EAEko Erliebe Unitate Nagusiak: Euskal Mendiak eta Ebroko Sakonunea
Clasificado en Geología
Escrito el en
vasco con un tamaño de 4,95 KB
Euskal Autonomia Erkidegoko Erliebe Unitate Nagusiak
Euskal Autonomia Erkidegoko erliebea bi unitate nagusik osatzen dute: Euskal Mendiak eta Ebroren Sakonunea.
1. Euskal Mendiak
Pirinioak eta Kantabriar mendikatearen ekialdeko sektorearen artean kokaturik daude. Altuera moderatukoak dira. Gainera, aro sekundario eta tertziarioko formazio sedimentarioz osatuak daude, Orogenesi Alpetarraren ondorioz altxatu eta tolestu zirenak.
Euskal Mendien baitan ondorengo unitateak bereiz daitezke:
1.1. Ur Isurialdeen Banalerroaren Iparraldea
Kostaldeko Mendikateak
Higer lurmuturra eta Zumaia artean altxatzen diren mendiak dira: Jaizkibel (549 m), Ulia, Urgull, Igeldo eta Mendizorrotz. Oraintsuko materiaz osatuak daude, tertziariokoak eta altuera gutxikoak.
Itsasbazter Aurreko Mendikatea
Kostatik urrutiago dauden mendizerrek osatzen dute. Eremu honetan erliebeak leuntasuna galtzen du eta mendiak garaiagoak bihurtzen dira: aldapa nabarmenagoak, desnibel gogorrak eta haran estuak eratzen dira. Ekialdetik Mendebaldera ondoko mendiak azpimarra daitezke:
- Hernio, Uzturre, Pagoeta, Izarraitz eta Arno, Gipuzkoan.
- Bedartzandi eta Ilurtzar, Bizkaian.
Kareharria nagusi denez, karstifikazioa oso fenomeno arrunta da.
Bortzirietako Mendigunea
Gipuzkoa eta Nafarroa artean material paleozoikoz osatutako ohiko mendi egitura altxatzen da, Bortzirietako mendigunea deritzona. Bere tontor garaienak ozta-ozta 1.000 m-ra iristen badira ere, itxura menditsu eta gorabeheratsua du, itsasotik gertu dagoelako eta haran hondoetatik desnibel gogorra dagoelako.
Erdiko Ibaibideetako Mendi eta Haranak
Itsasbazter aurreko mendikatearen eta ibai nagusien sorburuen artean, ibai arteria nagusien erdiko ibilguarekin bat datorren izaera anitzeko unitate litologikoa hedatzen da. Mendi gailurrek ozta-ozta gainditzen dute 1.000 metroko altuera.
1.2. Kantabriar-Mediterranear Uren Banalerroaren Mendikatea
Atlantiko eta Mediterraneo arteko uren banalerroa markatzen duen mendikatea da. Kate hori ekialdetik mendebaldera 100 bat km-an hedatzen diren mendizerrek osatzen dute. Autonomia Erkidegoa ia erditik banatzen dute eta oso ezaugarri desberdineko bi eremu eratzen dituzte, bai ikuspegi fisikotik, bai giza ikuspegitik.
Ekialdetik mendebaldera ondorengo mendiek osatzen dute banalerroa:
- Gipuzkoa eta Nafarroa artean: Aralarko mendizerra (1.400 m)
- Gipuzkoa eta Araba artean:
- Aratz eta Aizkorriko mendizerrak (Aitxuri 1.551 m)
- Urkila eta Elgea mendizerrak
- Bizkaia eta Araba artean:
- Durangaldeko gailurrak
- Gorbeiako mendigunea
- Mendebaldeko muturrean: Gorobel edo Salvada mendizerra
Ingurune honetan kareharrizko litologiak morfologia karstikoa sortzen du.
1.3. Ur Isurialdeen Banalerroaren Hegoaldea
Lautada
Zadorra ibaiak drainatzen duen eta orla menditsuak mugatzen duen haran zabala da (iparraldean, Kantabriar-Mediterranear Uren Banalerroaren mendikatea; hegoaldean, Araba Erdiguneko mendizerrak; mendebaldean, Mendebaldeko mendizerrak). Bere altuera 500-600 m ingurukoa da.
Araba Erdiguneko Mendizerrak
Lautada eta Trebiñoko arroaren artean hedatzen dira eta Arabako herrialdea ia bi zati simetrikotan banatzen dute. Ez dute altuera handirik. Mendebaldera ondorengo mendiak ditugu: Entzia eta Iturrieta mendizerrak, Gasteizko Mendiak eta Tuyo mendizerra.
Mendebaldeko Haran eta Mendizerrak
Hainbat mendizerrek osatutako kareharrizko multzoa da. Arkamo, Arrato, Badaia eta Artzena mendizerrek osatzen dute. Mendizerra horien artean Kuartango, Omecillo eta Gubeako haranak daude, material buztintsu bigunagoan induskatuak.
Trebiñoko Arroa
Haran zabal eta mendiz inguratua. Litologia barietatea duen tertziarioko arro sedimentarioz osatua.
Hego-ekialdeko Haran eta Mendizerrak (Arabar Mendia)
Arabar Mendia deituriko eskualdearekin bat dator. 1.000 m-tik gorako gailurrez osaturiko morfologia zaila duen eremua da. Kodes mendizerraren magalean Santikurutze Kanpezuko sakonunea dago, Arabar Mendiko gunerik zabalenetarikoa.
Toloño-Kantabria-Kodes (Joar) Mendizerra
Araba erdiguneko eskualdeak, trantsizioko klima ozeanikoa dutenak, eta Arabar Errioxakoak, klima mediterraneo kontinentalizatukoak, bereizten ditu. Ekialdetik mendebaldera doan kareharrizko lerrokadura da eta topografikoki jarraikortasun nabarmena du. Palomaren (1.447 m) da gailurrik altuena.
2. Ebroren Sakonunea
Toloño-Kantabria-Kodes (Joar) mendizerraren eta Ebro ibaiaren artean Arabar Errioxako eskualdea hedatzen da. Eskualde hori Ebroren sakonune zabalaren zati txiki bat da. Tertziario eta Kuaternario garaiko materialez osatua (buztinak, hareharriak) eta hegoalderantz, Ebro ibai aldera, malda beherako erliebea duena.