Botere Politikoaren Jatorria, Zilegitasuna eta Gizarte Antolamendua

Clasificado en Psicología y Sociología

Escrito el en vasco con un tamaño de 6,62 KB

Botere Politikoaren Jatorria eta Zilegitasuna

1.1. Jatorria

Gauza baten jatorriari buruz hitz egiten dugunean, historiari buruz hitz egiten dugu. Botere politikoak zer jatorri duen jakiteko, gobernariak eta gobernatuak argi banatuta zeuden lehen izaki komunitateak nola, noiz eta zergatik sortu ziren aztertu behar dugu. Gainera, ikusiko dugu gizarte talde batek gizarte osoari bere borondatea bortizki ezartzean sortu zela botere politikoa. F. Nietzschek argudiatu zuen errealitate politikoa ulertzeko kontuan hartu behar dugula erresumak indarkeriaren bidez sortu zirela; izan ere, batzuek besteen nagusi izateko grina izatea da botere politikoaren oinarria.

1.2. Zilegitasuna

Botere politikoa legitimoa ote den galdetzen badugu, berriz, ez dugu botere horren jatorria jakin nahi. Fenomeno batek jatorri bat edo bestea izan arren, fenomeno hori ona edo txarra den galdetu behar dugu. Botere politikoa legitimoa den galdetzean, botere horrek egon behar duen ala ez galdetzen dugu; hau da, bidezkoa ote den botere hori egotea edo desagertu egin behar ote duen. Botere politikoa ezinbestekoa da behar bezala funtzionatzeko. Botere politiko guztiak ez dira legitimoak. Irizpideak behar ditugu, zer den legitimoa eta zer ez bereizteko.

1.3. Jatorriaren eta Zilegitasunaren Konbinazioak

Lau konbinazio aukera daude:

  • Jatorri positiboa eta zilegitasun positiboa: instituzioaren jatorria ona dela iruditzen zaigu, eta instituzioa bera legitimotzat hartzen dugu. Adibidez, familia, merkataritza, artea, erlijioa eta zientzia. Egoera batzuk legitimoak diren zalantzan jar ditzakegu, besteak beste, gehiegikeriak eta ohitura txarrak ikusten baditugu.
  • Jatorri negatiboa eta zilegitasun negatiboa: gehiegikerien eta indarkeriaren bidez sortutako instituzioak ageri dira. Jatorri negatiboa dute eta horrez gain, ez dira legitimoak, ohiko zilegitasun irizpideak kontuan hartzen baditugu. Adibidez, esklabotza, mirabetza, mafiak, inkisizio-erakundeak, erregimen arrazistak… Zenbait instituzio jatorritik bertatik kritikatu eta baztertu izan ditugula bidegabeak izateagatik, eta urteak igaro arren, instituzio horiek inoiz ez ditugula legitimotzat hartu.
  • Jatorri negatiboa eta zilegitasun positiboa: baliteke instituzio bat indarkeriaren eta gehiegikerien bidez sortu izana, baina, hala eta guztiz ere, instituzio hori legitimotzat hartu ahal izatea, baldintza jakin batzuk betez gero. Adibidez, lur sailen jabetza pribatuaren jatorrian, indartsuenek lur sail handiak eskuratu zituzten, ahulenen bizkar. Hala ere, gaur egun legitimoa dela onartzen dugu.
  • Jatorri positiboa eta zilegitasun negatiboa: instituzio baten jatorria hutsik gabea izan daiteke etikaren ikuspegitik, baina litekeena da instituzioa bera legitimoa ez izatea. Esaterako, herri jai batzuetan alkohol gehiegi edaten dute.

Gizartea eta Gizarte-Antolamendua

2.1. Gizartea Antolatzeko Modua

Gizarte orok antolaketa modu jakin bat du, hots, gizarteko kideen arteko harremanek nolakoak izan behar duten zehazteko jokabide arau multzo jakin bat. Ordena sozial hori gizakiok ezartzen dugu: guk eratzen eta aldatzen dugu ordena soziala, eta horrela, gizartea antolatzeko hainbat modu sortzen ditugu.

Gizarte bakoitzak hainbat arazori egin behar izan die aurre, eta arazo horiek gero eta konplexuagoak izan diren heinean, antolaketa moduak ere konplexuago bihurtu dira. Funtsean, honako antolaketa modu hauek daude:

  • Tribala: komunitate txikiak dira, familia-loturetatik abiatuta egituratuak eta iraupeneko ekonomia izan ohi dute.
  • Esklabista: komunitate tribalak baino askoz handiagoak dira (esate baterako, hiriak eta inperioak), eta funtsezko ekoizpena esklaboen esku egon ohi da.
  • Feudala: ordena politikoa eta babes militarra ezartzeaz arduratutako jauntxo feudalen eta buruzagi militar eta politikoen inguruan egituratutako gizarteak dira. Ekonomia nekazaritzakoa da funtsean, eta morrontza-harremanetan oinarritzen da.
  • Modernoa: industriaren eta merkataritzaren garapenean oinarritzen da, eta estatu nazionala da antolaketa politikoaren muina.

Estatu modernoa da gizartea antolatzeko modu nagusia, baina ez bakarra. Familia, toki-komunitateak, truke ekonomikoa, elizak, herritarren erakundeak eta abar ere badira. Ez ditugu esparru publikoa eta estatuaren esparrua nahastu behar. Horra hor estatua eta gizarte zibila argi eta garbi bereiztearen garrantzia.

2.2. Estatu Modernoaren Ezaugarriak

Boterearen monopolioa

Estatu modernoaren ezaugarri nagusia bere lurraldean bortxazko boterea monopolizatu nahi izatea da. Honela definitu zuen estatua Max Weberrek: lurralde jakin batean menderatze-tresna gisa legezko indarkeria monopolizatzea lortzen duen erakundea da estatua, eta instituzio forma hartzen du.

Instituzio horrek ezaugarri hauek ditu:

  • Erakunde politikoa da, inpertsonala eta subiranoa; bere lurraldearen gain goreneko eskumena du, eta berak baino ez du ahalmenik hainbat gai arautzen dituzten legeak (herritar guztiei dagozkienak eta nahitaezkoak) aldarrikatzeko: zergak, karguak, sariak, pribilegioak, eskubideak, betebeharrak eta abar.
  • Boterearen egitura bateratua du; egitura horrek legitimoa izan nahi du, eta bere horretan irauten du, gobernariak edo gobernatuak aldatu arren. Botere hori burokraziaren bidez gauzatzen da, erakunde hierarkikoan lan egiten duten funtzionarioen bitartez.

Menderatzea eta Legitimazioa

Gizarteak behar bezala funtzionatzeko eta bere helburuak erdietsi ahal izateko, beharrezkoa da aginteren bat egotea; aginte horrek gai izan behar du, batetik, herritarren jokabidearen gain eragiteko, haien gogoz kontra bada ere, eta bestetik, zenbait jokabide bete egingo direla bermatzeko asmoz, zigorrak eta bortxak ezartzeko.

Aginte hori gizarte osoak onartu behar du, hau da, gizarteak aldez aurretik aitortu behar die gobernariei haien nahia inposatzeko boterea eta eskubidea. Horri legitimazio deritzo, eta gobernariek botere hori erabiltzea eta agintea bera justifikatuta daudela esan nahi du.

Gizarteak, beraz, ontzat ematen ditu aginte-harremanak, menderatze politikoa. Max Weberrek dioenez, legitimazio hori hiru prozesuren bidez gerta daiteke, eta prozesua nolakoa den, menderatze mota hauetako bat izango dugu: karismatikoa, tradizionala edo arrazionala/legala.

Gaur egungo gizarte pluralistetan, botere politikoaren legitimazioa arrazional/legal gisa baino ezin da eratu. Izan ere, menderatze mota horixe da herritar guztiek onartzeko moduko prozedurak ezarriko dituen bakarra.

Entradas relacionadas: