Eboluzioaren Teoriak: Darwinismoa, Mutazionismoa eta Neodarwinismoa

Clasificado en Biología

Escrito el en vasco con un tamaño de 2,48 KB

Darwinismoa (exogenikoa)

1858an, Galapagos uharteetara eta Hego Amerikara bidaiatu ondoren, Charles Darwinek (1809-1882) eta Alfred Russell Wallacek (1823-1913) eboluzioari buruzko beste teoria bat azaldu zuten Londresen. Bidaia hartan egindako behaketak oinarri hartuz sortu zuten teoria berria.

Bizirik irauteko borroka sortzen da espezieen artean, izaki bizidunak ugariagoak baitira baliabideak baino. Eta hautespen naturala da borroka horren ondorioa. Horrela, espezierik gogorrenek egiten dute beti aurrera, ingurunera moldatzeko gaitasunik handiena dutenek. Moldatzeko gai ez direnak hil egiten dira, eta gai direnen ezaugarriak, berriz, ondorengoengana igarotzen dira.

Lamarcken teoria baztertuta geratu zen. Baina Darwinek ez zuen eboluzioaren mekanismoa azaltzerik lortu. Transmititzen dira aldaketa horiek? Herentzia biologikoa? Horri buruzko teoria Gregor Mendelek (1822-1884) landu zuen geroago, ilarrekin hainbat esperimentu egin ondoren.

Mutazionismoa

XIX. mendearen bigarren erdiko eta XX. mendearen hasierako azterketa genetikoek mutazionismoari eman zioten bidea. Eboluzio-prozesua mutazioen araberakoa izaten da.

1901 inguruan, Hugo de Vriesek (1848-1935) bi aldaketa mota bereizi zituen: modifikazioak eta mutazioak. Modifikazioak ingurugiro-aldaketek eragiten dituzte eta ez dira hedatzen. Mutazioak izaki bizidunen geneetan sortutako aldaketak dira eta herentziaz jasotzen ditugu. Mutazioak halabeharrez gertatu ohi dira eta ez dira beti onerako izaten.

Teoria Neodarwinista

Hautespen naturalaren aldekoak eta mutazioaren aurrez aurre, teoria sintetikoa sortu zen. Th. Dobzhanskyk eman zuen teoria sintetikoaren berri, Genetika eta espezieen jatorria lanean (1937).

Teoria sintetikoa lantzeari ekin zitzaion, zoologiako, paleontologiako, botanikako eta biologia molekularreko datuen bidez. Azterlan horietan, bi ildoen oinarriak uztartzea zuten helburu, eboluzio-prozesuaren nondik norakoak argitzen saiatzeko: Darwinen hautespen naturalaren oinarriak eta mutazioaren oinarri genetikoak.

Teoria sintetikoaren arabera, mutazioak izaten dira organismoetan halabeharrez gertatu eta gero heredatu egiten diren aldaketen eragileak. Hautespen naturala eboluzioaren oinarria dugu: baliagarriak ez diren aldaketak desagertu egiten dira, eta hobeto moldatutako izakiek irauten dute bizirik.

Biologiaren ikuspegitik, beraz, espezieen eboluzioa errealitate duda ezina da, baina oraindik ez dago garbi zer mekanismoren bidez gertatzen den.

Entradas relacionadas: