Diktadura Frankista Euskal Herrian: Errepresioa eta Erresistentzia
Clasificado en Historia
Escrito el en vasco con un tamaño de 4,03 KB
Diktadura Frankista Euskal Herrian
Francoren erregimenaren garaian, Euskal Herriak estatuko gainerako lurraldeek izan zuten egoera berbera jasan zuen. Erregimenak Espainia bakarra nahi zuen. Giza eskubideek, eskubide politikoek, hizkuntzak, oro har, euskal kulturak, zapalkuntza handia jasan zuen.
A) Gerraostea eta erregimenaren hasierako urteak
1937ko ekainaren amaieran, Francoren tropen menpe geratu zen Euskal Herria, eta berehala hasi zen galtzaileen aurkako errepresioa. Horrez gain, indargabetuak izan ziren autonomia estatutua eta Bizkaia eta Gipuzkoako kontzertu ekonomikoak.
Gerraosteko urte haiek ekonomikoki ere gogorrak izan ziren.
Euskal abertzale eta sozialista ugari Ipar Euskal Herrira eta Frantziara erbesteratu ziren, errepresiotik ihes egiteko. Eusko Jaurlaritza ere erbesteratu zen, eta erbestetik gogor ekin zion Francoren erregimenari aurka egiteko.
Bigarren Mundu Gerra hasi ondoren, alemaniarrek Frantzia okupatu zutenean, euskal herritar asko deportatu zituzten, eta zenbait argitalpen itxi zituzten. Horren ondorioz, Eusko Jaurlaritza Parisetik New Yorkera aldatu zen.
Dena den, erbesteko oposizioak eta barnean geratu zen oposizio ahulduak itxaropena berreskuratu zuten, aliatuek irabaziz gero errepublika berrezarriko zela pentsatu baitzuten. Hori dela eta, erbestean zeuden euskaldunak aliatuengana hurbildu ziren, eta batzuk Frantziako erresistentzian sartu ziren.
Euskal Herriko ia alderdi eta sindikatu guztiek Baionako Ituna sinatu zuten: itun honetan Errepublikaren, Autonomia Estatutuaren eta Eusko Jaurlaritzaren alde azaltzen ziren.
B) Erregimena sendotzea eta oposizioaren krisialdia
1947tik aurrera, euskal oposizioak galdutzat jo zituen erregimenaren aurka nazioarteko laguntza lortzeko itxaropenak. Urte haiek oso gogorrak izan ziren euskal oposizioarentzat; izan ere, errepresioari eta nazioarteko laguntzarik ezari oposizioaren barruko tirabirak gehitu zitzaizkien. Eusko Jaurlaritzak, gerra hotzaren testuinguruan sobietarren aurka sortutako giroa zela eta, 1948an komunistak baztertu zituen. 1957an, Eusko Jaurlaritzak Parisko hitzarmena sinatu zuen, errepublikari uko eginez.
C) Garapen-aroa eta oposizio berria
60ko hamarkadan, Euskal Herriak industrializazio-prozesu berria eta azkarra izan zuen. Garapen ekonomikoak aldaketa sozial ugari ekarri zituen: immigrazioa, ohituren berrikuntza, bizimodua aldatu… Baina garapen ekonomikoak ez zuen aldaketa politikorik ekarri. 50eko hamarkada oposizioaren inolako ekimenik gabe igaro ondoren, 60ko urteetako garapen ekonomikoaren ondorioz, oposizioa indarberritu egin zen, oposizio-talde berrien parte-hartzeari esker: kleroa, ikasleen mugimendua, langileen mugimendua, kultura arloko erresistentzia (ikastolen aldeko mugimendua, Ez Dok Amairu…) eta ETA, euskal oposizioaren protagonista nagusia.
ETA 1950eko urteetan EAJtik urrundu zen unibertsitateko gazte abertzale talde batetik sortu zen. Talde horren ideologia akonfesionala, euskaltzalea eta independentziaren aldekoa zen. Erakunde honek erabaki zuen bere ideologia marxismoan oinarritzea eta ekintza armatuak erabiltzea. Lehen atentatua 1968ko abuztuan egin zuen.
ETAren barruan bi joera sortu ziren: moderatuak eta erradikalak edo militarrak. Horren ondorioz, hainbat zatiketa egon ziren, azkena 1974an, ETA militarra eta ETA politiko-militarra banandu zirenean. ETA politiko-militarrak gainerako oposizioko indarrekin parte hartu nahi zuen. Hau desagertzean, bere kideak Euskadiko Ezkerrean sartu ziren.
D) Frankismoaren amaiera
1970eko hamarkadan, euskal gizartea erradikalizatu egin zen, eta ETAk ekintza armatuak areagotu zituen. Erregimenak aurreko aldietan baino indarkeria handiagoz erantzun zuen, Burgosko gerra-kontseiluan ETAko hamaika kidetik seiri heriotza-zigorra jarri ziotenean, eta Txiki eta Otaegi eta FRAPeko hiru kideen fusilamenduekin.
Azken urteetan, diktadura garaiz kanpo eta isolatua geratu zen, eta erregimenari kohesioa ematen zion bakarra, Franco, 1975eko azaroaren 20an desagertu zenean, desegin egin zen.