Determinismoa: Kontzeptua, Motak eta Ikuspegiak

Clasificado en Psicología y Sociología

Escrito el en vasco con un tamaño de 3,87 KB

Determinismoaren definizioa eta motak

Determinismoak dioenez, geure helburuak eta ekintzak gogoaren aldez aurretik determinatuta edo zehaztuta daude. Beraz, ez daukagu barne-askatasunik. Geure helburu gorenenak zein diren ez dugu geuk erabaki; baizik eta genetikak, gizarteak edo halako beste batzuek erabaki dute.

Determinismo mota ezberdinak daude:

  • Teologikoa
  • Kosmologikoa
  • Fisikalista edo mekanizista
  • Biologikoa edo genetikoa
  • Konduktista
  • Ekonomikoa
  • eta abar.

Teologikoa izan ezik, aipaturiko besteak zientzia egiteko erabiltzen diren printzipioak eta zientziaren bitartez frogatu nahi diren hipotesi orokorrak dira.

Unibertsoari buruzko determinismo orokorrak

Determinismo teologikoa (Lutero)

Determinismo teologikoaren ordezkari garrantzitsuena Lutero da (1483-1545), katolizismoaren aurkako Erreforma protestantearen sortzailea. Dioenez, egiten dugun ekintza bakoitza Jainkoak ala Deabruak erabakitzen du. Beraiek borroka egiten dute gizaki bakoitza menperatzeagatik, eta menperatzen duenak gidatzen du gizakia, gidari batek zaldia gidatzen duen bezala.

Determinismo kosmologikoa (Estoizismoa)

Determinismo kosmologikoa estoizismoarena dela esan dezakegu. Estoizismoak dioenez, patu batek agintzen du mundua. Dena dago aurrez determinatuta, geure bizitza ere. Eta zoriontasuna eskuratzeko egin dezakegun onena geure patua onartzea da: gertatzen zaiguna onartzea eta aldatu nahi ez izatea, alegia.

Determinismo fisikalista (Laplace)

Determinismo fisikalistaren ordezkari bat Pierre-Simon de Laplace (1749-1827) fisikaria da. Laplacek dioenez, materiaren oraingo egoera eta legeak ezagutuko bagenitu, unibertso osoaren iragana eta etorkizuna ezagutu ahal izango genituzke. Unibertsoa makina edo ordulari handi bat bezalakoa da, hau da, bere gertakizun guztiak, baita gizakionak ere, gertaera molde edo lege natural aldaezin batzuen arabera gertatzen dira.

Gizakiari buruzko determinismo bereziak

Determinismo genetikoa (Dawkins)

Determinismo genetikoaren ordezkari bat Richard Dawkins (1941-...) da, zoologoa eta etologoa (animalien jokaeraren behatzailea). Dioenez, gizakiok eta animalia eta landare guztiak geneek irauteko eraiki dituzten tresnak gara. Geneek determinatzen dituzte geure gorputzaren egitura (adibidez, begien kolorea), geure izaera psikologikoa (adibidez, lotsati izatea), eta geure jokaerak (adibidez, arriskuaren aurrean korrika ihes egitea).

Determinismo konduktista (Watson, Skinner)

Determinismo konduktistaren ordezkari ospetsuenak John Broadus Watson (1878-1958) eta Burrhus Frederic Skinner (1904-1990) psikologoak dira. Watsonek esan zuenez, hezitzaile on batek zoriz aukeratutako haur osasuntsu bat edozein espezialista mota bihur dezake (sendagile, abokatu, artista, enpresari, baita eskale edo lapur), haurraren adimena, izaera, tendentziak, ahalmenak eta arraza kontuan hartu gabe. Hau da, geure jokaera heziketak determinatzen du gehien bat, eta ez jaiotzez eduki ditzakegun beste ezaugarri horiek.

Determinismo ekonomikoa (Marx)

Determinismo ekonomikoaren ordezkari garrantzitsuena Karl Marx (1818-1883) da, marxismoaren sortzailea, hain zuzen ere. Dioenez, gizartearen egitura ekonomikoa da gizarteko gertaera politikoak (gerrak, legeak) determinatzen dituena. Adibidez, gaur egun, Irakeko gerraren benetako zergatia petrolioa dela esaten da, eta hori Mendebaldeko ekonomia petrolioaren erabileran oinarritzen delako izango zen. Baina pertsona bakoitzaren jokaerak eta kontzientzia ere egitura ekonomikoak determinatuta daude. Adibidez, bakoitzak bere kotxea eduki nahi badu, ekonomia kapitalistak kontsumora bultzatzen gaituelako da; kontsumituko ez balitz, krisi ekonomikoa etorriko litzatekeelako.

Entradas relacionadas: