Dibisa Merkatua: Truke-tasen eta Moneta Sistemaren Azterketa
Clasificado en Economía
Escrito el en vasco con un tamaño de 3,18 KB
Dibisa Merkatua
Herrialde batzuek beste batzuetatik ondasunak inportatzen dituztenean, eskuarki norberaren herrialdekoak ez diren monetatan egin behar izaten dituzte ordainketak. Bi alderdi:
- Bihurgarritasuna: dibisa batek beste dibisa bat bihurtzeko duen ahalmena da.
- Dibisa merkatuetan jarduten duten finantza-bitartekariek dibisen trukeagatiko komisio bat kobratzen dute; hortaz, inportatutako salgaiaren kostuari trukearenak erantsi behar zaizkio.
Dibisen Truke-tasa
Dibisa, salgai bat da, eta zenbat eta eskari handiagoa, orduan eta prezio altuagoa, eta alderantziz. Bi truke-tasa mota daude:
- Truke-tasa zentrala: Aduana-lurralde bateko moneta-gaietako agintariek monetari ezarritako prezio ofiziala da.
- Merkatuko truke-tasa: Eskaintza-eskarien arabera dibisa-merkatuan moneta bakoitzak duen kotizazioa adierazten du.
Merkatuko Truke-tasaren Aldaketak
Merkatuan, dibisa batek beste batekiko duen truke-tasa eskaintza-eskarien legearen arabera aldatzen da. Bi aukera:
- Balio-irabaztea: Dibisa bat urria denean, bai eskaria handia delako bai beste dibisa batzuekin alderatuz gutxi dagoelako, haren prezioa igotzen da.
- Balio-galera: Dibisa bat ugaria denean, gehiegizko eskaintza dagoelako edo beste dibisa batzuen eskaintzarekin alderatuta gehiago dagoelako, balioa galtzen du.
Dibisen Eskaria Nazioarteko Merkatuan
Arrazoi nagusiak:
- Ondasunen eta zerbitzuen esportazioak eta inportazioak: Esportatzaileak ezartzen du zer monetatan egin nazioarteko transakzio jakin bat. Inportatzean aurkakoa gertatzen da: herrialde inportatzaileak eskatutako monetarekiko truke-tasa jaitsi egiten da.
- Inflazio-tasa: Herrialde batean inflazioak gora egiten badu baina ez gainerako herrialdeetan, prezioak igotzen dira eta esportazioak murrizten dira.
- Interes-tasa: Diruaren prezioa beti dago lotuta dibisa batekin.
- Balio-irabazteen edo balio-galeren aurreikuspenak: Etorkizunari begira sortutako espektatibek ere eragina dute truke-tasan.
- Moneta-gaietako agintarien jarduna: Europako Banku Zentralak ikusten badu merkatu truke-tasa oso urrun dagoela truke-tasa zentraletik, euroak erosiz edo salduz esku hartzen du.
Moneta-sistema Motak
Gaur egun hauek erabiltzen dira:
- Flotazio garbia: Hori da sistema ohikoena. Haren ezaugarri nagusia da moneta-gaietako agintariek ez dutela esku hartzen.
- Flotazio zikina: Aurrekoaren aldaera bat da. Sistema horretan ere jarduten uzten zaio merkatuari, baina batzuetan moneta-gaietako agintariek esku hartzen dute.
- Truke-tasa doigarria: Flotazio garbiaren sistema bezala, eskaintza-eskarien legearen mende dago, eta flotazio zikinaren sisteman bezala, batzuetan merkatuan esku hartzen da.
- Truke-tasa finkoa: Norberaren dibisaren kotizazioa finkatzeko, erreferentzia-dibisa bat baliatzen da.