Disoluzio Prozesua eta Disolbagarritasuna: Oinarri Kimikoak
Clasificado en Química
Escrito el en
vasco con un tamaño de 2,78 KB
Disoluzio Prozesua
Disoluzio batzuei ideal esaten zaie, haien osagaien proportzioa nahi adinakoa izan daitekeelako. Halakoa da, adibidez, uraren eta etanolaren disoluzioa.
Disoluzio Asearen Kontzeptua
Likidoetan disolbaturiko solidoen kasuan ez da horrela izaten, likido kantitate jakin batean solutu (solido) kantitate mugatu bat disolba daitekeelako.
Esate baterako, gatza eta ura. Gatz gutxirekin erraz disolbatuko da, baina gatz gehiago jarriz gero, ontziaren hondoan metatuko da. Hori gertatzen denean, disoluzioa ase egin dela esaten dugu.
Tenperatura jakin batean solutu gehiago onartzen ez duen disoluzioari disoluzio ase deritzo.
Disoluzio Prozesuaren Mekanismoa
Ikus dezagun nola disolbatzen den solutu solido bat likido batean:
- Solidoaren partikulak disolbatzailearen partikulen artean sakabanatzen dira, era horretan disoluzioa eratuz.
- Disolbaturik dauden solutuaren partikulak berriz bil daitezke solidora. Hortaz, bi prozesu gertatzen dira batera: batetik, solidoaren partikulak disoluziora pasatzen dira; bestetik, disoluzioan dauden solutuaren partikulak solidora pasatzen dira.
- Oreka dinamikoa lortu da: orain bi prozesuek abiadura bera dute. Solido kantitateak eta disoluzioko solutu kantitateak konstante irauten dute. Disoluzioa aserik dago.
Disolbagarritasuna eta Eragina duten Faktoreak
Disolbagarritasunaren Definizioa
Disoluzio asean dagoen solutu kantitate maximoari disolbagarritasun deritzo, eta tenperaturaren menpe dago.
Substantzia baten disolbagarritasuna, tenperatura eta disolbatzaile jakinetan, tenperatura horretan eta disolbatzaile horren kantitate zehatz batean disolba daitekeen solutu kantitate maximoa da.
Substantzia bakoitzak disolbagarritasun zehatz bat du.
Disolbagarritasunean Eragina duten Faktoreak
Disolbagarritasunean eragina duten faktore nagusiak presioa eta tenperatura dira:
- Gasek likidoetan duten disolbagarritasuna handiagotu egiten da presioa handitu ahala.
- Gasek likidoetan duten disolbagarritasuna txikiagotu egiten da tenperatura handitu ahala.
- Solidoek likidoetan duten disolbagarritasuna handiagoa da tenperatura handitu ahala.
Disoluzio Abiaduran Eragina duten Faktoreak
Solidoen disoluzio abiaduran eragina duten faktore garrantzitsuenak ukipen-azalera eta agitazio (edo irabiaketa) dira:
- Ukipen-azalera zenbat eta handiagoa izan, hainbat eta bizkorrago disolbatzen da solutua.
- Disoluzioa zenbat eta gehiago irabiatu, hainbat eta azkarrago disolbatzen da solutua.