Ekitaldi Jasangarriak eta Planifikazio Estrategikoa
Clasificado en Derecho
Escrito el en
vasco con un tamaño de 4,82 KB
Jasangarritasuna ekitaldietan
Gero eta garrantzia handiagoa du ekitaldi jasangarriak egiteko ikuspegiak. "Jasangarri" hitza eremu eta sektore askotara zabaldu da; askotan errazegi erabiltzen da, esanahia erabat kontuan hartu gabe. Jasangarritasuna ingurumena zaintzea baino kontzeptu zabalagoa da, kontuan hartzen baititu gizarte-garapena eta ekonomia-jarduera ere.
Jasangarritasuna da onartzea baliabide naturalak agortu egingo direla zentzuz ustiatu ezean. Halaber, gizartea garatzeko modua ere bada, bizi-kalitatea, osasuna eta hezkuntza bermatzeko; era berean, bidezko ekonomia-hazkundea bultzatzea ere bada, ingurumenari ahalik eta kalterik txikiena eraginez eta etekinak modu orekatuan banatuz.
Azken finean, gaur egungo beharrak ziurtatu behar dira, baina etorkizuneko belaunaldiak arriskuan jarri gabe. Nazio Batuen Ingurumen Programak honela definitzen du: “Ingurumenari egiten zaizkion kalteak gutxitu eta ekitaldia egiten den lekuko komunitateari ondorio positiboak ekartzen dizkion ekimena”.
Antolatzaileak eta sustatzaileak erabakitzen badute ekitaldian jasangarritasunaren eta kontsumo arduratsuaren irizpideak kontuan hartzea, prozesu guztian zehar, hasieratik bukaeraraino, eutsi behar zaio erabaki horri: ekitaldi-aurrean, ekitaldian bertan eta ekitaldi ondorenean. Beraz, jasangarritasunari dagokionez, antolatzaileak identifikatu eta kudeatu egin behar ditu ekitaldian sortutako eragin positibo nahiz negatiboak; horretarako, oso interesgarria da hainbat alderdiren inguruko sarrera- eta irteera-fluxuen diagrama eta mapa marraztea, eragin positiboak sortu eta negatiboak gutxitzeko.
Hori lortzeko, antolatzaileak jardueren aztarna ekologikoa murriztu behar du, salerosketetan balantze ekonomiko justua ziurtatu, ekitaldia egingo den lekuko komunitateari eta inguruari mesede egin diezaieketen aukerak aprobetxatu eta, praktikaren bidez, parte-hartzaileak sentsibilizatu eta hezi. Edonola ere, ez da ahaztu behar Saretuzek ematen dituen irizpideek ikasteko eta hobetzeko helburua dutela, ez baita erraza alderdi horiek guztiak kontuan hartzea ekitaldia antolatzean.
Gai honekin lotura du harreman publikoen gaian irudi korporatiboari buruz esandakoak: publikoak iritzia osatzen du enpresak esan eta egiten dituen gauzekin, eta bien irizpideek bat etorri behar dute irudia ez kaltetzeko. Jasangarritasunaren gaiarekin ere antzekoa gertatzen da: ekitaldia sustatzen duen enpresak koherentea izan behar du egiten duenarekin, ez bailitzateke zentzuzkoa izango etikoa ez den jarduera ekonomikoa egitea eta, aldi berean, ekitaldi jasangarriak antolatzea.
Esaterako, atentzioa ematen du hainbat familia etxegabetu eta etxeen prezioak garestitu dituen bankuetako batek babestea Euskal Herriko musika-jaialdi ospetsuenetako bat, ekitaldiari enpresaren izena eta guzti jarriz. Gai horrek luzerako eman dezakeenez, aproposa izan daiteke gelan eztabaidan aritzeko.
Diseinuaren eta planifikazioaren funtsezko alderdiak
Antolatzailea eta bezeroa (enpresa sustatzailea) lehenengoz biltzen direnean, bezeroak antolatzaileari azaltzen dizkio ekitaldiaren inguruan dituen ideiak eta asmoak: zein diren helburuak, zein mezu helarazi nahi zaion publikoari, zein xede-talderi zuzenduta dagoen, zein lekutan egin, zenbat diru gastatzeko asmoa duen, zein eragin positibo eta negatibo sor ditzakeen, eta abar.
Antolatzaileak ondo ulertu behar du bezeroaren proiektua, eta briefing-ean jasotzen du, idatziz, bilerako informazioa. Dokumentu laburra baina oso garrantzitsua da, antolatzaileak haren arabera diseinatuko baitu bezeroaren beharretara egokitzen den ekitaldia. Antolatzaileak, azken finean, honako funtsezko alderdi hauek aztertu eta garatu behar ditu ekitaldia diseinatu eta planifikatzean:
Zergatik edo zertarako egin?
Helburuak zehaztu. Sustatzaileak bere buruari galdetu behar dio ea zertarako egin nahi duen ekitaldia. Ekitaldiak egitea oso garestia da, eta baliteke helburu berberak lortzeko modu merkeagoren bat egotea. Helburuak argi izanez gero, errazago hartzen dira gainerako erabakiak; ez da berdina bezero berriak lortzeko egiten den ekitaldia edo bezero leialak saritzekoa. Helburu bat baino gehiago izan ohi dute ekitaldiek.
Zeinentzako egin?
Xede-taldea(k) identifikatu. Definitu egin behar da ekitaldia zein publiko motari zuzenduta dagoen, ezaugarriak aldatu egiten direlako xede-taldearen profilaren arabera: formatua, ekitaldiko programa, sarreren prezioa, dekorazioa eta nola gonbidatu, besteak beste.
Zer egin?
Formatua aukeratu eta programa osatu. Sustatzaileek, oro har, nahiko argi izaten dute zergatik nahi duten jardunaldia egin, eta sarritan ematen dituzte ekitaldirako ideiak ere. Antolatzaileak ideia horiek ahalik eta ondoen irudikatu behar ditu, bezeroei laguntzeko.