Donostiako Kulturgunea, Hegoaldeko Lore Jokoak eta Euskal Pizkundea: Manterola eta Arrese Beitia

Clasificado en Lengua y literatura

Escrito el en vasco con un tamaño de 2,27 KB

Donostiako Kulturgunea eta Hegoaldeko Lore Jokoak: Jose Manterola

Garrantzitsua izan zen Euskal Herriko Iparraldean Anton Abadiak hasitako kultur mugimenduari Hegoaldean eman zitzaion susperraldia. Artean, euskalduna zen hiri bat, Donostia, eta donostiar bat, Jose Manterola, izan ziren literaturarekin zerikusi handiagoa eduki zuen mugimenduaren sorleku eta gune.

1876. urtean, Bigarren Gerra Karlistaren bukaerarekin batera, euskaldunei Foruak kendu zitzaizkien, eta herri-kontzientzia inoiz baino minduago gelditu zen. Euskal Herriak, bere nortasunak irautekotan, berebiziko ahaleginak egin behar zituela erabaki zuen. Ahalegin hauek euskaldunen ezaugarri bereizgarrienak bultzatzen eta indartzean gauzatu ziren, hizkuntza batik bat, eta Donostia bihurtu zen zeregin horretarako egoitza.

Bertan zen euskal teatroa, bertan izan zuten Iparraldean hasitako Lore Jokoek beren jarraipena, eta hiri horretan hasi zen euskarazko eta euskal kulturazko hainbat lanen argitaratze-prozesu azkarra. Jose Manterola dugu Donostiako kultur giro honen sustatzaile nagusia. Bere lanaren eta ekinaren gauzapenik garrantzitsuenak hiru dira:

  • Cancionero Vasco: Biltze- eta sailkatze-lan oso garrantzitsua, bertsolarien eta poeten lanen antologia bikaina.
  • Euskalerria aldizkaria: Euskal kulturaz irakurlegoa asetzeko xedez sortua, orduko jakitun eta ikerlari behinenen lanez hornitu zen.
  • Donostiako Lore Jokoen antolaketa: Bere gain egon zen, eta, horretarako, haien antolamenduaz arduratuko zen erakunde bat sortu zuen.

Euskal Teatroa ere Donostiako giro honetan piztu zen.

Felipe Arrese Beitia (1841-1906)

Literatur emaitzei dagokienez, Lore Jokoetan eta beste zenbait lehiaketatan maiz saritua izan zen, poemak nabarmenduz.

Bizkaiko Otxandiokoa genuen, eta bere garaian itzelezko ospea eta miresmena lortu zituen. Ez da, hala ere, poeta liriko peto-petoa, baizik eta elederra eta zerbait handizalea adierazpen eta tonuan; handizaletasun hau, ordea, bene-benetakoa zuen, eta orduko egoerak eta Euskal Herriaren lur jotzeak baldintzatzen zuen. Herritar xumea izanda, bihotzetik haratago poesia ontzen jakin zuen.

Bere olerkirik ospetsuenekin liburu bat prestatu zuen: Ama Euskeriaren Liburu Kantaria (1900).

Entradas relacionadas: