Dinamika eta Newtonen Legeak: Indarren Azterketa
Clasificado en Física
Escrito el en
vasco con un tamaño de 3,14 KB
Dinamika eta Indarraren Kontzeptua
Dinamika indarrak aztertzen dituen fisikaren adarra da, baina betiere higidurari lotuta. Newtonen legeetan oinarritzen da:
- Inertziaren legea
- Oinarrizko printzipioak
- Akzio-erreakzio legea
Indarra: Gorputz bat deforma dezakeen edo pausagune edo higidura egoera alda dezakeen ekintza da. Neurtzeko tresna dinamometroa da. Unitateak: Newton (N) eta Kilopondioa (Kp), non 1 Kp = 9,8 N den. Indarra magnitude bektoriala da, eta hiru ezaugarri ditu: modulua, norabidea eta noranzkoa. Bektoreen bidez aztertzen dira.
Indar Sistemak eta Erresultantea
Indar-sistema (IS): Gorputz beraren gainean eta aldi berean eragiten duten indarren multzoa da.
IS baten erresultantea: Indar-sistema bateko indarren batura da. Erresultanteak bakarrik lortzen du ISren indarren eragin bera; hau da, indar-sistemako indar guztiak ordezkatzen ditu.
Dinamikaren Legeak: Newtonen Legeak
1. Inertziaren Legea
Inertzia: Gorputzen propietate bat da, zeinaren bidez pausagune edo higidura egoera ez aldatzeko joera erakusten duten.
Inertziaren legearen arabera, gorputz batek ez badu indarrik jasaten edo jasandako indarren batura (R) nulua denean (indarren orekan), gorputzak bere higidura-egoerari eusten dio. Geldirik badago, geldi jarraituko du; eta higitzen ari bada, HZU (Higidura Zuzen Uniformea) higidurarekin jarraituko du.
2. Dinamikaren Oinarrizko Printzipioa
Gorputz batek nulua ez den indar neto bat jasaten duenean, HZUA (Higidura Zuzen Uniformeki Azeleratua) higidurarekin mugitzen da. Indar horrek azelerazioa eragiten du. Azelerazioa jasandako indarrekiko zuzenki proportzionala da, masa konstantea izanik.
3. Akzio-Erreakzio Printzipioa
Gorputz batek beste bati indar bat egiten dionean (akzioa), aldi berean, bigarrenak intentsitate bereko eta norabide bereko, baina aurkako noranzkoan eragiten duen indar bat egingo dio lehenari (erreakzioa). Akzio eta erreakzio indarrak ez dira elkar ezabatzen, gorputz desberdinetan aplikatuta daudelako.
Gure Inguruko Indarrak
- Pisua: Lurrak bere eragin-eremuan dauden gorputzei eragiten dien indarra da. Magnitude bektoriala da.
- Indar normala: Gainazal batek bere gainean dagoen objektu bati egiten dion erreakzio-indarra da. Pisuaren zenbakizko balio bera du, baina aurkako noranzkoa.
- Marruskadura-indarra (Fr): Higiduraren norabide bera du, baina aurkako noranzkoa. Higiduraren aurka egiten duen indarra da. Elkar ukitzen duten gainazalen artean izaten da, haietako bat mugitu edo mugitzeko joera duen bakoitzean. Fr magnitude bektoriala da: modulua, norabidea (higidurarena) eta noranzkoa (higiduraren aurkakoa) ditu.
Grabitazio Unibertsala
Gorputz guztiek, masa izateagatik, elkarren arteko erakarpen-indarra jasaten dute. Indar hori masen biderkadurarekiko zuzenki proportzionala da, eta haien zentroen artean dagoen distantziaren karratuarekiko alderantzizko proportzionala.