Dioniso eta Apolo: Nietzscheren Ikuspegia
Clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en vasco con un tamaño de 3,46 KB
Nietzscheren ustez, Dionisoren eta Apoloren irudiek ongien irudikatzen dituzte azaldu berri diren bi ikuspegi kontrajarri horiek.
Bi Ikuspegi Kontrajarri: Dioniso eta Apolo
Dioniso biziaren eta jokabide irrazionalaren sinboloa da, eta Apolo, aldiz, ordenarena eta jardun arrazionalarena. Dionisok deformetasuna eta desenfrenua irudikatzen ditu. Dionisok irriken arabera jokatzea eskatzen du, biziaz alaitasunez gozatzea, baita horretarako arau sozialak hautsi behar badira ere. Apolo argiaren eta neurriaren jainkoa da. Bien arteko kontrajartzea nabarmena da, baina, Nietzscheren iritziz, bata ez da posible bestea gabe; hau da, osagarriak dira.
Arrazionalismoaren Kritika: Sokrates eta Platon
Sokratesen eta Platonen eraginez, Apolori eman zaio nagusitasuna. Europako filosofiak arrazoimena lehenetsi du, eta irrika irrazionalak baztertu nahi izan ditu, arrazionalismoarentzat ezagumena baita gizakiaren helburu nagusia. Arrazionalismoak ez du aintzat hartzen errealitatearen mugikortasuna edo aldakortasuna. Arrazionalismoak dio badirela egia objektiboak, eta arrazoimenaren bidez soilik hauteman daitezkeela.
Ezagutza eta Biziraupena: Nietzscheren Helburua
Nietzscheren aburuz, ez dago egia objektiborik. Ezagumena edo arrazoimena helburu zehatzak lortzeko tresna da; bizian aurrera egin beharra da ezagumena bultzatu behar duen helburu bakarra. Ezagumenak biziraupenaren zerbitzura egon behar du, eta, aurrerago ikusiko denez, botere-nahiarekin erlazionatuta dago nolabait. Ezagumena gizakiari errealitatea menperatzen laguntzeko tresna da.
Aro Tragikoaren Amaiera eta Arrazionalismoa
Nietzscheren ustez, Sokratesek aro tragikoa amaitutzat eman zuen, eta aro arrazionalari hasiera eman zion filosofian. Sokratesez geroztik, ezagutza da bizitza gidatu behar duena, sentimenduak alde batera utzita. Biziaren alderdi irrazional eta ludikoa krudela eta arbuiagarria izango da aurrerantzean.
Artea eta Errealitatea: Metafisikaren Ukapena
Nietzscheren aburuz, zientzia ez ezik, arteak ere beharrezkoak dira bizia ulertzeko. Nietzschek dioskunez, biziaren esanahi sakona kontzeptuen bidez azaldu nahi izatea ezinezkoa da, bizia aldakorra baita. Metafisikak errealitatearen muinean dagoen aldakortasuna ukatu nahi du, eta, ondorioz, errealitatea bera ukatzen du. Metafisikak irudimenaren emaitza baino ez den beste mundu bat hartzen du errealtzat. Nietzscheren iritziz, mundu aldakorra eta sentigarria da, ordea, abiapuntua, ez pentsamenduak sortutako kontzeptu edo ideiak.
Oreka Berreskuratzea: Presokratikoen Garrantzia
Horren guztiaren aurrean, ikuspegi bien arteko oreka galdua berreskuratu beharra aldarrikatu zuen Nietzschek. Haren ustez, ikuspegi dionisiakoak zein apolineoak dute lekua giza bizian. Arrazoimenak badu lekua, baina helburuen menpe egon behar du beti. Akatsa da mundu ikuskera apolineoa dionisiakoaren gainetik jarri nahi izatea. Nietzschek gehien estimatzen zituen filosofoetako batzuk filosofo presokratikoak izan ziren, bereziki Heraklito. Heraklitok ukatu egin zuen izateak aldaezinak direnik, eta izatearen benetako funtsa aldaketa dela azpimarratu zuen.
Filosofoaren Zeregina: Mendebaldeko Kulturaren Gaitza
Filosofoaren lana medikuarenaren antzekoa da: pazientearen osasun-egoera aztertu behar du. Nietzscheren iritziz, pazientea mendebaldeko kultura da eta gaitza idealismoa.