Cadizko Konstituzioa (1812): Analisia eta Garrantzia
Clasificado en Historia
Escrito el en vasco con un tamaño de 6,24 KB
Cadizko Konstituzioa
Testuaren Kokapena
Testu honek Cadizko Konstituzioa du hizpide. Ez da Cadizko Konstituzio osoa, zati bat baizik. Lehen mailako testu juridiko bat da.
1812. urtean idatzi zuten Cadizen, Independentzia Gerra piztu zen garaian. Frantsesek penintsula hartu zutenean, Cadiz eta beste hainbat puntu izan ezik. Napoleonen anaia, Jose Bonaparte, Espainiako erregea zen, Napoleonek dinastia aldaketa bultzatu ondoren. Napoleonek Espainia inbaditu zuenean, Fernando VII.a gatibu hartu zuen, ezin baitzen Espainiara itzuli arrisku politikoa zela eta.
Egilea Cadizko Gorteak dira, eta hiru joera ideologikoz osatuta zeuden:
- Kontserbadoreak: erreforma guztien aurkakoak eta Erregimen Zaharra bere horretan mantentzearen aldekoak zirenak;
- Berritzaileak: erreformak nahi zituztenak;
- Liberalak: Erregimen Berria nahi zutenak.
Testuaren hartzaileak espainiarrak dira, bai penintsulakoak, bai kolonietakoak ere. Baina, nolabait ere, frantsesen botere militar eta politikoari erronka gisa zuzendua ere badagoela esan daiteke, Jose I.aren eta Baionako Estatuaren zilegitasuna errefusatzen delako. Publikoa, ofiziala eta nazio mailakoa da.
Testuaren Analisia
Badira testu honetan aztertzea merezi duten kontzeptu eta esaldi batzuk:
- Fernando VII.a (1. lerroa), esaterako. Fernando VII.a Borboi familiakoa zen eta 1813tik 1833ra egon zen gobernari gisa. Desiratua edo Errege Azpisugea bezala ere ezaguna zen. Karlos IV.a eta Maria Luisa Parmakoaren semea zen. Aipatutakoek 14 seme-alaba izan zituzten, eta horietatik bederatzigarrena izan zen Fernando. 1808an, Aranjuezko altxamenduaren ondorioz, Fernando VII.ak bere aita Karlos IV.ari abdikatzera behartu zion. Urte horretan bertan, haien egoera txarra ikusita, Napoleonek Baionan elkartu zituen eta biei abdikatzera behartu zien, kargua bere eskuetara igaro zen arte. Ordutik, Independentzia Gerra amaitu zen arte, Fernando VII.a atxiloturik eduki zuen Valençayko gaztelu batean. Bera hor zegoen bitartean, Madrilen, frantsesen aurkako 1808ko maiatzaren 2ko altxamendua gertatu zen eta Espainiako Independentzia Gerra hasi zen.
- Azaldu beharreko beste kontzeptu bat Jainkoaren graziaz eta Espainiako Monarkiaren Konstituzioaz Espainiako errege denak (1-2. lerroak) da. Monarkia ulertzeko bi kontzeptu kontrajarri bateratzen ditu: Erregimen Zaharrekoa eta liberala. Erregimen Zaharrean, erregearen boterearen jatorria jainkotiarra da. Liberalak, aldiz, nazioaren borondatea sinbolizatzen duen konstituzioa du jatorritzat.
- Hurrengo kontzeptua, Haren faltan eta gatibotasunean (2. lerroa), Napoleonek Fernando VII.a Valençayko gazteluan gatibu daukala azpimarratzea da.
- Gorte Nagusiek eta bereziek izendatutako Erregetzako erregeordetza (2-3. lerroak): Lehenak, Batzar Goren Zentrala desegin ondoren Cadizen bildutako Gorteak dira, eta bigarrena Fernando VII.aren funtzioak betetzeko izendatu zen batzarra da.
- Azkenik, bi hemisferioetako espainiarrak (5. lerroa): penintsulako zein kolonietako biztanleak.
Fernando VII.a Frantzian preso zegoen bitartean, 1812ko Konstituzioa idatzi zuten. Irakurri dugun testuak hainbat printzipio aipatzen ditu:
- Subiranotasun nazionala: ez herri subiranotasuna (sufragio aktiboan emakumeek, esklaboek eta zerbitzariek ez zuten bozkatzeko eskubiderik. Sufragio pasiboa, berriz, zentsitarioa zen, urteko errenta zehatza eduki behar zen). Baionako Abdikazioak baliogabetzeko intentzioa zuen. Espainiako nazioa penintsulako eta kolonietako espainiarrek osatzen dutela azpimarratzen da.
- Gobernu mota: estatu konfesional katolikoa eta herentzia bidezko monarkia izan beharko litzatekeela aipatzen da.
- Botere banaketa: Botere legegilea Gorteek eta erregeak edukiko dute, exekutiboa erregeak soilik, eta judiziala epaitegiek.
- Hiritarren eskubideak: Herritarrek adierazteko askatasuna izango dute, betiere legeak onartzen badu.
- Hiritarren betebeharrak: zergak ordaintzea, bakoitzak duen ahalmen ekonomikoaren arabera.
Testua Testuinguruan Jartzea
Cadizko Konstituzioaren testuinguruan, barne eta kanpo politikak bereizten ziren. Barne politikan, Erregimen Zaharraren eta Borboien dinastiaren krisia azaltzen da. Kanpo politikari dagokionez, Napoleonek, Frantziako Iraultzaren eta ideia liberalen hedapena eragin zuen. Espainiako erregea Fernando VII.a zen, eta Napoleonek Espainia inbaditu zuenean, tronutik bota zuen. Frantziara itzuli behar izan zuen, Napoleonek dinastia aldaketa bultzatu nahi baitzuen: errege familia Borboi izan beharrean, Bonaparte izatea nahi zuen. Penintsula guztia inbaditu zuen, Cadiz izan ezik, ingelesen tropak zeudelako. Frantzia eta Espainiaren artean Independentzia Gerra bat egon zen, eta Fernando VII.a Frantzian gatibu egon zen, Napoleonek ez baitzuen nahi Espainiara berriz itzultzea, arazo asko ekarriko zituelakoan. Batzarrek herriaren subiranotasuna eta aginte legitimoa sortu zituzten, eta Cadizen Gorteak eratu zituzten. Horrela, Erregimen Zaharreko munduaren amaiera eta ideia zein iraultza liberalaren etorrera etorri zen.
Testuaren Garrantzia
Cadizko Konstituzioak ondorio ugari ekarri zituen munduan. Honek beste herrialde batzuei bultzada eman zien konstituzio desberdinak ezartzeko: Frantziako 1791ko Konstituzioa eta Amerikako 1787koa ditu oinarri, eta bera ere Europa eta Amerikako beste hainbat konstituzioren eredu izan zen. Dokumentu honek aurrerapen funtsezkoa ekarri zuen Espainiako politika modernizatzeko. Honek liberalismoaren hedapena eragin zuen, eta lehen aipatu dugun bezala, herrialde askotan eta kasu batzuetan Europa mailan ere.
Bestalde, testuak bi alderdi nagusi azpimarratzen ditu:
- Antzinako Erregimenaren arrastoak, hala nola erlijioa, Jainkoa, erregeari ematen zaion boterea eta pribilegioak.
- Kontzeptu eta erakunde berriak.
Ondorioak epe motzean ez ziren oso nabarmenak izan, ez kronologikoki, ezta geografikoki ere. Baina epe ertain edo luzera, haren garrantzia eta hedapena areagotu egin ziren.