra familiena adibidez, eta gerora inbertsioak egingo zituzten beste euskal familia batzuena. Gerra Karlistak eten egin zuen meatze-jarduna, baina bukatu eta berriro ekin zioten ustiatzeari.

Somorrostroko burdinaren erauzteak eta Ingalaterrara zuzendutako esportazioak gora egin zuen 1876tik aurrera; hala, Bizkaia mea honen estatu mailako ekoizle nagusia bilakatu zen. Ustiapen-erritmoa handituz joan zen 1900. urtera arte; meatzeak agortzean eta beste neurri protekzionista batzuk ezartzean, produkzioaren erritmoak behera egin zuen XX. mendeko lehenengo hamarkadetan.

Industria Iraultza eta itsas nabigazioa

Hala ere, meatzeetako erauzketatik eta esportaziotik sortutako kapitalak, Bizkaian hein handi batean, Industria Iraultza finantzatzea ahalbidetu zuen. Aldi berean, Ingalaterrara bideratzen zen burdinaren esportazioa izan zen euskal meatzaritza-ontziteria bultzatu zuen faktore nagusia.

Itsasgintza tradizionala egokiro moldatu zen garraio mota berrira, bolumena handitu zuen eta Espainiako itsas nabigazioan oro har zuen maila goratu zen: euskalduna zen Espainia osoko itsas merkataritzaren % 53 1900. urtean. Ingalaterrarekiko harreman hauek zerbitzuen errentagarritasuna emendatu zuten, joan-etorriko merkataritzan aritzeko aukera zuelako. Bilbotik abiatzen ziren ontziak meaz zamaturik eta Ingalaterrako ikatzez beterik itzultzen ziren, Bizkaiko siderurgia-enpresak hornitzeko. Halatan, inbertsio moduak hobetu eta aniztu egin behar ziren etekinak handitzeko. Kapitalista berak izaten ziren askotan itsas enpresen eta meatzeen jabe.

Entradas relacionadas: