Dirua eta Moneta-Politika: Funtzioak eta Motak

Clasificado en Economía

Escrito el en vasco con un tamaño de 3,82 KB

Dirua: Definizioa eta Funtzioak

Dirua, oro har, onartutako truke-bitartekoa edo ordainketa- eta kobrantza-bitartekoa da. Truke-bitarteko gisa erabiltzeaz gain, hiru funtzio nagusi betetzen ditu:

  • Balore-gordailua: Aberastasuna metatzeko balio du.
  • Kontu-unitate komuna: Unitate komuna oinarri hartuta alderaketak eta multzoketak egiteko bide ematen du.
  • Truke-bitartekoa: Salgaiak eta zerbitzuak erosteko erabiltzen da.

Egungo diru-sistemak konfiantza du oinarri.

Diru-eskaria

Lehen bi funtzio horietarako (balore-gordailua eta kontu-unitate komuna), jendeak dirua eskatzen du. Eskatutako kopurua zenbait faktoreren mende dago:

  • Prezioen maila
  • Errenta edo aberastasuna
  • Merkatuko interes-tasa
  • Arriskua

Interesa

Interesa kapitalaren zerbitzuengatiko ordainketa da; hots, diruaren prezioa. Hauek dira interes-tasa handia edo txikia ezartzea baldintzatzen duten faktoreak:

  • Eragiketaren arriskua
  • Eskatzaileak eskainitako bermeak
  • Maileguaren iraupena

Bankuen Funtzioa eta Diru-eskaintza

Bankuen funtzioa

Funtsean, bankuek aurreztaileen dirua jasotzen dute, finantzaketa behar duten ekonomia-eragileei maileguan emateko. Erreserba zatikatuen bankuek gordailuen zati txiki bati soilik eusten diote inmobilizatuta, eta gainerakoa maileguan eman edo inbertitu egiten dute. Horrela, merkataritza-bankuek bezeroengandik jasotako legezko diru kantitatea handitzen dute.

Diru-eskaintza eta Moneta-politika

Diru-eskaintza ekonomia jakin batean zirkulazioan dagoen dirua da. Moneta-politika Banku Zentralak hartutako neurri multzoa da, ekonomia-helburu jakin batzuk lortze aldera; horretarako, diru-eskaintza areagotzen edo murrizten dute, eta interes-tasak aldatzen dituzte.

Espainian eta euroa monetatzat hartu duten gainerako herrialdeetan, Banku Zentralen Europar Sistema (BZES) arduratzen da moneta-politikarekin lotutako funtzioak betetzeaz.

Moneta-politika motak

Zirkulazioan dagoen diru kantitatea handitzen bada edo interes-tasak jaisten badira, moneta-politika hedatzailea da. Zirkulazioan dagoen diru kantitatea murrizten bada edo interes-tasak igotzen badira, berriz, moneta-politika murriztailea da. Lehenengoaren helburua eskari agregatuaren bolumena handitzea da, eta bigarrenarena, berriz, hura uzkurtzea.

BZESek tresna hauek baliatzen ditu ekonomia-politika aurrera eramateko:

  • Erreserba minimoen sistema
  • Merkatu irekiko eragiketak
  • Erraztasun iraunkorrak

Diru motak eta agregatuak

Diruaren bilakaera historikoa

Antzinako trukearen eta egungo paper-diruaren erabileren artean izandako bilakaeran, zenbait truke-bitarteko edo diru mota izan dira, hala nola:

  • Salgai-dirua: Adibidez, azienda, garagardoa, ardoa eta metal preziatuak.
  • Paper-dirua
  • Diru-fiduziarioa: Azken horren funtsa da pertsonok konfiantza dugula diru hori oro har denek onartutako truke-bitartekotzat erabiltzeko.

Diru-fiduziarioa

Diru-fiduziarioa bi motatakoa izan daiteke:

  • Legezko dirua: Hau da, arlo horretan eskuduntza duen erakundeak jaulkitako billeteak eta txanponak.
  • Banku-dirua: Idazpenetan jasota dagoena (euskarria edozein dela ere), baina modu birtualean soilik existitzen dena, bankuan dagoelako.

Diru-agregatua

Diru-agregatua zenbait diru mota biltzen dituen magnitudea da.

Erreserba zatikatua

Erreserba zatikatua bankuak jasotako gordailu guztietatik ez-aktibo eusten dion diruaren ehunekoa da, bezeroek dirua atera nahi dutenerako.

Entradas relacionadas: