BPG Biztanleko (1931-1973): Autarkiatik Garapenera

Clasificado en Matemáticas

Escrito el en vasco con un tamaño de 4,66 KB

BPG Biztanleko (1931-1973): Autarkiatik Garapenera

Grafikoaren Azterketa eta Iturria

Aurrean daukagun grafikoa lineala da eta BPG/biztanleko datuak ematen dizkigunez, izaera ekonomikoa du. Grafikoa denez, bigarren mailako dokumentu historiografikoa dugu, publikoki argitaratua dagoelako. Iturria eman ez badigute ere, Prados de la Escosura-ren Spain's Gross Domestic Product (1995) liburuan agertzen da.

Atentzioa deitzen digun lehena izenburua da: 1931-1973 arteko datuak iragartzen baditu ere, 1931-1939 bitartekoak ez dira grafikoan agertzen. Agertzen denarekin bi garai nabarmen bereiz daitezke: 1951-1953 aurrekoa eta data honen ondorengoa.

1939-1953: Autarkia eta Atzerakada Ekonomikoa

Hasierako datuak baxuak dira, ez dira 100.000ra iristen. 1943rako zertxobait igo eta gero, poliki jaitsi egiten dira. Gerra aurreko II. Errepublika garaiko adierazleak falta badira ere, badakigu (Tamames eta Tuñón de Larari jarraituz) 1951-53 urtekoen parekoak zirela.

Urte horiek arte jaitsiera handia ikusten da. Gerra Zibila eta honen ondorengoak azaltzen dute hori, edozein gerrak hondamen handia ekartzen baitu. Baina okerrago izan zen garaileek ezarritako erregimen ekonomikoa: autarkia.

Autarkiaren Ondorioak

Estatuak ekonomiaren erabateko kontrola hartuko du, antiliberalismo eta antikomunismo politika inguru batean. Nekazaritza bultzatu nahi du dagoen goseari aurre egiteko. Hala ere:

  • Kontrol desegokiek, merkatu librearen faltak eta izugarrizko ustelkeriak egoera okertu egingo dute.
  • Merkatu beltza loratu zen.
  • Errazionamendu kartilen beharra urte askoz luzatu zen.

Industriari dagokionez, autohornikuntza eta armamentukoari emango zaie lehentasuna hasieran. Emaitza oso kaxkarrak izanik, estatuak bere holding propioa sortuko du 1941ean: INI (Industria Nazionalaren Institutua).

Hemen arrakasta oso txikia izan zen, estatuaren kontrol handia dela eta lehengaiak, erregaia, kapitala, etab. lortzeko zailtasunengatik, nazioarteko isolamendu egoera batean.

1951-1973: Liberalizazioa eta Garapen Ekonomikoa

Bigarren garaia, aldaketen garaia, 1951-53an hasten da, grafikoan bat-bateko igoera nabarmena dagoelarik. Garai honek gertaera politikoekin lotura estua du:

  1. Nazioarteko "Gerra Hotza" egoeran, Frankoren erregimena baliagarri bihurtu zen mendebaldeko potentzia hegemonikoarentzat (AEBrentzat).
  2. Haren eraginari esker, 1950eko bukaeran NBEko betoa altxatu eta erakundeetan sarrera ahalbideratu zitzaion.
  3. 1953ko Konkordatuak ere bide horretan eragin zuen.
  4. Garrantzitsuena urte berean AEBrekin izenpetutako tratatua izan zen: base militarraren truke laguntza ekonomikoa eta, aldi berean, diplomatikoa lortu zen.

Egonkortze Plana eta Garapen Planak

Honekin erregimenak barne-berrantolaketa bati ekingo dio, arlo ekonomikora mugatuko dena. Mugimenduko aginte postuetan buruzagi falangistei ministro teknokratek lekua hartuko diete eta doktrina ekonomiko berri bati hasiera emango diote, ekonomiaren liberalizazio graduala ekarriko duena.

Horrela, 1959an Egonkortze Plana jarriko da martxan, zeinak ekonomiaren garapen orekatu baten oinarriak ezarriko baititu eta Espainiar ekonomia nazioarteko zirkuituetan txertatzea ahalbideratuko du. Plan honek inflazioa murriztu eta prezioak egonkortuko ditu.

Honen ondoren, Garapen Planak jarriko dira martxan 1964-73 bitartean, industriari bultzada emango diotena. Plan hauek indikatiboak baziren ere, ekimen pribatuari industriaren motor betebeharra uzten bazioten ere, estatuaren laguntza (egiturak modernizatzeko, gune berriak sortzeko eta abar) garrantzitsua izan zen.

Ondorioak eta Grafikoaren Joera

Grafikoan argi eta garbi ikusten dugu aipatu guztia:

  • 1951. urteak markatzen du goranzko abiapuntua (NBEk betoa altxatu ondoren).
  • 1953an antzematen dugu beste gorakada bat, baina etengabea.
  • Beste mugarri bat 1959. urtekoa da, Egonkortze Planaren urtea.
  • 1963tik aurrera gora eta gora egiten du grafikoak, Garapen Planek eragina dutelarik.

BPGaren igoera handia da. Barne kontsumo pribatua ere handitu egin zen urte hauetan, errenta biztanleko handitu zelako. Esan daiteke urte hauetan finkatu zela Espainiako industrializazioa: kapitalak (barnekoak zein kanpokoak) handitu eta produktibitatea ere bai, industria produkzioaren esportazioak nekazaritza produktuenari aurrea hartzea ahalbideratuz.

Baina honek bere akatsak ere izango ditu: industria honek teknologia eta erregaiak kanpotik inportatu behar ditu, eta honek faktura pasako dio 1973tik aurrera.

Entradas relacionadas: