Depresio Handia: Jatorria eta Hedapena
Depresio Handia
Burtsaren erorketak kate-erreakzioa eragin zuen. Amerikako Estatu Batuetako ekonomia erabat gelditu zen, krisialdi luzea hasi zen: Depresio Handia esaten zaio. Krisi horrek ezaugarri hauek zituen:
- Burtsaren erorketaren ondorioz, aurrezkia desagertu egin zen eta kreditua, kontsumoa eta inbertsioa izugarri murriztu ziren. Horren ondorioak berehala igaro ziren burtsatik ekonomia errealera.
- Bankuek porrot egin zuten, pertsonek aurrezkiak ateratzen zituztelako eta mailegu asko itzuli gabe geratu zirelako. 9.000 banku inguruk egin zuten porrot, eta milioika herritarren aurrezkiak desagertu ziren.
- Eskaria eta inbertsioak bertan behera geratu ziren, eta horrek industria-krisia eta langabezia tasa handiak ekarri zituen. Kontsumo pribatuak bat-batean behera egin zuen; horrekin batera, prezioek eta irabaziek ere behera egin zuten, eta stockak handitu egin ziren. 1929an, Amerikako Estatu Batuetako industria-ekoizpena %50 murriztu zen, eta porrotak 23.000 enpresa ingururi eragin zien. Langabeen kopurua, berriz, 12 milioi pertsonara iritsi zen (biztanleria aktiboaren %25) 1932an.
- Munduko herrialderik aberatsenak ez zuen langabeei laguntzeko sistemarik; horrenbestez, miserian geratu ziren. Milioika herritar etxerik gabe geratu ziren, desnutrizioa nahiz bizirik irauteko arazoak zituzten, eta arlote bihurtu ziren edota txaboletan pilatuta bizi ziren.
- Nekazaritza-krisia areagotu egin zen, prezioek hondoa jo zutelako eta nekazarien erosahalmena izugarri murriztu zelako. Zorrak zirela-eta, etxaldeak desjabetu egin zituzten, eta milioi eta erdi pertsonak beren etxeak utzi behar izan zituzten beste lekuen batean lana bilatzeko.
Krisia hedatzeko mekanismoak
Estatu Batuak ziren munduko lehen potentzia ekonomiko eta eragile finantzario nagusia. Horrenbestez, krisia berehala hedatu zen beste herrialde batzuetara, eta ondorio berak edota are larriagoak izan zituen. Krisia bi bitartekoren bidez hedatu zen munduko gainerako lekuetara: nazioarteko merkataritzaren eta finantzen bidez.
Nazioarteko Merkataritza
1929tik 1932ra bitartean, munduko merkataritza bere balioaren bi heren murriztu zen. Amerikako Estatu Batuetan, inportazioen eskariak behera egin zuen, eta 1930ean, Smoot-Hawley legea onartu zuten; haren bidez, herrialdeko aduana-tarifak %50 igo ziren. Neurri horrek herrialde askoren esportazioen beherakada ekarri zuen.
Protekzionismo ekonomikoak oso ondorio negatiboak izan zituen munduko merkataritzarako. Politika horiek zirela-eta, trukeak bertan behera geratu ziren 1930eko hamarkada osoan; horrek krisia are gehiago larriagotu zuen eta depresioa luzatu zuen.