Descartesen metodoa: Arrazoia ala esperientzia?

Clasificado en Filosofía y ética

Escrito el en vasco con un tamaño de 2,81 KB

Descartesen metodoa: Arrazoia ala esperientzia?

Descartesen metodoaren oinarriak

Descartesek, arrazoian oinarrituriko metodo bat aldarrikatu zuen, egiazko ezagutzak lortzeko asmoz. Zalantza metodikoa aplikatuz, bere lehen lorpen ziurra erdietsi zuen. Hortik abiatuta, lehenengoz, Jainkoaren existentzia eta, ondoren, munduarena demostratzeari ekin zion. Baina, benetan, metodo horrez baliatzea nahikoa eta egokia izango al da gizakiak egiazko ezagutzak lortzeko? Edo zerbait gehiago al dago?

Arrazionalismoaren ikuspuntua

Descartes arrazionalista izanik, arrazoia ezagutza-iturri bakartzat hartzen du, bere metodoa proposatzearen bidez. Bere pentsamenduaren aldeko filosofo bat baino gehiago egon dira historian zehar, hala nola, Sokrates eta Platon. Haien arabera, jaiotzetiko ezagutza dugu eta, arrazoiaz baliaturik, apurka, prozesu bati jarraituz, egiarantz helduko gara, beharrezko egiak lortzera arte. Gainera, bakarra, absolutua eta guztiontzako baliagarria den egiara. Hain zuzen ere, arrazoiaren ahalmena gizakioi egia eta inguratzen gaituen errealitatea ezagutaraztean datza, eta arrazoiak berak justifikazio-printzipioa du. Bestetik, zentzumenak eta kanpoko munduko objektuei buruzko datu sentigarrietatik datorren ezagutza gutxiesten dute, Descartesek egiten duen moduan.

Enpirismoaren kritika

Pentsamendu honen aurkako adibide argia enpirismoa dugu. Enpiristek, aurrekoek ez bezala, esperientziaz baliatu beharra aldarrikatzen dute egiazko ezagutzak bereganatzeko. Horrek ez du esan nahi arrazoia baztertzen dutenik, baina bai beharrezko egiak ezartzen ez duela; hau da, hain egia absolutuak ezen egiaztapena beharrezkoa ez den. Halaber, egia absolutua egotea ezinezkotzat hartzen dute eta, are gehiago, gizakiak lortzeko moduko egia bakarra. Gainera, egia guztiak frogatu behar direla aldarrikatzen dute, eta esperimentazioaren bidez eraldatu, zuzendu, etab. Horretan, arrazoiak huts egiten duela uste dute, esperientziatik harago joan ezin ez duelako.

Arrazoimenaren mugak eta afektuen garrantzia

Argi dago arrazoimenaren bidez ezagutzak lortu ditzakegula eta baita frogatu ere, baina ukaezina da arrazoimenak bere mugak dituela. Askotan, ez dakigu adimenean agertzen den guztia erreala den edo ez, hain zuzen, hor dagoelako (arrazoimenean), eta ez dago kanpora ateratzerik esperientziaren datuak falta zaizkiolako; beraz, ez dago demostratzerik. Hain zuzen, Descartesek argudio zirkular bat sortzen du munduaren existentzia demostratzeko. Dena den, arrazoiaz gain, gizakiok afektuen eta sentimenduen bidez ere errealitateaz ohartzen gara, eta horiek ere ezin ditugu froga enpirikoen bidez badaudela demostratu, baina errealitate bat bezala hartzen ditugu. Orduan, arrazoia ezagutza-iturria da, baina onartu beharrekoa da, halaber, ez dela nahikoa guztizko egia (baldin badago) lortzeko.

Entradas relacionadas: