Bronsted-Lowryren edo Protoi Transferentziaren Teoria
Clasificado en Química
Escrito el en vasco con un tamaño de 3,56 KB
BRÖNSTED-LOWRYREN EDO PROTOI TRANSFERENTZIAREN TEORIA:
- Azidoa beste substantzia bati protoi bat, H+ ioi bat, emateko gai den espezie kimiko oro da, molekularra nahiz ionikoa.
- Basea beste substantzia batetik protoi bat, H+ ioi bat, hartzeko gai den espezie kimiko oro da, molekularra nahiz ionikoa.
Azido-base erreakzioa azido batetik base baterainoko protoi baten, H+ , transferentzia da.
Substantzia Anfoteroak:
Izaera azidoa edo basikoa erlatiboa da, substantzia batzuek azido moduan zein base moduan jardun dezakete, haiekin erreakzionatzen duten beste substantzien arabera. Fenomeno horri anfoterismo deritzo eta honelako substantziei anfotero deritze.
Laborategian:
- Disoluzioen pH-aren neurketa pH-metro izeneko tresnaren bidez egiten da. Tresna horren elektrodoak disoluzioan sartuta, eskalan pH-aren balioa zuzenean irakurtzen da.
- Paper adierazle unibertsala (Tornasol papera): pH-a gutxi gorabehera neurtzeko. Disoluzioan paper zatitxo bat sartuta, paperak kolorea hartzen du, gorritik urdineraino (azidoa → gorria ; neutroa → berdea ; basea → urdina).
Ionizazio- Edo Disoziazio-maila:
Azido edo base ahul baten ionizazio-maila, α, erlazio bat da: ionizaturiko azidoaren edo basearen orekako kontzentrazioaren eta hasierako kontzentrazioaren arteko zatidura.
GATZEN HIDROLISIA:
Gatz baten hidrolisia gatzaren ioiek urarekin egin dezaketen azido-base erreakzioa da. Gatzaren hidrolisia gertatuz gero, ea H3O+ ioien kontzentrazioaren gehikuntza edo OH- ioiena gertatzen den aztertu behar da. H3O+ ioien kontzentrazioaren gehikuntza gertatzen bada, disoluzioa azidoa izango da (pH<7) eta OH- ioiena gertatuz gero, basikoa izango da (pH>7).
AZIDO-BASE BALORAZIOAK:
Ur-disoluzioan gertatzen den azido baten eta base baten arteko erreakzio osoari neutralizazio-erreakzioa deritzo, eta gatz baten eta, orokorrean, uraren eraketa ahalbidetzen du. - Azidoa + Basea → Gatza + Ura / HA + BOH → AB + H2O
Erreakzioa itzulezin gisa adierazten da, eta ez oreka gisa, neutralizazioa beti osoa delako kantitate estekiometrikoan.
Neutralizazioa zehazki azidoaren disoziaziotik datozen protoien eta basearen disoziaziotik datozen OH- ioien artean ematen da. - H+ (aq) + OH- (aq) → H2O (l) edo H3O+ (aq) + OH- (aq) → 2 H2O (l)
Neutralizazio izenak ez du lorturiko disoluzioa hertsiki neutroa denik zertan adierazi; hau da, pH = 7 denik, pH-a erreakzioan eratu den gatzaren hidrolisiaren mende dagoelako.
Neutralizazio-erreakzioa, praktikan, azido-base balorazioetan erabiltzen da.
Azido-base balorazioa disoluzioan dagoen azidoaren kontzentrazioa zehaztea da, base baten kontzentrazio ezagunetik abiatuta, edo alderantziz ere, neutralizazio-erreakzioan oinarrituta.
Azidoaren balorazioari azidimetria deritzo, eta basearenari, alkalimetria. Prozedurak neutralizazio-bolumetria izena ere hartzen du.
Balorazioa azidoa eta basea nahastuz gertatzen da, baliokidetza-puntua lortu arte (neutralizazio-erreakzio osoa izan deneko unea lortu arte). - Puntu horretan: H3O+ ioien kopurua (azidotik datozenak) = OH- ioien kopurua (basetik datozenak).
Erreakzioaren bukaera-puntua antzemateko adierazle bat erabili ohi dira. Adierazlearen kolore-aldaketa gertatzen denean lortzen da, adierazlea erreaktiboei aurretik gehituz.
Azido-base adierazlea izaera azidoa edo basikoa ahula duen substantzia da, eta kolore desberdinak hartzen ditu disolbatuta dagoen disoluzioaren pH-aren arabera.
Balorazioa egokia izateko, bukaera-puntuak eta baliokidetza-puntuak bat etorri behar dute.