Datu-transmisioa eta Multiplexazioa: Oinarriak eta Teknikak
Clasificado en Tecnología
Escrito el en vasco con un tamaño de 3,37 KB
Datu-transmisioa: Oinarrizko Kontzeptuak
Datu-transmisioa komunikazio-sare bat erabilita, datuak puntu batetik bestera igortzea da. Komunikazio elektronikoan bi transmisio mota bereizten dira: analogikoa eta digitala.
Transmisio Analogikoa
Transmisio analogikoan, informazioa uhin modulatzaile baten bidez garraiatzen da, uhin eramaile analogiko batean txertatuz. Hiru uhin mota bereizten dira:
- Uhin modulatzailea: Igorri behar den informazio digitala.
- Uhin eramailea: Garraiorako seinale analogikoa.
- Uhin modulatua: Aurreko bi seinaleen batuketa.
Modulazio-teknika nagusiak hauek dira:
- Anplitude-modulazioa: Uhin modulatzaileak uhin eramailearen anplitudean eragiten dituen aldaketen bidezko modulazioa.
- Maiztasun-modulazioa: Uhin modulatzaileak uhin eramailearen maiztasunean eragiten dituen aldaketen bidezko modulazioa.
- Fase-modulazioa: Uhin modulatzaileak uhin eramailearen fasean eragiten dituen aldaketen bidezko modulazioa. Adibidez, 0 digitala 0 graduko desfasearekin eta 1 digitala 180 graduko desfasearekin adieraz daitezke.
Transmisio Digitala
Transmisio digitalak abantaila ugari eskaintzen ditu transmisio analogikoarekin alderatuta:
- Interferentzia gutxiago ditu.
- Seinale digitalak berreraiki daitezke, zarata eta distortsioa ezabatuz.
- Errore gutxiago gertatzen dira.
- Funtzio konplexuak inplementa daitezke.
- Zerbitzu desberdinak bidal daitezke aldi berean: ahotsa, datuak, irudiak, etab.
Multiplexazioa: Kontzeptuak eta Teknikak
Multiplexazioa ulertzeko, bi ideia bereizi behar dira:
- Transmisio-bidea: Fisikoa da.
- Transmisio-kanala: Transmisio-bidean egin daitezkeen konexio logikoak dira.
Multiplexazioa banda bakar batetik, aldi berean eta seinale bakar batean, bi seinale edo gehiago transmititzeko teknika da.
Multiplexazio-teknika nagusiak ondokoak dira:
Maiztasun-zatiketan oinarritutako multiplexazioa (FDM)
Teknika honetan, maiztasun-tartea bandetan zatitzen da; banda bakoitzari kanal logiko bat dagokio. Kanalen artean banaketa-banda bat egon behar da, interferentziarik ez izateko.
Denbora-zatiketan oinarritutako multiplexazioa (TDM)
Teknika honen bitartez, igorpen-denbora tarte berdinetan zatitzen da, kanal bakoitzak denbora-tarte bat duelarik. Transmisio-kanal bakoitzeko igorleak eta hartzaileak dagokien denbora-tartean soilik igortzen/jasotzen dute. Beraz, ezer igortzen ez badute, denbora-tartea alferrik galtzen da.
Multiplexazio estatistikoa
Aurreko multiplexazio moten akatsa transmisio-kanal bakoitzak banda-zabalera edo denbora-tarte finko bat izatea da. Kasu honetan, denbora-tartea edo banda-zabalera dinamikoki esleitzen da, informazio gehiago igorri behar duten estazioei denbora-tarte handiago bat esleituz. Kanal batek denbora gehiago behar badu, beste batena erabil dezake, honek behar ez badu.
Uhin-luzera zatiketan oinarritutako multiplexazioa (WDM)
Uhin-luzera desberdineko bi seinale edo gehiago zuntz optiko bera erabilita eta aldi eta noranzko berean transmititzeko teknika da.