Curriculumaren Kontzeptua, Definizioak eta Iturburuak

Clasificado en Magisterio

Escrito el en vasco con un tamaño de 4,25 KB

Curriculum Ezkutua eta Nulua

Curriculum Ezkutua (edo Inplizitua)

Curriculumaren interpretazioan (esperientzia gisa ulertuta), berezko adierazgarritasuna du curriculum ezkutuaren (edo curriculum inplizituaren) kontzeptuak.

Honela defini dezakegu:

Ezagutzak transmititzeko azaleko helburuekin batera, ikastetxean burutzen diren planifikatu gabeko esperientziak dira, nahitaezkoak edo nahi gabekoak, kontzienteak edo inkontzienteak, eta hauek sortarazten dituzten prozesu eta eraginak.

Esperientzia "ezkutu" hauek ez daude inongo dokumentutan planifikaturik edo esplizitaturik, eta, are gehiago, hezkuntza-proiektuan agertzen denarekin kontraesankorrak izan daitezke.

Curriculum Nulua

Curriculum ezkutuaren beste adierazpen bat ematen edo azaltzen ez dena da.

Eskolak ikasleei ezkutatzen dien curriculum horri Gimeno Sacristanek eta Perez Gomezek (1983) curriculum nulua deitzen diote.

Haiek dioten bezala:

Eduki batzuen ausentzia ez da ustekabekoa, erabaki eta baieztapenen ondorioa baizik, nahiz eta esplizituak ez izan. Hezkuntza-erakundeek ezkutatzen dutenaren bidez ere erakusten dute.

Curriculumaren Definizioak

  • Testuinguru historiko eta soziokultural zehatz batean sortzen eta kokatzen den gizartearen eta erakundeko partaideen hezkuntza-asmoen esplizitazio teorikoa (plangintza) eta praktikoa (prozesua). (Pello Ayerbe eta X. Etxague)
  • Kultur proiektu hautatua da curriculuma, eta kulturalki, sozialki, politikoki eta administratiboki baldintzatuta dago. Proiektu hau eskola-jardueretan gauzatzen da eta eskola-instituzioak dituen baldintzetan garatzen da. (Gimeno Sacristan, 1988)
  • Hezkuntza-asmo baten hastapena eta funtsezko ezaugarriak komunikatzeko saioa da curriculuma; eztabaida kritikoari irekita dago, eta praktikan modu eraginkorrean ezar daiteke. (Stenhouse, 1984)

Curriculumaren Iturburuak

Curriculumaren Funtzioak

Ikusi dugunez, curriculumak bi funtzio nagusi betetzen ditu:

  • Hezkuntza-sistemaren asmoak esplizitu bihurtzea.
  • Irakaskuntza-praktika orientatuko duen gida izatea.

Funtzio bikoitz hau curriculumaren informazio eta elementuetan islatzen da, eta ondoko lau galdera nagusiren inguruan egituratzen da:

  • Zertarako irakatsi?
  • Zer irakatsi?
  • Nola irakatsi?
  • Zer, nola eta noiz ebaluatu?

Iturburuen Deskribapena

Oinarrizko lau galdera horiei erantzuteko, beharrezkoa da curriculumaren iturburuetara jotzea, hauek aukera desberdinak mugatzen dituzten oinarrizko erreferentziak eskaintzen baitituzte.

Hona hemen aipatutako lau iturburuak:

  • Iturburu soziologikoa
  • Iturburu psikologikoa
  • Iturburu pedagogikoa
  • Iturburu epistemologikoa

Iturburu Soziologikoa

Iturburu honek hezkuntza-sistemari egiten zaizkion gizarte-eskarien berri ematen du. Honako alderdi hauek lantzen ditu:

  • Ikasleen sozializazio-prozesua eta helduarorako prestakuntza.
  • Kultur ondarearen, gizarte-balioen eta ideologia nagusien transmisioa, eta, aldi berean, horien aldaketan eta sorpenean egiten den ekarpena.
  • Eskarien aniztasuna.
  • Azkenik, balio hauetarako prestakuntza: tolerantzia, bakea, elkarbizitza, parte-hartzea, giza eskubideekiko errespetua, berdintasuna onartzea, ingurumenaren babesa, osasunaren sustapena, aisialdiaz gozatzea eta kultura.

Iturburu Psikologikoa

Iturburu honek garapen ebolutiboak, oro har, dituen prozesuen berri ematen du; hau da, gaur egun pentsamenduaren eta nortasunaren eraikuntzarako ikaskuntzari eta prozesu kognitibo, afektibo eta moralei buruz ezagutzen denaz informatzen du.

Iturburu Pedagogikoa

Curriculuma egiteko diseinu-, garapen- eta aplikazio-faseetan ezinbestekoak diren elementuen berri ematen du, bai oinarritze teorikotik, bai esperientzia praktikotik abiatuta.

Iturburu Epistemologikoa

Curriculum-arloak eta -gaiak osatzen dituzten ezagutza zientifikoen berri ematen digu, baita beste elementu hauei buruz ere:

  • Zientzia desberdinen barne-egitura eta haien arteko harremanak.
  • Haien lan-metodoak.
  • Garapena eta aplikazioak.

Entradas relacionadas: